Espainiako gerrako atzeragoardietan eta guda oinetan hartutako irudiek osatzen dute erakusketa. Izan ere, Chimek atzeragoardiako eguneko bizitza erretratatu zuen, Taro eta Capa gerra oinetan aritu ziren gehiago. Orduko manifestazio, desfile eta ospitaleetako irudiekin batera, arrantzale eta baserritarren irudiak ikus daitezke. Horietako batzuk orduko nazioarteko aldizkarietan argitaratu zituzten, baina gehienak aurretik ikusi gabeak dira. Ikusi gabekoak ziren, besteak beste, Dolores Ibarruri Pasionaria eta Jose Antonio Agirre politikarien erretratuak eta Federico Garcia Lorca, Rafael Alberti, Maria Teresa Leon, Ernest Hemingway eta Andre Malraux idazleen irudiak.
Gerra testuingurua aztergai
Guztira, 5.500 argazki inguruk osatzen dute berreskuratutako bilduma, eta erakusketarako hautaketa bategim dute. 70 inguru bildu dituzte, eta horietako 50 garai hartako kopiak dira. Horiekin batera, zenbait serieren kontaktu orri modernoak handitu dituzte, eta bideo bi eta hainbat material dokumental jarri dute ikusgai. Beste batzuen artean, Regards eta Life aldizkarietako gerra garaiko aleak, Caparen prentsa karneta eta bestelako dokumentuak ikus daitezke. Fred Steinek Tarori egindako hainbat erretratu ere badira erakusketan. Stein argazkilarien laguna zen, eta garai hartan ospe handia zuen beren erretratuengatik. Cynthia Young erakusketaren komisarioak azaldu duenez, hautaketa zabala egin dute, irudiek islatzen duten gerra testuinguruak ulertzeko moduan azaltzeko eta ikusleek argazkilarien lan prozesua hobeto ulertzeko. Hori dela eta, ez dituzte irudi onenak hartu bakarrik, baizik eta aukeraketa zabalago bat egin dute.
Materiala galdutzat zeukaten, harik eta kutxak 1995ean Mexikon agertu ziren arte. Gerra garaian Espainian ibilitako Mexikoko diplomazialari baten senide batek topatu zituen. 2007an New Yorkeko International Center of Photographyra heldu ziren Capak, Chimek eta Tarok guda oinetan eta atzeragoardian bildumatutako argazkien negatiboekin. Kartoizko hiru kutxatan 165 argazki film eta 2.500 argazki inguru topatu zituen. Izugarrizko balio dokumentala dute argazkiek; izan ere, errepublikanoen orduko egoera erakusten baitute.
«Hiru argazkilariak, gerraren lekuko izateaz gain, beraien irudiekin alde errepublikanoari laguntzera etorri ziren», Youngek azaldu duenez. Beren garaiko argazkilari handien artekoak izan ziren hirurak. Parisen bizi eta Espainiako gerran lan egin zuten. Beren argazkiekin errepublikaren aldeko lekukotasuna eman zuten nazioarteko aldizkarien bidez. Hil arte, gerra inguruetan eman zuten bizitza hirurek. Espainiako gerran hil zen Taro, errepublikanoen tanke batek harrapatuta; Capa, Indotxinan, eta Chim, Suezen (Egipto).
Alemaniarrek 1939an Paris okupatu zutenean galdu ziren Maleta mexikarra erakusketako argazkiak. Robert Capak alde egin behar izan zuen handik, eta Tchiki Weiss argazkilariari eman zizkion Gerda Tarok, David Seymour Chim-ek eta Capak berak Espainiako gerran hartutako irudien negatiboak, kartoizko hiru kutxatan sartuta. Weissek Paristik Bordelerainoko bidea bizikletaz egin zuen, negatibo kutxak motxilan, Mexikora bidaltzeko asmoz. Arriskutsua zen Espainiako errepublikaren aldeko argazkiekin bidaiatzea, okupatutako lurraldeetan atxilotu baitzezaketen. Beldurra zela eta, Weissek ez zuen gogoratzen kutxa nori eman zion gordetzeko. Argazkiak desagerturik egon ziren, 1995a arte; Mexikon agertu ziren.
(Berria. 2012 / 02 / 28)