domingo, marzo 20, 2011

ARRASTOA EZ DA DESAGERTU

Hilketaren berri jakin zenean, Poliziak azkar ukatu zuen horren atzean zio politikorik egon zitekeela. Egun gutxira, Italiako eskuin muturreko webgune batean hitz hauekin jaso zuten gertaera: «Sergio Calore salatzailea hil da». Bere etxean, lepoa moztuta aurkitu zuten Calore, iazko urrian. Gertaera ez da oraindik argitu.

Biktima Italiako Justiziaren lekuko babestua zen, segurtasun neurri handiekin eta identitate faltsu batekin bizi zen. 60ko hamarkadan Italia ezegonkortzen saiatu ziren eskuin muturreko taldeekin harreman zuzena izan zuen. Egindakoaz damutu, eta 90eko hamarkadan justiziarekin kolaboratzen hasi zen Calore, eta haren eta beste batzuen deklarazioetan oinarrituta, epaileek hainbat ikerketa abiarazi zituzten. Horietako batek Euskal Herriarekin zeukan lotura, Italiako neofaxistek ETAren errefuxiatuen aurka Ipar Euskal Herrian egindako atentatuekin hain zuzen ere.

Espainiako Justiziak ez zuen arreta berezirik jarri sumario horretan, eta ez zuen Italiako Justiziarekin kolaboratu, harik eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA pm-ko kidea desagertu eta 30 urtera ekoitzitako dokumental batek ahazturatik berreskuratu zuenera arte.

2007ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Angel Amigok Deabru guztien urtea. Film hartan azaleratu zen Italiako neofaxistek, Espainiako zerbitzu sekretuekin elkarlanean, Pertur bahitu izan zezaketen hipotesia. Perturren familiak ez zuen begi onez hartu dokumentala —uste baitu ETAk bahitu eta hil zuela Pertur—, baina, hortik abiatuta, hipotesi hori ikertzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta halaxe egin zuen Fernando Andreu epaileak.

Ikerketa hark Italiaraino eraman zuen Andreu, hiru laguni deklarazioa hartzera. Sergio Calore eta mugimendu neofaxistan kide izan zuen Angelo Izzo izan ziren lehenak. Calorek azaldu zuen garai hartan etxe bat zutela Bartzelona inguruetan ETAko kideen bahiketak prestatzeko, bahituak torturatzeko eta desagerrarazteko. Izzok, berriz, epaileari esan zion garai hartan Italiako neofaxisten buruetako batek, Luigi Concutellik, ETAko kide baten bahiketaren berri eman ziola. Hark kontatu zionez, 70eko hamarkadan ETAko kide bat bahitu, narkotizatu eta Espainiako Informazio Zerbitzuen eskuetan utzi zuen. Etakide hura Pertur izan daiteke, 1977ko otsailean Concutelli atxilotu zutenean ordura arte desagertutako ETAko kide bakarra Pertur zelako —1976ko uztailaren 23an desagertu zen—. Izzok emandako haritik tiraka, Concutelliri deklarazioa hartu zion Andreuk. Baina haren deklarazioak ez zuen ezer argitu, ez zela ezertaz gogoratzen esan omen zion.

Epaileak Italian zehar eginiko ibilbideak, baina, utzi du arrastorik. Eta Angel Amigok hipotesi hori dokumentatzen jarraitzen du. Hala, Sergio Caloreren hilketatik abiatuz, beste film bat ekoitzi du —Calore kasua—, Perturren desagertzean eta Italiako neofaxistek 70eko hamarkadan hainbat herrialdetako zerbitzu sekretuekin izaniko harremanean sakonduz. Era berean, Pertur desagertu zenean argitu gabe geratu ziren hainbat gertaera uzten ditu agerian.

Ia 35 urte pasatu dira. Eta Amigok badaki desagertzeak argitzeko aurreneko 24 orduak direla garrantzitsuenak. Orainean, baina, iraganaren arrastoak mantentzen dira. Calore lekuko.

Zerbitzu sekretuetako orduko buruari deklarazioa hartzeko eskatu dute

Perturren familiaren abokatuek Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileari eskatu diote deklarazioa hartzeko Pertur desagertu zen garaian SECED Espainiako zerbitzu sekretuetako buru izandako Angel Ugarteri eta Gipuzkoako gobernadore zibil izandako Emilioi Rodriguez Romani —desagertzearen hurrengo egunean Mugimenduaren buruzagi probintzial izendatu zuten Rodriguez Roman—. Auzitegian aurkeztutako idazkian, abokatuek diote argitu gabe dauden hainbat gertaera argitzeko lagungarriak izan daitezkeela bi pertsona horien deklarazioak. Idazki horretan, prozeduran aztertu ez diren hainbat gertaera ikertzeko eskatu dute abokatuek —hurrengo orrian daude laburtuta—.


