viernes, febrero 29, 2008

AKUSAZIOAK KENTZEKO ESKATU DIOTE M3KO BIKTIMEK BALZARI

1976ko Martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoa gogoan hartuko dute astelehen honetan Arabako hiriburuan. Duela 32 urte Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza hustu zuenean, eta hura gogoratuko dute urtemuga egunean. Duela bi urte ere data esanguratsu hura oroitzeko ekitaldiak egin ziren, baina Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei, eta «terrorismoaren apologia» eta desordena publikoak egotzita, auzibidean jarri zituen hiru lagun -horietako bi Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideak-.

Aste honetan, akusazio horiek bertan behera uzteko eskaera eginez idazkia aurkeztu du Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailean. Izan ere, batetik, «desordena publikoak» leporatuta irekitako auziagatik epaiketaren zain daude, eta, bestetik, haien aurka irekitako zigor auzibideagatik isuna ordaintzea eskatzen die Eusko Jaurlaritzak.

Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak jada ebatzi du 2006ko manifestazioan ez zela «terrorismoaren apologiarik» egin, eta, beraz, azpimarratu du ez duela zentzurik Herrizaingo Sailak akusazioei eusteak. Javier Balzaren departamenduari egindako eskariari atxikimenduak bildu asmoz, gizarte eragile eta alderdi politikoengana joko dutela iragarri du Txaskok.

BIKTIMEN AITORTZA
Herrizaingo Sailari egindako eskakizuna ez ezik, bestelako aldarrikapenak ere nabarmendu nahi izan ditu Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak. Besteak beste, sarraski haren erantzukizun politikoak argitu gabe daudela eta Poliziaren oldarraldiaren ondorioz hildako eta zauritutako lagunak ez dituztela «terrorismoaren biktimatzat» jotzen salatu dute elkartekoek.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak landu berri duen biktimen aldeko lege egitasmoak ez dituela aintzat hartu gaitzetsi du Txaskok. Gogoratu duenez, 2001ean Ibarretxe lehendakariak eta Eusko Legebiltzarrak konpromiso hori hartu zuten, baina ez dute emandako hitza bete.

Espainiako Kongresuak egindako Biktimekiko Elkartasun legeak eta Oroimen Historikoaren legeak ere ez dituztela terrorismoaren biktimatzat jaso txarretsi du elkarteko eledunak. Hori horrela, Eusko Legebiltzarreko eta Kongresuko alderdiei dei egin die lege horiek moldatu ditzaten «indarkeria mota guztietako» biktimak lekua izan dezaten.
(Berria. 08 / 02 / 29)