viernes, octubre 31, 2008

FRANKISMOKO BIKTIMA AHAZTUAK

Infernuaz hitz egiten du batak. Egoera krudel eta bidegabeaz besteak. Silvia Reyes eta Andres Garcia dira. Beren sexu joeragatik frankismoaren errepresioa jasan zuten bi biktima. Ez dituzte ahazten horren ondorioz espetxean igarotako hilabeteak. Lau haizeetara zabaldu nahi dituzte, gainera, orduko bizipenak. Horren bidez, gertatutakoa salatzeaz gain, mezu garbia bidali nahi diete gazte homosexual eta transexualei. «Ez dezatela beldurrik izan diren bezala azaltzeko. Nahiko sufritu genuen guk ezkutuan ibili behar izateagatik». Sufrimendu hori kontuan hartuta, ezinbestekoa ikusten dute, biktima politikoen antzera, kalte-ordain morala jasotzea. «Alor horretan oraindik asko dago egiteko», iritzi diote biek.
Gehitu Euskal Herriko Gay, Lesbiana eta Transexualen Elkarteak antolatutako jardunaldietako mahai-inguru batean parte hartu zuten atzo biek, Donostian. Han kontatu zituzten beren bizipenak. Reyes Las Palmas Kanaria Handikoan jaioa da, Espainian. Gizon jaio arren, txikitatik sentitu zen emakume. Kosta egin zitzaion, ordea, onartzea. «18 urte bete arte ez nuen serio hartu transexuala nintzela. Soldaduskatik gizonduta itzuliko nintzela uste nuen, eta emakume batekin ezkonduko nintzela». Soldaduska amaitzean, ordea, are garbiagoa zuen emakume sentitzen zela, eta hormonak hartzen hastea erabaki zuen. «Garai hartan oso botika gutxitan saltzen zituzten hormonak. Transexualak ziren lagunei esker jakin nuen non eskuratu», azaldu du Reyesek. Garciaren kasuan, senideei kontatzea izan zen zailena.
Zailtasunak zailtasun, bakoitzak bere bidea egin zuen. Garcia, izatez Aragoikoa (Espainia) izan arren, Donostiako Ser irrati katean topatu zuen lana, esatari gisa. «Bikotekidea ere aurkitu nuen eta elkarrekin bizitzen jarri ginen. Gainera, Donostia beti izan da oso hiri diskretua. Beraz, zoriontsu nintzen». Reyesen kasuan, isilpean izan zuen sentipena zertzen hasi zen.
Garciari telefono dei batek aldatu zion bizimodua. «Polizia batek deitu ninduen, hurrengo egunean Amarako polizia etxean galdera batzuk egin nahi zizkidatela esateko». Hasiera batean, ez joatea pentsatu zuen, eta Donostiatik alde egitea. «Ez nuen, ordea, neukan bizimodua pikutara bidali nahi. Gainera, garbi nuen nik ez nuela ezer txarrik egin. Beraz, joatea erabaki nuen. Inozoegia izan nintzen», uste du. Galdeketa egin eta Martuteneko kartzelan espetxeratu zuten.
Bartzelonara bizitzera joan eta hilabete batzuetara atxilotu zuten Reyes. «Hasieran whiskitegi batean egin nuen lan, baina, bezeroen gonbiten ondorioz, mozkortuta amaitzen nuen eta uztea erabaki nuen. Azkenean, prostituzioan hasi nintzen lanean». Lana amaitu, eta homosexual eta transexualentzako tabernetara joaten zen lagunekin. «Sekulako sarekadak egiten zituzten poliziek, eta maiz atxilotu ninduten».
Biak orduan ohikoak ziren Alferren eta Gaizkileen Epaitegietan epaitu zituzten, eta Arriskugarritasun Sozialaren Legea aplikatu zieten. «Biziotsuak ginela esaten zuten, eta gaixorik geundela», gogoratu du Reyesek. Garciarentzat, sekula ez da egon hura bezain lege «bidegabe eta krudelagorik».
Reyesek sei hilabete egin zituen kartzelan. Bartzelonan, Madrilen eta Badajozen egon zen espetxeratua. Garcia, berriz, hilabete eta erdi. Kartzelan jasan zuten tratua oso desberdina izan zen. «Guk zortea izan genuen, tratua ona izan baitzen», dio Garciak. Reyesek «infernua» bizi izan zuela dio. «Iraintzen eta jipoitzen gintuzten. Behin bakarrik eramaten gintuzten egunean komunera. Jateko, berriz, ogitarteko bat baino ez ziguten ematen».
Biek izan zuten egoera hura gainditu eta beste bizimodu bati ekiteko indarra. Hori bai, erbestean izan zen. Reyes Alemanian eta Frantzian ibili zen, homosexualentzako diskoteketan ikuskizunak eskaintzen. Garcia Suediara joan zen bizitzera. Kemenik ez zuten izan, ordea, senideei espetxean egon zirela aitortzeko. Lotsa ematen ziela diote.
Egungo egoera
Garai hartan, ez batak eta ez besteak ez zuten espero egun dituzten eskubideak izatea. «Niretzat ametsa izan da 38 urtez nire bikotekidea izan denarekin ezkontzea. Ukatuak nituen eskubideak lortu ditut», dio Garciak. Dena den, egiteko oraindik ere asko dagoela aldarrikatzen du Reyesek. «Legea aldatu da, baina gizartea ez da sekula aldatuko. Guk oraindik ere zailtasun handiak ditugu, adibidez, lana topatzeko».
Oso iritzi kontrajarriak dituzte Espainiako Gobernuak frankismoaren biktima izateagatik eman nahi dien kalte-ordainen inguruan. «Nik ez dut kalte-ordainik nahi. Orduko gizarteak betiko zigortu gintuen, eta bizitza apurtu. Dirutza emanda ere, ez dute konponduko egin zigutena», dio Reyesek. Garciak, haatik, ezinbestekoa ikusten du kalte-ordain ekonomiko hori. «Kartzelatik irtetean asko oso egoera ekonomiko prekarioan geratu ziren eta, eta diru hori merezi dute».
(Berria. 08 / 10 / 31)