martes, octubre 21, 2008

FISKALTZAK GERRAKO ETA FRANKISMOKO DESAGERTUTAKOEN AUZIA HERRIALDEETAKO EPAITEGIEK IKERTZEA NAHI DU, EZ GARZONEK

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 1936tik 1952ra gerran eta frankismoaren zapalkuntzan desagertutakoen auzia ikertuko duela-eta, Espainiako Fiskaltzak horren aurkako apelazio helegitea sartu du gaur, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoan.

Fiskaltzaren arabera, halako “krimenak“ ikertzeko eskumena dutenak Espainiako Estatuko herrialde bakoitzeko epaitegiak dira eta ez Auzitegi Nazionala. Fiskaltzak dio biktimen eskubideak babesten dituela Memoria Historikoaren Legeak, eta bide horretatik segitu behar dela haien eskubideen alde.

Javier Zaragoza Audientzia Nazionaleko fiskalburuak bere helegitean epaitegi horretako Zigor Aretoko osoko batzarrari Garzonen autoa “lehen bai lehen bertan behera uzteko“ eskatu dio. Bere ustez, Garzonek interpretazio “pertsonala“ egin du Audientzia Nazionalaren eskumena dela dionean. “Atxiloketa ilegala delitua ikusi du Garzonek, baina argi eta garbi dago pertsona horiek exekutatuak izan zirela. Ondorioz, hilketa delitua da eta delitu hori aspaldi geratu zen baliogabe“, azaldu du Zaragozak 41 orrialdeko idatzian.

Gainera,Fiskaltzaren arabera, “1977ko Amnistia Legeak ere hilketa horiek baliogabe utzi“ zituen eta “zentzugabekeria juridiko“ izango litzatekeela lege hori eztabaidatzea. Hala ere, biktimen oroipena eta duintasuna berreskuratzea “bidezkoa“ dela uste du Fiskaltzak, baina Memoria Historikoaren Legeak “injustizia historiko“ horren biktimei “aitorpena“ egin diela.Hego Euskal Herrian desagertutako 13.000 bat pertsona aipatu ditu Garzonek autoan. Euzkadi atalaren azpian 9.459 aipatu ditu tartean, Eusko Jaurlaritzak emandako 8.650ak eta Nafarroan 3.431. Horiekin batera, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan desagertutako beste 100.000 bat lagunen kasua aztertuko du epaileak. Garzonek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu desagertze horiek eta Francoren erregimeneko 35 goi kargu -besteak beste Francisco Franco diktadorea- arduraduntzat jo ditu.

Auzitegi Nazionaleko epaileak indusketak egiteko agindu du 19 hobitan, besteak beste, Ezkaba mendiko gotorlekuan (Antsoain-Nafarroa).

(Berria. 08 / 10 / 21)