Herritarrek euren etorkizunaren inguruan duten erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egingo dute Gernika-Lumon apirilaren 19an hasi eta hilaren 26ra arte egingo dituzten hainbat ekitalditan. Orain dela 75 urte Bizkaiko herriaren gainetik hegan egin zuten hegazkinek «Euskal Herriaren ukazioa bermatzea zuten helburu», eta gatazka politikoaren muinak oraindik irtenbide gabe jarraitzen duela gogorarazi du kolektiboak. Urteurren ekitaldiek ideia hori izango dute gogoan, eta Askatasuna, bakea... Autodeterminazioa lelopean egingo dituzte.
Atzera, eta aurrera begira
Oroimena gogora ekartzeko unean, atzera begirako ekitaldiak egingo dira, baina baita etorkizunera begirakoak ere. Bien arteko oreka horretan antolatu dute Hemen Gaude izeneko ekitaldia. 1937ko bonbardaketen ondoren, «ez zuten espero herriak berriro eraikiko genituenik, baina gaur autodeterminaziotik gero eta hurbilago gaude». Ideia horri helduta egingo dute ekitaldia, «oztopo guztien gainetik hemen gaudela esateko», Sabin Ibazeta Gernika 1937-2012 elkarteko bozeramailearen hitzetan.
Eztabaidarako tartea ere egongo da, ordea. Atzera eta aurrera begirako orekaren artean horiek ere. Bonbardaketaren inguruan hainbat hitzaldi eskainiko dira, eta, horien artean, Emakumeak Bilboko bonbardaketan DVDa aurkeztuko dute. Nolanahi ere, etorkizunean begi-puntua jarritako mahai inguruek garrantzi azpimarragarria izango dute. Esaterako, Jim Matter Eskoziako ekonomia ministro ohiak Gure etorkizuna, burujabetza ekonomikoa izeneko hitzaldia eskainiko du apirilaren 23an.
Nazioartetik iritsitako testigantza gehiago ere bilduko dituzte. Kurdistango Dersim hiriak ere aurten zibilen aurkako bonbardaketaren 75. urteurrena oroituko du, eta Gernika-Lumok ere gogora ekarri nahi izan du gertakari hori. Edibe Sahin bertako alkatea bertan izango da hilaren 22an, herri kurduaren ahotsa helarazteko. «Euren hizkuntza ezin hitz egitea zer den badakite, eta, Gernikan bezala, kultura hilobiratu nahi izan dute», Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko kidearen esanetan. Horregatik pentsatu dute aukera polita izan zitekeela bertako ordezkariei hona etortzeko gonbita egitea, «eta bertan izango dira».
Horretaz gain, indarrak batzeko oinarriak ere jarriko dituzte Gernika-Lumon. Era horretan, estaturik gabeko nazioen sarearen aurkezpena egingo dute hilaren 25ean.
Beste Gernikak, literaturan
Baina 75. urteurreneko oroimen ekitaldiek ez dute bakarrik edukiko politika ardatz. Kulturaren bidetik ere landuko baitute Gernikako bonbardaketa, eta «beste Gernikak». Euskal PEN Klubeko kideek, esaterako, nazioartera ere jo dute. Mundu mailako beste idazle klubetako idazleei historian zehar nazioartean gertatutako bonbardaketen inguruko poemak idazteko eskatu diete, eta bildutako lan horien irakurraldi bat egingo dute apirilaren 22an.
Errezitaldi horretaz gain, liburuxka bat ere argitaratuko du Literatura Eskolak. Herioen hegala izeneko lana argitaratu du Iñigo Aranbarrik, munduko beste bonbardaketen inguruan hainbat idazlek idatzitako testuak euskarara ekarrita. «Bonbardaketa gehiago ere gertatu dira herritar zibilen aurka, eta horiek idazleen ahotik ekarri nahi izan ditugu», Gotzon Barandiaran Literatura Eskolako kidearen esanetan. Testu horiek eskoletara bideratuko dituzte, haurrek «Gernika gehiago egon zirela jakin dezaten».
APIRILAK 19
• 11:00. Herriko margolanaren hasiera.
• 12:00. 'Gernika margolanetan 1512-2012' erakusketa.
• 19:30. Mahai ingurua Patxi Abasolorekin. Euskal Herria, aro modernoaren hasieran.
APIRILAK 20
• Goizean. Bonbardaketaren inguruko kontaketa didaktikoa. Euskal PEN klubaren irakurketa musikatua mundu osotik jasotako poemekin.
• 18:00. Mahai ingurua Iñaki Egaña eta Iñaki Goioganarekin. Gernikako bonbardaketa: historia, oroimena, eztabaida.
• 19:00. Zine kluba eta Oldarra dantza taldearen emanaldia.
• 20:00. Zeruari kea dario emanaldia.
• 21:00. Bonbardaketa gaztetxean.
APIRILAK 21
• Goizean. Gernika bizi ibilaldi historiko eta sinbolikoa.
• 11:30. Herri kirolak.
• 12:00. Kale animazioa.
• 13:00. Koadroaren amaiera.
• 13:30. Lipdub erraldoia.
• 14:45. Herri bazkaria.
• 17:45. Elektrotxarangarekin kalejira frontoira.
• 18:00. Hemen gaude ekitaldia.
• 20:00. Kontzertuak: Sarkor, erromeria...
APIRILAK 22
• 13:00. Gernika eta Gernikak oroimenean ekitaldia.
• 17:00. Bertso-trama.
APIRILAK 23
• 19:00. Mahai ingurua Jim Matter-ekin. Gure etorkizuna, burujabetza ekonomikoa.
APIRILAK 24
• 18:00. Emakumeak Bilboko bonbardaketan DVD aurkezpena eta mahai ingurua.
• 19:30. Kukai-Ttanttaka 1937
APIRILAK 25
• 19:00. Estaturik gabeko Nazioen Sarearen aurkezpena.
• 19:00. Mahai ingurua. Estaturik gabeko nazioak eta erabakitzeko eskubidea.
APIRILAK 26
• 12:00. Hotsandiko ekitaldia.
• 15:45. Sirenak. Merkurio plazan kontzentrazioa.
• 19:00. Kale antzerkia.
• 21:00. Kandelen manifestazioa. Amaiera ekitaldia.