viernes, octubre 19, 2007

FRANKISMOKO ZIGOR GUZTIAK BALIOGABETZEKO ESKATU DUTE


Joan den astean Espainiako Kongresuko alderdiek adostu zuten Memoria Historikoaren Espainiako Lege proiektuak Francisco Francoren erregimenak ezarritako zigor guztiak «ñabardurarik gabe» baliogabetu beharko lituzkeela adierazi zuen atzo Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak. Baliogabetzea ezinbesteko baldintza da frankismoaren biktimentzat, eta legeak hori onartu ezean, ez dute «onargarritzat» joko.

«Espainiako Kongresuko alderdiek joan den astean adostutako idatziak egia jakitera ematea oztopatzen du, justiziaren aplikazioa ezinezko bihurtzen du eta frankismoaren biktimen ordaintzarako eskubide ukaezinari ezetza ematen dio», azaldu zuten atzo Bilboko agerraldian koordinakundeko kideek. Hortaz, legearen kontra bozkatzeko eskatu zieten PSE-EE, PSN, EB-Berdeak, EAJ, EA eta NaBai alderdiei. Izan ere, biktimentzat ez ezik, «giza eskubideen eta memoria berreskuratzearen alde lan egiten dutenentzat eta benetako gizarte demokratikoaren aldeko apustua egiten dutenentzat» ere legea onartezina dela uste du "Lau Haizetara Gogoan"ek.

Francoren diktadurako errepresaliatu eta biktimen hainbat elkarte biltzen ditu koordinakundeak. Guztiei «arrotza» zaie legea; zigorren ilegitimitatea onartzea «makillaje keinua» dela uste dute, ez baita neurri juridikoa, dio Sonia Polo koordinakundeko kideak. «Gainera, legea indarrean jarri eta hurrengo egunean, frankismoaren aurka demokrazia defendatu zutenei ezarritako zigorrek azken epai izaten jarraituko dute». Horren kontra, koordinakundeko kideak Espainiako Konstituzioa ekarri zuen gogora, «zeinak giza eskubideen inguruko nazioarteko araudia eta legedia aplikatzera derrigortzen baitu gobernua». Legeak beste hainbat «gabezia» dituela azpimarratu zuten elkarteko kideek. Alde batetik, frankismoaren garaian giza eskubideak urratu zituztenei «erantzukizun legal edo politikorik ez eskatzea» kritikatu zuten. Bestetik, Espainiko Estatuak trantsizioan izandako isiltasunaren inguruko autokritikarik ez egitea gaitzetsi zuten.

Francoren erregimenaren inguruko eztabaida politiko eta sozialik ez bideratzea ere azpimarratu zuten koordinakundeko kideek. Ildo horretan, garai bertsuan diktadurak jasan zituzten herrialdeen jokabidea goraipatu zuten, Txile eta Argentina kasu. Horren ordez, «inpunitatearen eredu espainiarra» sendotzen ari dela adierazi zuten.

EUSKAL ALDERDIEKIN EZTABAIDAN.
Memoria Historikoaren Legeari egin beharreko ekarpenak lantzeko garaian, Hego Euskal Herriko alderdi politiko abertzaleekin bildu zen koordinakundea. Frankismoaren biktimen eta errepresaliatuen proposamenak ontzat hartu zituztela diote, «baina Madrilen ez dute horrekin bat jokatu». Hurrengo asteotan, alderdiokin berriz biltzeko asmoa du koordinakundeak. «Euren jarrera zergatik aldatu duten» galdetuko diete. Halaber, legea Espainiako Kongresuan ez onartzeko eskatuko diete.

Bestalde, Herrialde Katalanetako ERC alderdiari eskerrak eman zizkioten atzoko agerraldian, «Euskal Herriko frankismoaren biktimen eta Memoria Historikoaren aldeko elkarteok adierazitako ideien defentsan agertutako koherentziagatik, zintzotasunagatik eta irmotasunagatik».

«Demokraziaren, memoria berreskuratzearen eta giza eskubideen aldekoentzat onartezina da legea»

«Frankismoaren aurka demokrazia defendatu zutenen zigorrek azken epaia izaten jarraituko dute»

Sonia Polo ("Lau Haizetara Gogoan")

("Berria" - 07-10-20 / Maite Asensio / Bilbo)