Zarauzko udalbatzak (Gipuzkoa) Jose Paredes Txiki-ren senideei barkamena eskatzeko galdegin dio Eusko Jaurlaritzari, joan den igandean Ertzaintzak euskal militantearen omenezko ekitaldia egitea galarazi zuelako. Udalbatzak onartutako mozioak EAJ, EB-Aralar eta Hamaikabat alderdien babesa izan du, eta PSE-EEren eta PPren aurkako botoa.
Joan den igandean 34 urte bete ziren frankismoak Jose Paredes Txiki eta Anjel Otaegi euskal militanteak eta FRAP erakunde antifaxistako beste hiru kide fusilatuta hil zituztenetik. Txiki-ren familiak, urtero legez, Zarauzko hilerrian omenaldia egin nahi zuen, baina Ertzaintzak hori galarazi eta hilerrian bildutako senitarteko eta lagunei identifikatzeko eskatu zien. Ekitaldia Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta zegoen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hura debekatzeko agindua emana zuen, Gudari Eguneko ekitaldien barruan zegoela argudiatuta.
Zarauzko udalbatzak saio berezia egin zuen atzo, eta gertaera horien gaitzespen mozioa onartu zuen, gehiengoz. Udalaren arabera, «ezin larriagoa» da gertatutakoa, eta agerian uzten du «oraindik ere euskal gizartean frankismoaren eta terrorismoaren biktimak maila berean aitortzeko zailtasunak» daudela.
Zarauzko udalak Herrizaingo sailari eskatu dio igandean gertatutakoaren inguruko txostena bidal diezaiola, eta «beharrezko neurri guztiak» har ditzala frankismoaren biktima guztiak omendu eta oroitzeko. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionalari «lehenbailehen» jarrera zuzentzeko, eta Francoren kontrako borrokalarien oroimenezko ekitaldiak ospatzeko eskubidea bermatzeko galdegin dio.
(Berria. 09 / 10 / 2)