Azken astean Nafarroan izandako «atentatu falangisten» inguruan Hego Euskal Herriko instituzioek eta Espainiakoek ikerketarik abiatu duten eta, hala bada, zer neurri hartu duten jakin nahi du Ahaztuak 1938-1977 frankismoaren biktimen elkarteak. Susmoa dauka Falangeren izenean jarduten diren erasotzaileak «inpunitate» osoz aritzen direla. Horrek gizarteko talde handi batean «kezka eta haserrea» eragin duela nabarmendu du. Ildo horretatik, salatu du eraso horiek ez dutela jaso «beste eraso batzuek» jasotzen duten «tratamendu mediatiko, politiko eta judizial» bera.
Gutxienez sei eraso egin dituzte azken egunetan Iruñerrian. 36ko gerran Francoren aurka aritu zirenen omenez Ezkaba mendian jarritako oroitarriei eta errepresio frankista jasan zutenen omenez Aitzoaingo hilerrian jarritakoei eraso egin zieten asteburuan. Igandean, Espainiako bandera, ikur falangista eta mehatxuz zikindurik agertu ziren Iruñeko Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri ostatuak, eta herenegun Berriobeitiko hilegian pintaketak agertu ziren. Ahaztuak-ek gogoratu duen moduan, halako hainbat eraso egon dira azken hilabeteetan Euskal Herrian. Frankismoko biktimen hilobiak eta oroitarriak apurtuak, horietako batzuk balez josiak, mehatxuak eta irainak lokal eta autoetan, «estatu terrorismo frankistaren apologiarekin» gehienak. Ahaztuak-en ustez, halako erasoekin ez zaio soilik frankismoaren errepresioa jasandako senide eta biktimen memoriari eraso egiten: «Gaur egun balio errepublikanoak, begirunean eta herriaren borondatean oinarritutako benetako demokrazia, pertsona eta askatasuna defenditzen dituen ororen aurkako erasoak dira».
Bi dira Hego Euskal Herrian Falangeren izenean azken hauteskundeetan parte hartu duten alderdiak: Falange Española de las JONS eta Falange Autentica. Akronimo horiekin beste 17 alderdi daude Espainiako Alderdi Politikoen Erregistroan. Sinbologia faxista erabiltzen dute, halaber, Fronte Nazionala, Demokrazia Nazionala, Mugimendu Sozial Errepublikanoa eta beste erakunde batzuek. Ahaztuak-ek alderdi falangistei eskatu die erasoekin zer harreman duten argitzeko.
Ika-mika alderdien artean
Nafarroako Ezker Batuak jakinarazi du Nafarroako Parlamentuan eta udaletan gaitzespen agiri bat aurkeztu duela. Bertan, memoria historikoaren aurkako «eraso guztiak» gaitzesten dituela dio; Ezkabako eta Aitzoaingo erasoak aipatzen ditu, baina ez Iruñeko hiru ostatuek eta pasa den astean Arbizuko ANVko zinegotziek jasandakoak. NaBaik, berriz, UPN, PSN eta PPNri «Falangeren erasoei estaldura ideologikoa» ematea egotzi die. Polizien «pasibotasuna» salatu du. PSNk gogor kritikatu ditu NaBairen hitzak eta frankismoko biktimen memoriaz «jabetu» nahi izatea leporatu dio.
(Berria. 09 / 08 / 27)