jueves, julio 17, 2008

EZKER ABERTZALEAK MANIFESTAZIORA DEITU DU SARTAGUDAN

Manifestaziora deitu du ezker abertzaleak, Espainiako II. Errepublikaren garaiko ideia progresisten defentsa egiteko helburuarekin. Atzo, gaur eta beti askatasunarengatik borrokan lelopean egingo da ekitaldi politikoa datorren larunbatean, uztailaren 19an, Sartagudan (Nafarroa). Manifestazioa izango da egunaren ekintza nagusia.

Ezker abertzaleren bozeramaile Shanti Kirogak azaldu duenez, «Errepublika garaian ideia aurrerakoien alde borrokatu zirenentzako omenaldia izango da» larunbateko ekitaldia. Errepublikaren alde borrokatu zirenei laguntza eman eta ideia horiek berriro indartu eta garatu egin behar direla adierazi du Kirogak prentsaurrekoan.

Errepublikaren alde egin zutenen ideiak berreskuratzea da ezker abertzaleen asmo nagusia, baita garai horretan gertatutakoak ezkutatuta ez gelditzea ere. «Demokrazia batean bizitzeko eskubidea dugu, eta hori lortzeko borrokan ari gara», azaldu du Shanti Kirogak.

«Frankismo garaian ezabatuak izan ziren oinarrizko eskubide eta askatasunen berreskurapena» nahi dutela adierazi dute ezker abertzalearen bozeramaileek, beren ustez frankismoa toki askotan oraindik ez delako gainditu. Hizkuntza eskubideak eta autodeterminazio eskubidea ere aldarrikatu dituzte, gizarte demokratiko baten oinarrizko elementu moduan, egungo bidegabekeriak ezabatzeko.

Larunbateko manifestazioa 12:30ean hasiko da, eta Sartagudako udaletxetik Memoriaren Parkerainoko bidea eginen du. Ondoren, parke horretan ekitaldi politikoa izanen da, eta musika saioa eskainiko du Fermin Valenciak. 14:30ean bazkaria izanen da, herriko frontoian; 300 pertsona baino gehiago joatea espero dute.
(Berria. 17 / 07 / 08)