jueves, octubre 01, 2009

ARGENTINAKO DIKTADORE ZELA EGINDAKO DELITUNGATIK EPAITZN HASI DIRA MASSERA

Ez dirudi luze joko duenik Emilio Massera Argentinako diktadore izandakoaren aurkako epaiketak. Atzo egin zuten lehen saioa; baina hurrengoetarako egunak ere erabakita dituzte: azaroaren 5ean eta 18an, eta abenduaren 14an elkartuko dira berriro Massera epaitzeaz arduratzen diren epaimahaikideak. Diktadore ohiak, izan ere, 83 urte ditu gaur egun. Hain zuzen, orain artean Justiziatik ihes egitea lortu badu, «dementzia» zuela frogatzen zuen mediku txostena lortu zuelako izan da. Martxoan, baina, epaiketari aurre egiteko egoera onean zegoela ondorioztatu zuen beste mediku txosten batek. Horregatik, lehen aldia da Massera diktadura garaian egindako krimenengatik epaituko dutena, Italian bada ere.
Kasua ebazteko alderdiek proposatutako lekuko gehienak igaroko dira Erromako Auzitegi Arruntetik datozen hilabeteetan; gutxi gorabehera 45 batek emango dute bere testigantza. Horietaz gain, diktaduraren errepresiotik bizirik ateratzea lortu zutenek eta biktimen senitartekoek ere izango dute aukera hurrengo entzunaldietara agertzeko. Horien artean dira, besteak beste, Adolfo Perez Esquivel Bake Nobel sariduna eta Eduardo Dualde Argentinako Nazioko Giza Eskubideen Idazkaria.
Masseraren aurkako epaiketa bera hasi izana albiste ona izan da diktadurako biktimentzat. Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko presidente Estela de Carlottok, besteak beste, ospatzeko moduko gertakaritzat jo du: «Gaurkoa [atzokoa] ospatzeko moduko eguna da, eta Italiari nire esker ona agertu nahi diot justizia egiten laguntzeagatik».
Diktadurako krimenak
Jorge Rafael Videla eta Hector Agostirekin batera, Argentina gobernatu zuen lehen Junta Militarreko kide izan zen Emilio Massera. Horretaz gain, Buenos Airesko ESMAko buru ere izan zen. Azken hori herrialdeko atxilotze zentro handiena izan zen; han torturatu zituzten oposizioko dozenaka lagun. Hiru italiarrak ere handik pasatu ziren.
Oposizioari sostengua emateagatik atxilotu zuten Angela Aietta Gullo, eta 1976ko abuztuaren 5ean desagertu zen -diktaduraren aurka zirenen artean haren seme Juan Carlos Dante Gullo zegoen, egun Argentinako diputatu dena-. Giovanni Pegoraro eta Susana alaba, berriz, 1977ko ekainaren 18an atxilotu zituzten. Susana militante peronista zen, eta alaba izan zuen gatibu zela; ohiko bihurtu zenez, halaber, beste familia bati eman zion jaioberria ESMAk. Pegoraro aita-alabak desagertu egin ziren.
Hiru italiar horiei egindakoengatik epaituko dute orain diktadore izandakoa.
(Berria. 09 / 10 / 1)