Emakume bat kalean, ibiltzen, paseoan. Poltsa bat daroa sorbaldatik eskegita, bizkarrari beherantz tiraka. Barruan, beste hainbat gauzaren artean, giltza bat. Ez dago irekiko duen etxerik, ez du itxiko aterik. Alderantziz, giltza beti soinean daroa andrazko horrek; oroitzapenei aterik ez ixteko, zergatik dagoen jaioterritik hain urrunez ez ahazteko.
Bere bizilekuko atea irekitzen zuen giltza horrek sasoi baten. Gernikako Barrenkaleko 22an. Atariko bizilagun gehienak buruan ditu. Eraikinaren behealdean, Pasiegoen denda eta biltegi bat zeuden. Lehenengo solairuan, Ipiña ile apaindegia. Hirugarrenean nor bizi zen ere gogoratzen du emakumeak. Laugarrenean, Salegi pregoilaria bizi zen. Bigarrena zen haren bizilekua, eta familiarena. Harik eta handik alde egin behar izan zuten arte, 1937ko apirilaren 26an. Bonbek suntsitu zioten etxea. Herri osoa errauts bihurtua. 18 urte zituen orduan.
Eulalia Retolaza Gerrikaetxebarria, 89 urtegaz hil zen, joan den abenduaren 12an, Valentzian (Herrialde Katalanak) eta atzo bueltatu zen sorlekura, etxera. Horrela bete zuen ihes egin zuenetik barruan gordetako nahia, giltza hura poltsan eroateak gogorarazten ziona, etxera bueltatu gura zuela.
«Berriro ez pasatzeko»
Haren iloba batek deitu zuen Gernika-Lumoko udaletxera, Jose Mari Gorroño herriko alkateak azaldu duen moduan: «Bere izeko sarri akordatzen zela esan zigun, eta haren ilusioa beti izan zela, hiltzerakoan, bere errautsak Gernikan egotea». Ezin zutela honaino etorri, baina, ea Udala arduratuko zen izebak eskatutakoa betetzeaz. Ados jarri ziren Udalean, eta ekitalditxo bategaz, zabaldu egin zituzten, atzo, Eulalia Retolazaren errautsak.
Giltza baten laguntzaz ireki zuten ontziaren tapa, eta bi tokitan hustu. Batetik, Txillidaren Gure aitaren etxea eskulturaren aurrean, eta, bestetik, Gernikako arbolaren aurrean. Horrek daukan sinbologia guztiagaz. «Txillidaren obrak, guztion etxea sinbolizatzen du, eta Gernikako Arbolaren alboan dago, euskaldunon eskubide eta askatasunak sinbolizatzen dituelako, berriro ez pasatzeko duela 71 urte pasatutakoen antzekoak», alkatearen esanetan.
Alkateagaz batera, Rikardo Arregi Gernikazarrako Gernikako historia taldeko kideak parte hartu zuen ekitaldian. Gernikaren historia ondo ezagutzen duen gizona, bonbardaketa hura bizi izan zuena, oroitzapenak ederto kontserbatzen dituena, kaxa batean giltzagaz zarratuta gordeko balitu legez. «Andrazko hau, lehenago Frantziskalen bizi izan zen, Gandariastarren Teo bizi zen lekutik hurre, eta gero joan ziren bizitzera Barrenkalera».
Hiru ahizparen artean bigarrena zela jakinarazi du Arrienek. Izaeraz gauza gutxi gehitu dezake. «Ezagutuko nuen, baina ez naiz akordatzen. Zeren, orduan, Gernika txikia zen, eta, ezagutu, denok ezagutzen ginen». Eulalia Retolazaren argazkia bidaliko die udalekoei haren ilobak, eta, alkatearen ustez, Rikardo Arrienek ikusten duenean etorriko zaio oroimenera nor izan zen bere etxeko giltza bizitza osoan inoiz askatuko ez zuen emakumea.
Gernikazarra taldeak, sortu zenetik, zera izan du helburu: bonbek suntsitutako Gernika-Lumoren oroimena berreskuratu, bere historia hausterretatik berreskuratu. Eulalia Retolazak ihes egin behar izan zuenetik, oroimena ez galtzeko giltza eroan du soinean, bere familiaren historia.
(Berria. 09 / 01 / 03)