jueves, octubre 30, 2008

FRANCOREN ALKATETZAK


Garai hartako prentsan caudillo invicto, buruzagi garaiezin, esaten zitzaion; eta hala jarraitzen du, itxuraz garaiezin, hainbat udal eta instituziotan. Hilabete eskas barru, azaroaren 20an, 33 urte egingo du hil zenetik, baina oraindik Gipuzkoako udaletxe gehienetan ohorezko alkate izaten jarraitzen du Francisco Franco Bahamondek. Datu bilketa xeheak falta badira ere, Hego Euskal Herriko udal gehienek seme kutun izendatu zuten. Salbuespenak urri izango dira, halakorik baldin bada. Hiriburuek, gainera, urrezko dominak eman zizkioten. Foru aldundiek ere behin baino gehiagotan omendu zuten. Arabakoak, esaterako, herrialdeko aita izendatu zuen, baita ohorezko ahaldun nagusi ere. Hori nahikoa ez eta urrezko domina sortu zuen, berariaz, berarentzat.

Francori soilik ez, diktadurako eta 1936ko gerrako «heroi» frankistei ere eskaini zizkieten ohoreak: kaleak, izendapenak, monumentuak... Francoren emazte Carmen Polori ere aitortu zizkioten. Esaterako, 1955ean Corellako (Nafarroa) ohorezko alkate izendatu zuten Polo.

Diktadurak luze jo zuen, 36 urte; eta aldian-aldian, halako ekitaldiak antolatzen zituzten instituzioek, Francori eta frankismoari «esker ona» adierazteko. Gerra piztu zuen Emilio Mola Vidal militarra Gasteizko seme kutun izendatu zuen Gasteizko Udalak. Jose Maria Escriva de Balaguer, Opusen sortzailea, Iruñeko seme kutuna da 1960az geroztik. Adibideak baino ez dira. Ehunka izendapen eta sari banatu ziren garaipenaren mozkorraldian.

Gipuzkoan, alkate

Han-hemenka, seme kutun izendatzeaz gainera, udalek eman ditzaketen kargurik garaienak, ohorezko alkatearenak, eman zizkieten frankismoko ordezkariei. Beste herrialdeetan oraindik ez da frogatzerik izan, baina Gipuzkoako udalek aldi berean izendatu zuten Franco ohorezko alkate, 1949an. Urte hartako abuztuaren 24ko La Voz de España egunkariaren azalean agertzen da albistea.

Zenbait udaletan izendapen horiek ezeztatu egin dituzte azken urteotan, baina askok ez daki, oraindik, buruzagi garaiezina bere herriko alkate denik, edo izan zenik. Eta hori azaleratu da, aurreko astean, Eibarren eta Debagoieneko hainbat herritan, Gipuzkoan. Debagoieneko fusilatuen senitartekoen eta lagunen batzordeak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak urriaren 21ean jakinarazi zuten Franco oraindik ere ohorezko alkate dela Arrasaten eta Aretxabaletan. Geroztik, Eskoriatzan, Oñatin eta Elgetan ere diktadorea ohorezko alkate dela egiaztatu dute.

Intxorta 1937 taldeko Juan Ramon Garairentzat «gehiegizkoa» izan zen Arrasateko agiriaren aurkikuntza: «Inor ez konturatzea ere... Baina sekula ez da berandu eta, gainera, orain dagoen giroarekin, horrelako gauzak behar direla uste dugu». Gipuzkoa osoko kontua ote zen susmoa hartu zioten, eta hala izan zela ematen du. Albistea jakin eta egun gutxira, Francori Eibarko ohorezko alkatetza kentzeko eskatu zuen Ezker Batuak (EB). Izendapena kentzeko «ez da batere arazorik izango», Miguel De los Toyos alkatearen esanetan.

Arrasaten, ezohiko batzarra

Arrasateko Udalak ere izendapena kentzeko asmoa du. Bozeramaileen Batzordea atzo bildu zen, eta osoko bilkura ezohikoa iragarri du datorren ostegunerako. Inocencia Galparsoro alkatearen esanetan, ez da arazorik izango izendapena kentzeko: «Okerrena da oraindik egiazko alkate izatea hainbat udaletan». Debagoienean bertan, Bergaran, 2003ko maiatzaren 23an kendu zioten Francori ohorezko alkate kargua. Aurrez, Usurbilgo eta Zumarragako (Gipuzkoa) udalek ere hartu zuten erabakia.

Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) 2000ko azaroaren 30ean kendu zion izendapena Francori. Irailean hasi zirela gogoratu du Hernaniko Udaleko artxibozain Jesus Mari Gomezek: «Errepublika garaian Hernaniko zinegotzi ziren bi lagunen hezurrak agertu ziren Zaldibian (Gipuzkoa); txosten bat eman ziguten, lantzeko, eta harekin hasi ginen lanean». Txostena Gomezek landu zuen, eta Franco ohorezko alkate izendatu zuen agiria ere berak aurkitu zuen. «Sorpresa handia izan zen; hainbeste urtean isilpean egon den kontua izan da». Hari horri tiraka, Beterriko (Gipuzkoa) Aiurri aldizkariak argitaratu zuen artikulua, 2001eko otsailaren 9ko alean: Francok ohorezko alkatetza zeukan eskualde guztian. Andoaingo Udalak urte hartako otsailean eta Zizurkilgoak martxoan kendu zioten kargua Francori, albistea jakin eta berehala. Albistea zabaldu ahala, udalek izendapena bertan behera utzi dute -Azkoitian eta Beasainen (Gipuzkoa) 2006an kendu zioten izendapena-, baina tokiko arazoa balitz moduan agertu eta desagertu da eztabaida.

Hiriburuetan ere, alkate

Nabarmenagoa izan da arazoa hiriburuetan. Franco seme kutun izendatu zuen lehen hirietakoa izan zen Gasteiz. 1936ko urriaren 7an hartu zuen erabakia. Izendapena kendu zion lehenetakoa ere izan zen. 2000ko urriaren 10ean bildu zen Udaleko osoko bilkura, gaia eztabaidatzera. Euskal Herritarrok taldeak beste zenbait eskaera ere egin zituen: frankismoan egindako izendapenak aztertzeko lan taldea sortzea, zenbait kaleri izena aldatzea eta Arabako Foru Aldundiak emandako izendapenak kentzeko eskaera egitea. PSE-EE, PP eta Unidad Alavesa alderdien ezezko botoekin eta abstentzioekin, bertan behera gelditu ziren proposamen haiek.

Bilbok ere sariz bete zuen Francoren paparra: 1938ko otsailaren 5ean urrezko domina eman zioten, eta 24 urte geroago, 1962ko maiatzaren 12an, urrezko domina berezia. Horrez gain, setiatu zuen hiriburuko ohorezko alkate izendatu zuten 1938ko ekainaren 15ean. Gernika bonbardatuak ere seme kutuntzat eduki izan du diktadorea, orain urte gutxi arte.

Donostiako kasua berezia da: behin nahikoa ez, eta bitan kendu dizkiote izendapenak Francori. 2002ko azaroaren 29an EAk eta EAJk mozioa aurkeztu zuten, Francori emandako urrezko domina kentzeko eskatuz. Adostu egin zen eskaera hura, baina, egun gutxira, Sozialista Abertzaleak taldeak prentsaurrekoa eman zuen, 1993an dagoeneko kendu zitzaiola gogorarazteko.

Francoren eta haren sokakoen izendapenek eztabaida sortzen jarraitzen dute. Iaz, martxoaren 15ean, Iruñeko Udalak seme kutun izendapena kendu zion Francori; UPN abstenitu egin zen. Erabaki hari segika, Lizarra, Tafalla, Agoitz, Miranda Arga eta Tuteran (Nafarroa) ere seme kutun izendapena kendu zioten diktadoreari. Eztabaidak korapilo asko ditu oraindik, hala ere: Iruñeko Udalak 18 seme kutun izendatu ditu gaurko egunera arte; haietatik asko frankistak edo faxistak izan ziren, Primo de Rivera diktadorea, edo Ildebrando Antoniutti kardinala, tarteko.


Aretxabaletak eta Arrasatek 1949an onartutako agiriak
Aretxabaletako eta Arrasateko (Gipuzkoa) udalek ohorezko alkate izendatu zuten Franco, «atxikimendu leial eta apurtezina» adierazteko, eta «begia Erregeen artean Errege den Jainkoa xede hartuta, Estatuaren Itsasontzia esku tinko eta ziurrez gidatzen duen horri esker on sakona» adierazteko. «On eta saindu den guztia ukatuz, eta materiazko eta zital den guztia goraipatuz, gu anabasan eta etsipenean murgilarazteko, gure Erlijioaren eta gure Aberriaren etsai guztiak askatu zirela zirudienean, gizonak handi egiten dituen egiazko fedearekin eta berdintzeko zail den abertzaletasunarekin, [Francok] gure Aberri maitea salbatu zuen, Askapenaren Gurutzada odoltsu baina loriosean».

(Berria. 08 / 10 / 30)