viernes, febrero 25, 2011

SINBOLO FRANKISTAK KENTZEKO ESKATU DU LEGEBILTZARRAK, TALDE DENEN BOTOAREKIN

Sinbolo frankistak kaleetatik kentzeko bideari ekiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Aho batez, dei egin dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kaleetan dauden ikurren zerrenda egitera, eta horren berri ematera Eudel udalen elkarteari. Hartara, Jaurlaritza eta udalak elkarlanean aritzeko eskatu du parlamentuak, frankismoa goraipatzen duten armarriak eta era horretakoak kaleetatik kentzeko.

Memoriaren Espainiako Legea aintzat harturik, Aralarrek aurkeztu zuen eskaria legebiltzarrean. Hara zer dioen lege horrek, 15. artikuluan: «Administrazio publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktaduraren errepresioa goraipatzeko armarriak, bereizgarriak, plakak edo objektuak kentzeko». Legeak dioena betetzeko dago oraindik Hego Euskal Herriko hainbat kaletan. Hala, Aralarrek proposatu du Jaurlaritzari eskatzea egiteko ikurren zerrenda bat, jartzeko udalen esku eta onartzeko diru sail bat sinbolo horiek kentzeko.

EAJk eta PSE-EEk zuzenketa aurkeztu diote eskari horri. Jeltzaleek eskatu dute sinboloen zerrenda Jaurlaritzak eta udalek elkarlanean egitea; sozialistek, berriz, zerrenda hori Eudeli uztea eta bi erakundeen arteko batzorde bat eratzea, ikurrak kentzeko egitasmo bat ados dezaten.

Hiru alderdiak ados jarri ziren atzo bozketa egin baino lehen. Hiruren nahiak jasota, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio udalekin batera egiteko ikurren zerrenda, eta Eudelekin aztertzeko nola kendu. Plana dirutan zehaztera egin du dei parlamentuak, eta nabarmendu du erakunde guztiek jarri beharko luketela «nahikoa» baliabide ekonomiko.

Ez da ikerketa zehatzik jakiteko zenbat ikur dauden kentzeko Hego Euskal Herriko kaleetan. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak egindako kontaketa baten arabera, hogei bat ikur badaude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kalean bista-bistan batzuk —Bilboko Moiua plazakoa, esaterako—, baina leku ezkutuagoetan ere badira sinbolo frankista batzuk.

Leku pribatuetan daude ikur batzuk. Horiek kendu ezin, eta neurria proposatu du legebiltzarrak: ikurrak kentzen ez dituztenei ez ematea Jaurlaritzak batere diru laguntzarik. Finean, Memoria Historikoaren legeak jasotzen du hori, aukera gisa bada ere.

«Talibanen» estilora

Aralarrek, EAJk eta PSE-EEk akordioa egina zutela jakinda, ikusgai zen ze jarrera hartuko zuten gainerako alderdiek; bereziki PPk, gisa horretako neurrien aurka egin baitu maiz —Memoria Historikoaren legearen aurka bozkatu zuen Espainian—. Alde agertu zen azkenean; «guztiok lotzen gaitu legeak», adierazi du Carmelo Barrio legebiltzarkideak. Alde bai, baina ñabardura utzi zuen PPko eledunak: «Talibanek ere iraganeko irainak aipatu zituzten Afganistanen Bamijango budak suntsitzeko. Hemen ezin daiteke hori gertatu». Arte edo erlijio balioa duten ikurrez ari zen Barrio. Memoria Historikoaren legeak dio horrelako ikurrei ezin zaiela ezarri kentzeko araua.

Aralarreko kide Dani Maeztuk nabarmendu du legeak agintzen duela sinboloak kentzeko: «Biktimentzat iraina da frankismoko balioak goratzen segitzea». PSE-EEko eledun Mikel Unzaluk ziurtatu du Jaurlaritzak hartuko duela aintzat eskaria, baina ohartarazi du udalek jarri beharko luketela dirua, eta Espainiako Gobernuak ere lagun dezakeela. EAJk esan du legea betetzeko soilik eskatu duela legebiltzarrak. EBren izenean, Mikel Aranak adierazi du «biktimak aitortzea» dela ikurrak kentzea. UPDren iritzian, «elkarbizitza hobetzen» lagunduko du; EAk uste du desagertu egin behar dutela ikurrek.

(Berria. 2011 / 02 / 25)