jueves, septiembre 04, 2008

NAZIEN SS-ETAKO LAU KIDE ESTRADITATU EDO EZ IKERTZEN ARI DA ISMAEL MORENO EPAILEA

Egun Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) bizi diren eta Alemaniako nazien kontzentrazio esparruetan ardurak izan zituzten lau pertsona estraditatzeko eskaera ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Moreno. Ekainaren 19an kereila aurkeztu zuten hildakoen senideek, kontzentrazio esparruetatik bizirik irten ziren lagunek eta memoria historikoaren gainean lanean diharduten Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako elkarteek. Moreno epaileak onartu egin zuen eskaera, uztailaren 17an, eta ikertzen hasi da. Gizateriaren kontrako krimenik dagoela iritziz gero, Espainiara estraditzeko eskatuko du, epaitzeko.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta kontzentrazio esparruetan senideak galdu zituzten lagunek eman zuten, atzo, estradizio eskaeraren berri. Babeserako Eskuadroietan, Schutzstaffeletan (SS), ardurak izan zituzten eta estradizio aginduaren zain dauden lau lagunak John Demjanjuk, Anton Tittjung, Josias Kumpf eta Johann Leprich dira. Laurak Totenkopf-Sturmbann -Burezurraren Batailoia- taldeko kide izan zirela eta 1942 eta 1945 urteen artean Mauthausengo, Sachsenhausengo eta Flossenbergeko kontzentrazio esparruetan ardurak izan zituztela salatu dute. Kontzentrazio esparru horietan milaka espainiar eta dozenaka euskaldun kartzelatu zituzten, eta erdia baino gehiago hil ziren.

SSetako lau ofizialek AEBetara ihes egin zuten Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean. Orduan, agiri faltsuez baliatuta, herritartasuna eskuratu zuten arren, duela sei urte galdu egin zuten. Harrezkero, Espainiara estraditatzeko aukera erraztu egin da, Ahaztuak elkartearen bozeramaile Martxelo Alvarezen hitzetan. Estraditatu eta epaituko balituzte, Alemaniako alderdi naziko kideen kontra 1946az geroztik egin den lehenengo epaiketa izango litzateke, Nurembergeko prozesuaz geroztik.

Nazien basakeria

Angel Lekuona Beitiak 1936ko gerratik ihes egin, baina atxilotu eta Bordeleko gotorleku batera eraman zuten eta, handik, Flossenbegeko kontzentrazio esparrura. 1945eko apirilaren 10ean hil zuten bertan, AEBetako soldaduek eremua askatu baina 15 egun lehenago.

Atzo prentsaurrekoan izan zen Lekuonaren ilobetako bat, Anton Gandarias. Iaz Flossenbergeko kontzentrazio eremua bisitatu zuen eta, bertan, erakusketa batean aurkitu zuen Angel Lekuonari eskainitako oharra. Erakusketa hura ikusiz ondorioa atera zuela dio Gandariasek: «Barka daiteke, baina ezin da ahaztu. Alemaniako Gobernuak egindako lanetik Espainiakoak egindakora alde handia dago: kontzentrazio eremuetan ikerketa eta hezkuntza zentroak daude egun, eta bertan udalekuak antolatzen dira, ikasleei irakasteko nolakoa izan zen nazien basakeria, eta tolerantzian hezteko».

"Alemaniako Gobernuak egindako lanetik Espainiakoak egindakora alde handia dago"
Anton Gandarias Lekuona
Flossenbürgen hil zen Angel Lekuonaren iloba
(Berria. 08 / 09 / 4)