viernes, enero 02, 2009

MEMORIA HISTORIKOAZ AHAZTEKO


NBE Nazio Batuen erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak pozez hartu zuen, duela bi hilabete, Espainiako Gobernuak onartutako Memoria Historikoaren Legea, baina lau aholku eman zizkion Gobernuari: 1977ko Amnistiaren Legea indargabetzeko aukera aztertzea; 1936ko gerran eta frankismoan eman ziren giza eskubideen urraketak aztertzeko eta «egia historikoa» osatzeko batzordea antolatzea; gizateriaren aurkako delituak ez direla iraungitzen onartzea; eta gorpuak hobi komunetatik ateratzeko eta identifikatzeko laguntzak eta baimenak ematea.

Desagertutako lagunen gaia ikertzeko, Baltasar Garzon epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalean ikerketa abiatu zuen garaian iritsi ziren NBEren aholkuak. Ez du itxurarik Espainiako Gobernuak aholkuei jaramonik egingo dienik, ordea. Garzonek atzera egin zuen, Fiskaltzak helegitea jarri ostean. Orain hilabete, berriz, 1977ko Amnistiaren Legea defendatu zuen Ramon Jauregi diputatu sozialistak. Haren hitzetan, «guztien adostasunarekin» onartu zen lege hura, eta «adiskidetze hitzarmena» izan zen. Amnistiaren Legeak indarrean jarraituko du, beraz, oraingoz. Egiaren batzorderik osatzeko asmorik ere ez dute agertu, orain artean, eta gorpuak hobietatik ateratzeko lanak senideen eta lagunen bizkar jarraitzen du.

Memoria Historikoaren Legea onartu aurretik baino «hobekiago» daudela dioen arren, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko Joseba Ezeolazak hutsune zenbait ikusten dizkio Legeari. «Estatuak eskua sartu behar du hobi komunetatik gorpuak ateratzeko lanean», dio Ezeolazak: «Gobernukideek ulertu egin behar dute memoria historikoa aldarrikapen eta ardura publikoa duen gaia dela, ez senide edo elkarteen ardura». Alde horretatik, ez da aldaketa handirik izan.

Kritikak, alde guztietatik
2006ko uztailaren 28an proiekturako oinarriak onartu ostean, Memoria Historikoaren Legea 2007ko urriaren 31n onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak; abenduaren 10ean onespena eman zion Senatuak; eta 2007ko abenduaren 26an indarrean sartu zen, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Legeak urtea bete du, beraz, 2008ko abenduaren 26an, nahiz eta hainbat kritika jaso dituen, alde batetik, zein bestetik.

Legearen proiekturako oinarriak eztabaidatzeko bilkuran, 2006ko uztailaren 28an, PP alderdiak proiektua bertan behera uzteko eskatu zuen, «garaiz kanpokoa» jotzen zuelako. «Erregimen politiko demokratikoaren oinarri diren trantsizioaren eta itun konstituzionalaren aurka egiten du», adierazi zuen Manuel Atencia PPko diputatuak. Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak eman zuen giltzarria: «Memoria Historikoaren Legea ez da egin inoren kontra».

Legearekin inor ez mintzeko asmoa behin baino gehiagotan agertu du PSOEk, baina ez du lortu, antza. AI Amnesty International erakundeak ere hasieratik kritikatu zuen Legea, «puntu eta amaierako» legeen itxura hartu baitzion. «Biktimek inoiz ezingo dituzte jakin hilketen edo torturen egileen izen-deiturak, ezingo dituzte artxiboak begiratu, eta hori justizia ukatzea da», adierazi zuen AIko kide Virginia Alvarezek.

Ezarpen moteleko legea

Kritikak jaso ditu Legeak, baina urtea bukatzen hasi den arte ez du apenas urratsik egin. 2008ko urriaren 31n Legearen 18. artikulua indarrean jartzeko dekretua onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak. 1936ko gerran Nazioarteko Brigadetan esku hartu zuten milizianoek Espainiako nazionalitatea eskuratzeko erraztasunak ematen ditu dekretuak. Errepresioa jasan zuten pertsonei ordaina eta aitortza adierazpena egiteko urratsak ere finkatu zituzten ministroek.

Geroztik, Espainiako Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak bi agindu eman ditu. Lehenaren arabera, erbestearen ondorioz espainiar nazionalitatea galdu zuten lagunen seme-alabek eta ilobek Espainiako nazionalitatea eskuratzeko aukera izango dute, Espainiako Erregeari eta Konstituzioari leialtasuna adierazita. Bigarren aginduak artxibategietarako sarbidea erraztea xedatzen du. Horiek izan dira Memoria Historikoaren Legeak, praktikan, ekarri dituen berrikuntzak.

Ahaztuak 1936-1977 elkartea kritiko agertu da, hasieratik, Legearekin. Elkarte hori eta beste hamaikak osatzen duten Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak ere gogor gaitzetsi zuen Legea, sortu zenean. «Egia jakitera ematea eragozten du, justiziaren aplikazioa ezinezko bihurtzen du eta frankismoaren biktimen ordaintzarako eskubide ukaezinari ezetza ematen dio», adierazi zuen Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak, 2007ko urrian. Ahaztuak-eko kide Martxelo Alvarezek argi du Legearen urtebeteko ibilbidearen balorazioa: «Batzuek esan izan dute, irakurketa posibilista bat eginda, Legea lehendabiziko urrats bat zela. Urtebete geroago, Legeak ekar zezakeen apurra ezerezean gelditu dela ikusten dugu guk». Frankismoaren ikurrak ezabatzeko lana, esaterako, «geldotasun sumingarrian» dago, Alvarezen hitzetan. Ahaztuak-ek hasieratik salatu du hainbat biktima kanpoan utzi dituela Legeak: «Legea atera zenean esan genuen okerreko filosofia zuela abiapuntuan, berdindu egiten zituelako biktimak eta uztailaren 18ko estatu kolpearen aldekoak».

Alvarezek nabarmentzen du Legeak uko egin diola frankismoak ezarritako zigorrak ezabatzeari: «Konfiskatzeen gaia erabat alboratu zuten, baita lanetik egotzi zituztenen gaia ere... Dozenaka mila dira erregimen frankistak ezarritako zigorrak».

Adierazgarri delakoan, abenduaren 21ean Eibarko Udalak terrorismoaren biktimak omentzeko egin zuen ekitaldia ekarri du gogora Alvarezek: «Bada pertsona bat, Roberto Perez Jauregi, Burgosko epaiketaren kontrako protesta batean Poliziak hil zuena; Eibarko Udalak ez du hartzen terrorismoaren biktima gisa. Memoria historikoaren eztabaida honen erdian, bigarren mailako biktimak daude oraindik».

Legearekin, elkarteek laguntza eta onarpen handiagoa dutela uste du Joseba Ezeolazak; baita memoria historikoari buruzko eztabaida zabaltzen lagundu duela ere. Sentimendu «gazi-gozoa» dauka, hala ere: «Legearen hutsune handienetakoa Erorien Haraneko kontua da. Milaka eta milaka errepublikazale daude hor lurperatuta; jakin behar dugu nor diren, eta handik atera eta eramateko aukerak dauden». Ezeolazak argi du, egun, arazo handiena gerrako desagertuena dela, eta Legeak ez duela auzi hori konpondu.

Nolanahi ere, 1936ko gerrako eta frankismoko biktimentzat eta haien senideentzat urte bizia izan da 2008a. Gizarte osoari zabaldu zaio urte luzez familietan ezkutatuta egon den auzia.

(Berria. 09 / 01 / 02)