Argitu gabe dauden zenbait gertaera

Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren familiak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileari eskatu dio desagertzearen garaian izandako zenbait gertaera ikertzeko, auziarekin, eta, bereziki, Espainiako zerbitzu sekretuek Italiako neofaxistekin izan zezaketen lotura zehazteko baliagarriak izan daitezkeelakoan:

Iragarritako ofentsiba. Pertur desagertu baino 24 egun lehenago La Voz de España egunkari frankistak zabaldu zuen egun horietan ETAren bi adarretako buruzagien aurkako «ofentsiba» bat prestatzen ari zirela pertsona batzuk eta ekintza horiek egiteagatik dirua jasoko zutela. «Hamar milioi hiltzaileak hiltzeko» zioen tituluak, eta ETAren buruzagien zerrenda bat zekarren. Horien artean, Pertur azaltzen zen, ETA pm-ko zuzendaritzako kide gisa. Pertur desagertu eta bi hilabete inguru geroago, desagertzea ETA barruko «kontu garbiketa» batekin lotzen zuen hipotesia zabaltzen hasi zen aurreko albistea idatzi zuen kazetari bera.

Amaren atxiloketa. Pertur desagertu baino lau hilabete lehenago, Perturren ama Marta Bergaretxe Ituarte atxilotu zuen Espainiako Poliziak Biriatuko mugan. Legez kanpoko atxiloketa izan zen, polizia etxean eduki beharrean, Lopez Maturana Irungo poliziaburuaren etxean eduki baitzuten hiru egunez. Atxiloketa horri buruzko azalpenik ez diote eman Bergaretxeri, ez orduan ezta ondoren ere.


Muga pasatzeko debekua. Pertur desagertu eta ondorengo egunean, muga zeharkatzea debekatu zieten haren gurasoei. Semea non egon zitekeen jakiteko asmoz egin nahi zuten bidaia Donibane Lohizunera, baina Biriatuko mugan Poliziak gelditu zituen. «Bahiketaren» berri bazutela adierazi zieten poliziek gurasoei, desagertzeari buruzko salaketarik ez bazegoen ere. Gertaera hori buruz irekitako espediente informatiboan jasotzen denez, muga zeharkatzea debekatu zieten gurasoei, poliziek «ardura handiz» jokatzeko agindua zutelako. Handik egun gutxira, muga zeharkatzeko aukera izan zuen Perturren amak, eta guardia zibil batek hari esan zion «esku beltz bat» zegoela guztiaren atzean.

Trukerako proposamena. Pertur desagertu eta bost egun geroago Unidad egunkari frankistak, Radio Nacional de Españak zabaldutako informazio batzuei jarraituz, aditzera eman zuen eskuin muturreko talde batek «elkar ulertze» batera iritsi nahi zuela ETArekin. «Ezer berririk ez Perturren inguruan», zioen tituluak; eta hau azpitituluak: «Bahitutako bi poliziak etarraren trukean?». Kontua da Pertur desagertu baino bi hilabete inguru lehenago Espainiako bi polizia desagertu zirela Hendaian.
Hala ere, egunkari horren informazioaren atzean aurrekari bat zegoen; Pertur desagertu baino lehenagoko gertaera batekin lotura zuena, Perturren amaren legez kanpoko atxiloketarekin, hain zuzen ere. Frantziako Justiziak dokumentatu duenez, Irungo poliziaburuak Bergaretxe bahitua zeukan bitartean, Irungo polizia etxetik bidalitako gutun bat eman zieten bi jendarmek Pierre Larzabal Sokoako apaizari eta Jakes Abeberri abokatuari. Desagertutako poliziak azaltzen baziren Bergaretxe aske utziko zutela zioen gutunak. Frantziako Poliziak hori jakin zuenean, bi jendarmeei galdeketa egin zien, eta haiek aitortu zuten kontu hori asmatua zela. Espainiako poliziekin harremana ohikoa zela nabarmendu zuten jendarmeek.


Zerbitzu sekretuak. Angel Ugarte Espainiako zerbitzu sekretuetako (SECED) buru zen Pertur desagertu zenean; Espía en el País Vasco elkarrizketa liburuan dio bere ustez ETAk bahitu eta hil zuela Pertur. Hala ere, hainbat kontraesan uzten ditu agerian. Batetik, dio Perturrek rol garrantzitsua jokatzen zuela orduko ETAren bi adarretan. Desagertu izan ez balitz ETAren «ideologo-antolatzailea» izango zela ziurtatzen du. Abokatuei harrigarri egiten zaie, hori hala izanik, Pertur desagertu zenean Espainiaren segurtasunaren arduradunek gertaera ez ikertzea. Era berean, Pertur ETAren buruzagietako bat bazen, familiaren abokatuentzat ez litzateke arraroa izango Espainiako Poliziaren zerbitzuekin harremana zuten mertzenario taldeen jo puntuan egotea Pertur.
Liburu horretan ere, Ugartek dio garai hartan ETA m-ko bi kiderekin hitz egin zuela. «Perturren desagertzeari buruz hitz egin genuen, uste bainuen su-eten bat lortzeko egiten ari ginen saioetan gakoetako bat zela». Ugartek dio elkarrizketa horretan ETA m-ko kideek ukatu egin zutela euren parte hartzea. Hala ere, «gako» hitza erabilita Ugartek aitortzen du desagertzea su-eten bat lortzeko erabili zuela. Zer zekien, beraz?

(Berria. 2011 / 03 / 20)