domingo, junio 20, 2010

AITONAREN GORPUA BIDE BAZTERREAN


Zuloa astebete lehenago egin zuten, 1936ko abuztuaren amaieran, La Tejerako mendatearen bihurgune batean. Hobiaren aurkikuntzak ikusmina, kezka eta, batez ere, beldurra sortu zituen Gesaltza Añanako eta Biloriako herritar askoren artean (Araba). Beldurra, beraiek izan zitezkeelako tiro koldar batzuk jaso eta hobia bete zezaketenak.

Handik egun gutxira, irailaren 3an, bi ibilgailuren motorrak bihurgunean geratu ziren, hobiaren parean. Bidaiari guztiak jaitsi ziren autoetatik. Emakume bat ihes egiten saiatu zen. Tiro hotsak. Hiru itzal lurrera erori ziren. Hobian sartu eta nola hala lurperatu zituzten, hobia txikiegia baitzen hiru gorpurentzat. Autoak desagertu egin ziren, zenbait lekukoren begi beldurtietatik urrun.

Biharamunean, Gesaltza Añanako eta Biloriako herritarrek bala zorroak, gaizki lurperatutako hiru gorpu eta adar batzuetatik zintzilik zegoen garezur zati bat aurkitu zituzten. Animaliek lurpetik aterako zituzten beldur, harri handiak jarri zituzten hobiaren gainean. Jendeak susmatzen zuen hobian lurperatutako hiru gorpuak Santa Gadea del Cideko gizon batena eta Villanueva Soportillako (Burgos, Espainia) senar-emazte batzuenak zirela.

Primitivo Fernandez de Labastida irailaren 3ko goizaldeko 01:00etan eraman zuten bi erreketek (Francoren alde egin zuten karlistak) Santa Gadea del Cideko etxetik. «Teorian», gogoratu du Nieves Barredo ilobak, «Gasteizen galdeketa bat egiteko». Ez zen itzuli. Gau hartan etxean utzi zituen Iluminacion 10 urteko alaba (Nieves Barredoren ama) eta Felisa emaztea, haurdun, ia erditzear (handik bi astera erditu zen Pilar alabaz).

Primitivo Fernandez de Labastida nekazaria zen. 35 urte zituen eta basozain izateko ikasten ari zen. Gizon jantzia zen eta irakurtzea, gitarra jotzea eta kantatzea gustatzen zitzaion, Nieves Barredoren esanetan. II. Errepublikaren garaian udaletxeko idazkariari laguntzen aritu zen.

1936ko irailaren 3koa ez zen Primitivo Fernandez de Labastida galdeketa bat egitera eraman zuten lehen aldia. Abuztuaren amaieran bertan guardia zibilek eraman zuten, eta bi egun pasa zituen Pancorboko kartzelan (Burgos, Espainia); baina etxera itzuli zen, libre. Irailaren 3ko goizalde hartatik aurrera ez.

Historia osatzen

«Amak beti pentsatzen zuen gure aitona faxistek fusilatu eta txakurrek jan zutela», dio Nieves Barredok. Izan ere, aitona desagertu eta bi astera Barredoren amonak eta amak txakurrak fusilatutako norbaiten gorpua jaten aurkitu zituzten, herriaren kanpoaldean. Fusilatutakoa Primitivo Fernandez de Labastida ez zela baieztatu zuten, «baina berari antzeko zerbait gertatu zitzaiola pentsatu zuten». Ez zuten haren gorpurik berreskuratzeko itxaropenik.

Baina, urteak joan, urteak etorri, irailaren 3ko gau hartan gertatutakoari buruzko testigantzak jaso zituzten, eta historia harilkatzen joan dira. Barredok nabarmendu du eskualdeko herritarrek, gauzak kontatzeaz gain, babesa eta maitasuna ere agertu dietela.

Lehengusu batek ustezko hiltzaileen ahotik ere jaso zuen baieztapena. «Autobusean zihoan, aitona hil zuten bi erreketeen atzeko eserlekuan», kontatu du Nieves Barredok. «Hobiaren bihurgunearen paretik pasa zirenean beren balentria kontatzen entzun zituen: 'Gogoratzen zara nola hil genuen Santa Gadeakoa...', '... eta emakumeak nolako beldurra zuen...'. Ordurako senideek uste zutena baieztatu zuten». Lehenegusuak bidaia beldurtuta egin zuen, bai entzun zuenagatik, bai bera ere ezkertiarra zelako, baita bere bila arituak zirelako ere, «baina ez zuten etxean aurkitu».

Garezur bat, etsitzear zeudela

Informazio guztia eskuetan zutela, Ahaztuak 1936-1977 elkartearekin harremanetan jarri ziren, indusketa egiteko laguntza eske. Maiatzaren 29an hasita, hiru asteburutan egin zituzten. Ekainaren 12an, etsitzear zeudela, garezur zati bat aurkitu zuten.

Ahaztuak 1936-1977ko ordezkariak eta Aranzadiko teknikariak atzo hasi ziren gorpuzkiak hobitik ateratzen. Hiru gorpu aurkitu zituzten. DNA azterketen zain, Primitivo Fernandez de Labastidarenak eta Villanueva-Soportillako senar-emazteenak izan daitezke: 45 urteko Monica Barron del Val eta 47 urteko Florentino Garcia Valencia. Gorpuzkiak hobitik ateratzen hasi dira eta gaur amaitzea espero dute.

Hobiaren ondo-ondoan pasa zuten eguna Nieves Barredok, Iluminacion amak eta Pilar izebak, hunkituta. «Ilusio pixka bat» sentitu zuten, «min guztiaren erdian».

(Berria. 2010 / 06 / 20)