Tirania deuseztatzeko borroka etengabea izan da historian zehar. Ahalegin zintzo horren kontra egin dutenak euren biziraupena esplotazioan eta zapalketan oinarritu dutenak izan dira. Jaio diren familian jaio direlako, agindu zerutiarra jaso omen dutelako edo diktadoreren batek izendatu dituelako, kontua da gainerako herritarren bizitzen jabe direla uste izan dutela beti.
Monarkien historian, sarri gertatu izan dira oinordekoen liskarrak boterea norena den erabakitzeko; Estatu espainiarreko agintean orain dagoen monarkiak zer esanik ez zenbat dakien historiaren atal horri buruz... Gogoan eduki besterik ez Borboiak tronura aupatu zituen ondorengotza-gerrak zenbat eta zenbat heriotza eragin zituen; gaur egunean historiako atal hori Katalunia bezalako herrialdeetan gogoratzen da bereziki, haien nazio politikan beste inon baino eragin kaltegarriagoak izan zituelako.
Gerra Karlista Fernando VII.aren oinordekotza hartu nahi zutenek piztu zuten; euren grina defendatu nahi zuten nola edo hala, eta ez zuten zalantzarik agertu gerra aldarrikatzeko orduan. Hitz batean, boterea eta ondasunak kosta ahala kosta mantendu eta handitzeko helburuari lotuta joan dela beti Espainiako monarkia. Fernando VII.ak berak ez zuen zalantzarik izan lehenbizi Konstituzio liberalaren zina egiteko eta ondoren horri uko egiteko; jokabide horrekin, milaka jarraitzaile heriotzara, kartzelara edo erbestera kondenatu zituen. Badago parekotasunik Fernando VII.aren eta Juan Borboikoaren artean. Azken honek 1936ko altxamendu militarrarekin bat egin ondoren, erregimenaren aurka «konspiratu» baitzuen antifrankistekin batera, betiere boterea eta ondasunak berreskuratzeko asmo hutsez.
Gaur egungo Juan Carlos Borboikoa frankismoaren akademia militarretan hezi zuten 1948tik 1961a bitartean. Aberri-maitasuna eta fideltasuna erakutsi behar izan zion Espainiako caudillo-ari urte horietan. Nori, eta milaka hobi, ehunka milaka preso eta erbesteratu... eragin zituen caudillo-ari, genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak eragin zituen caudillo-ari.
Erakutsi zuen leialtasuna zela medio, bere oinordeko izendatu zuen Francisco Francok 1969ko uztailaren 23an. Miliziano eta gudari errepublikanoen odol isurketen eta terrorearen eskutik eraiki zen erregimenari jarraitasuna eman nahi izan zion Francok izendapen horrekin; etorkizunean Errepublika berri bat ezin izango zela eraiki pentsatuz hartu zuen erabaki hori Francok. Hots, «Espainia inperiala» berriro ere, errege borboi batekin, Francoren «graziari» esker oraingoan. Are gehiago, ez da ahaztu behar Franco bizi zelarik ere, 1974tik 1975erako apean estatu buruzagitza ere hartu zuela Juan Carlos Borboikoak.
Monarka honek bazekien zenbateko boterea jarri zitzaion eskura, eta bazekien zenbateko leialtasuna erakutsi behar zuen; halaxe adierazi zuen, beraz, 1969ko uztailaren 23an Gorte frankistetan egin zen batzarrean: «Zin egiten diet Estatu Buru Gorenari (Francori), Mugimendu Nazionalaren printzipioei eta Erresumako gainerako funtsezko legeei». Printze gisa irakurri zuen lehen diskurtsoan, berriz, zera adierazi zuen: «Ohartzen naiz nire bizkar hartu dudan erantzukizunaz; zin egin berri diet, oinordeko gisa, Estatu Buru Gorenari eta Mugimendu Nazionalaren printzipioei eta Erresumako gainerako funtsezko legeei. [...] Lehenengo eta behin, adierazi nahi dut Estatu Buru Goren eta Franco Generalisimoaren eskutik 1936ko uztailaren 18an sortu zen zilegitasun politikoa jasotzen dudala. [...] Ziurtatzen dut ahal dudan guztia egingo dudala zin egin berri diedan Printzipio eta Legeen defentsan».
Bere arbasoek egindakoaren antzera, beste Konstituzio baten zina egin zuen denboran aurrerago, 1978an. 1969an aurrean izan zituen lekuko berberak izan zituen 1978an. Errepublikanoek, sozialistek, komunistek, anarkistek, langileek, nekazariek, gudariek, milizianoek... osatzen zituzten hobi komunek eman zezaketen lekukotza izan zen baztertu zutena, orduan.
Erregimen frankista osatzen zuten egiturek transmutazioa bizi zuten, demokraziaren itxura hartuz. Leialtasun frankistari uko egin gabe, eta genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimenek eragindako erantzukizunari bizkar emanez burutu zen prozesu hori. Botere frankisten egitura guztiak, ejertzitoa eta polizia zapaltzaileak, epailetza, klase politikoa, botere ekonomiko-finantzaria, prentsa... bere horretan mantendu ziren Estatu «berria» sortzeko prozesua izan zenean.
Antzeko diktadurak atzean utzi zituzten beste herrialdeetan argitu ziren erantzukizunak. Errudunak boteretik kanporatu zituzten, behinik behin. Erabaki hori giza eskubideen urraketak ez errepikatzeko bermeak ezarriko zituen mekanismo gisa hartu zen. Hemen, berriz, bestela egin ziren gauzak. Zigorgabetasuna ezarri zen: lehenik isiltasuna eta ahanztura, eta gero injustizia. Gerra eta errepresio bandoen jarraipena inposatu ziguten.
Botere frankisten egituren jarraitasun hori dela medio, Euskal Herriaren askatasunaren, Errepublikaren eta eskubide ekonomiko, sozial, eta politikoen alde borroka egin zutenek oraindik ez dakite zer diren egia, justizia eta ordaina; ez da ahaztu behar, hiru printzipio horietan oinarritu behar direla biktimen aldeko politikak.
Uztailaren 18ko kolpe militarra eman zenetik 73 urte igaro eta gero, inposizio berbera jasaten jarraitzen dugu: ikur publikoak, bandera gorri-horia, ereserki militar eta data ofizialak... frankismoaren presentzia iraingarria gogorarazten diguten elementuak jasaten jarraitzen dugu. Nahiz eta XXI. mendean bizi, caudillo-aren egiteen oinordeko zuzenarekin, uztailaren 18ko espirituak eta «zilegitasunak» puztuta dagoen Borboiarekin topo egiten jarraitzen dugu. Alegia, Nürembergeko prozesurik, Portugalgo Salazar diktadoreak edo Greziako koronelek jasan zuten prozesurik edo justizia transakzionalik inoiz ezarri ez zaion genozidaren oinordekoarekin.
(Berria. 09 / 08 / 07)