miércoles, octubre 28, 2009

1969KO ERANDIOKO GERTAKARIETAN HILDAKOAK. AHANZTURIK ATERATZEN

Ahaztuen artean, badago memoria historiko kolektiboan tarte txikiagoa duenik, eta ahaztuago dauden horien artean, badago denboraren poderioz ikusezin bihurtu denik. Josu Murueta eta Anton Fernandez izen-abizenak ia ezezagunak dira Erandiotik (Bizkaia) kanpo, baina Francisco Franco diktadorearen errepresioak egindako sarraskiaren parte dira. Haien herriaren ongizatea defendatzen ari zirela hil zituen Polizia Armatuak, bihar 40 urte beteko dituzten gertakarietan, Erandion bertan. LAB sindikatuak, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta euren sendiek haien omenezko hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

1969ko udazkenean egoerak eztanda egin zuen Erandion. Inguruko industria jardueraren ondorioz, kutsadura atmosferikoa jasanezina zen herrian. Amak izan ziren lehenengoak kexatzen, seme-alabek arnasteko arazoak zituztela ikusita. Ondoren, administrazioekin eta enpresaburuekin biltzeko batzordeak sortu zituzten bizilagunek. Irailaren 3an, enpresa batek izandako isuriaren ondorioz, ke hodei trinkoa eta amoniako usain bortitza hedatu ziren Astrabudua eta Altzaga auzoetan. Egun hartan herritarrak protestan atera zirenean, mobilizazio historiko bezain ezezagunak abiatu zituzten.

Baina Erandioko gertakari haien atalik ilunena ia bi hilabetera helduko zen. «Gasik ez» aldarrikatzen zuten mobilizazioak hasi ziren. Elkarretaratze baketsuekin hasi, manifestazioetara pasatu, eta, ondoren, zirkulazio mozketak, eserialdiak eta barrikadak heldu ziren. Guardia Zibilak eta Polizia Armatuak protestak sakabanatu zituzten, borraz eta tiroz, baina herritarrek tinko jarraitu zuten. Urriaren 29ko mobilizazioetan, polizien bala batek larri zauritu zuen Anton Fernandez, 55 urteko gizona. Tabernaria zen, oso ezaguna herrian, eta, hurrengo egunean, erasoaren berri izan zutenean, greban atera ziren fabriketako langileak. Polizia Armatua tiroka hasi zen, eta hainbat behargin zauritu zituen; tartean, Josu Murueta 31 urteko erandioztarra. Egun batzuen buruan, hil egin ziren biak.

«Guardia Zibila, tankeak... sekula ikusi gabekoak gertatu ziren Erandion. Epaiketa militarra ere egin ziguten», gogoratu du Manolo Castrillok, poliziak tiroz zaurituetako batek. «Antonen eta Josuren hilketen ostean, herria lur jota geratu zen. Bizilagunek izarak jarri zituzten balkoietan xingola beltzekin, greba orokorrak egin ziren...». «Bidezko gauzak aldarrikatzen zituen herriak», ekarri du gogora Josu Muruetaren alargun Pili Arenazak.

«Baina zer egin behar zuen herriak? Harriak botatzen zituzten, eta balak jasotzen», erantsi du Anton Fernandezen alaba Cristina Fernandezek. Biek gogoan dute herritarrek agertutako babesa; adibidez, Erandioko bizilagunak zaurituentzako odola ematera joan zireneko unea. «Herriak bai, herriak beti eman digu sostengua, baina administrazioek ez dute gutaz ezer jakin nahi izan», deitoratu du Arenazak. Izan ere, 40 urte igaro diren arren, administrazioek ez dituzte Josu Murueta eta Anton Fernandez frankismoko biktima gisa onartu. «Aitortza baino ez dugu nahi, gainerako biktimak bezalaxe. Baina hori ez lortzea bidegabekeria bati egindako beste bidegabekeria bat da», dio Pili Arenazak. Horretaz gain, «justizia» egin beharra nabarmendu du Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek: «Memoria historikoaz mintzatzen garenean, orainaz eta etorkizunaz ari gara. Erregimen batek bere krimenen zigorgabetasunaren bidez irauten du bizirik. Oraindik ez dakigu nork agindu zituen 1969ko oldar basati haiek, eta nor den hilketen erantzulea».

Gaurtik larunbatera omenaldia egingo diete Muruetari eta Fernandezi, eta justizia egiteko dinamikak abiatuko dituzte Erandion. Baina horretaz gain, mobilizazio historiko haietan ereindako hazia ekarri nahi dute gogora, LABeko kide Iratxe Azkuek adierazi duenez: «Borroka eredugarria izan zen, herri mobilizazio parte-hartzailea. Euskal mugimendu ekologistaren oinarriak jarri zituen, borrokaren kontzientzia sustatu zuen, eta errepresioari tinko eta duintasunez erantzun zioten herritarrek».

EGITARAUA

Gaur. 'Beste biktimak' bideo-foruma, Astrabuduko Josu Murueta aretoan, 19:00etan.
Bihar. 'Memoria egin, Justizia egin' hitzaldia emango dute Ahaztuak elkarteko kideek
Erandioko Udaletxean, 19:00etan.

Larunbata.Omenaldi ekitaldi nagusia, Erandioko Josu Murueta plazan, 13:00etan.


(Berria. 09 / 10 / 28)