martes, marzo 20, 2012

ANTON FERNANDEZI EZ DIOTE ORAINDIK FRANKISMOAREN BIKTIMA IZAERA AITORTU

1969ko urriaren 28ko gauean Francoren poliziaren bala batek Anton Fernandez altzagarraren burua jo zuen, garai horietan erandioztarrak itotzen ari zen kutsaduraren kontrako protestetako bati etxeko balkoitik begira ari zela. 15 egunez koman egon ostean, ospitalean hil zen. 29an, goizez, 2.500 langile baino gehiago kalera irten ziren protesta egiten jarraitzeko asmoz. Orduan 31 urte zeuzkan Josu Murueta astrabuduarra sabelaldean tiro bat hartuta hil zen, gau horretan bertan. 43 urte luze igaro dira jada eta, Muruetari ez bezala, Fernandezi ez diote oraindik frankismoaren biktima izaera zein dagozkion eskubide guztiak aitortu, joan den ostiralean bere senideek adierazi zutenez. Dozenaka herritarrekin batera, Altzagako Obieta kaleko 8. zenbakian bildu ziren eguerdian, familiarrak eta Joseba Goikouria alkatea, bi erandioztarren oroimenezko plaka berriak inauguratzeko ekitaldian. Horiek "ahalik eta lasterren konpontzeko" erabakia 2009ko azaroan hartu zuen Erandioko Udalbatzak. Argazkian, besteak beste, Joseba Goikouria alkatearekin batera izan ziren Kontxi Fernandez Antonen alaba eta Maria Pilar Arenaza Josuren alarguna; azken hori Josune eta Idoia alabekin.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak 2010eko ekainean eman zuen Oroitzapen Historikoaren Legea aplikatzeko ebaluazio batzordeak hartutako erabakiaren berri. Martxelo Alvarezek "surrealista bezain lotsagarriak" jo zuen ebazpena. Salatu zuenez, "poliziek tiroz hil zutenean, manifestazioan egon beharrean, balkoitik begira zegoela" erabili zuten argudiotzat, Anton Fernandezi frankismoaren biktima izaera ukatzeko. Aurretik ere egin bezala, hilabete horretako osoko bilkuran altzagarrari frankismoaren biktima izaera aitortzea exijitu zuen Erandioko Udalbatzak; Ahaztuak 1936-1977 elkarteak sustatutako mozio bati jarraiki. Ostiralean ere horixe bera eskatu zuten Murueta eta Fernandezen herrikideek.

http://www.flickr.com//photos/www_ukberri_net/sets/72157629260714948/show/

(UKberri.net / 2012 / 03 / 20)