jueves, mayo 08, 2008

11 IZEN, 11 IZAN, AHANZTURATIK ARGITARA

«Bakardadean aritu naiz nire osabaren aztarnen bila urte askotan, familia karlistakoa zelako. Ez zegoen interesik haren oroimena berreskuratzeko. Irakaslea zen, beraz, ez zituzten bakarrik jornalariak akabatu». Pablo Antoñanaren hitzak dira. Mola jeneralaren aginduz, Marokon 1936an fusilatu zuten Jesus Chascori buruz ari zen Vianako (Nafarroa) idazlea. Chascorena da preseski Nafarroako fusilatuen zerrendari gehitutako 11 izenetako bat. Altaffayla elkarteak koordinatutako "Navarra 1936. De la esperanza al terror" liburuaren 9. edizioak bildu ditu izen horiek. Horrenbestez, 2.868 nafar fusilatu zenbatu dituzte guztira.
Liburuaren edizio berria atzo aurkeztu zuten, Sartagudako Memoriaren Parkean, inaugurazioaren «une historikoaren» atarian, etzi eginen baita. Aurkezpenean fusilatuen hainbat senide, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Javier Charela eta Fermin Valencia bakarlaria bildu ziren, besteak beste.

Lan historiko horren lehen edizioa 1986. urtean argitaratu zuten, 2.789 fusilatu zenbatu zituztela. Harrezkero, edizio berri guztietan fusilatuak batzen dituzte. Halaber, azken honetan, gehitutako 11 lagun horiei buruzko hainbat datu bildu dituzte. Artxiboetako txoko guztiak ikertzen aritu diren dozenaka lagunei esker lortu dute informazioa. 11 pertsona horiek Nafarroatik kanpo hil zituzten, eta haiei buruzko datu gehienak Martuteneko espetxeko artxibotik (Donostia, Gipuzkoa) lortu dituzte, Iñaki Egaña ikerlariak helarazita. Biktimen hilarazte sumarioetan agertzen diren datu horiek. Euren bizilagunek jarritako salaketak ere ageri dira espedienteetan. Hortaz, hilketa asko, orain arte uste zenaren kontra, ez ziren bat-batean egin. «Urteetan ahoa estalita eduki dugu, beldur handia izan dugu gertatutakoaz hitz egiteko», esan zuen Mikele Agirrek, Fortunato Agirre Lizarrako alkate fusilatuaren alabak. Bidenabar, liburua argitaratu izanaren «garrantzia» azpimarratu zuen Agirrek.

Hala ere, fusilatuen zerrenda ez dago itxita. «Ikerketek aurrera jarraitzen dute, geroz eta artxibo gehiago irekitzen ari dira», adierazi zuen Altaffaylla elkarteko kide Jose Mari Esparzak. Hori dela eta, Sartagudako Memoriaren Parkeko hormak, hain zuzen fusilatuen izenak erakusten dituenak, toki bat hutsik utzi du, etorkizunean izen gehiago zizelkatuko dituztela aurreikusita. 11 fusilatu horien izenak aurki jarriko dituzte horman. Edonola ere, Sartagudan 3.273 izen ageri dira, tiroz hildakoez gainera, Ezkabako gotorlekuko espetxean hildakoak, lanak egitera behartu zituztenak edota Gursen nazien kontzentrazio esparruan hildako nafarrak agertzen baitira. «Jakina, horiek guztiak ere biktimak direla uste dugu Altaffayllakook», argitu zuen Esparzak.

Bestalde, Ahaztuak elkarteko Charelak esan zuen Memoriaren Parkea «merezitako omenaldia» dela. Edonola ere, haren esanetan, aldarrikapenak ez dira hor amaituko, «Espainiako Kongresuan berriki onartutako Memoriaren Legeak hutsune anitz ditu eta».

NAFARROA ETA EUSKAL ESTATUTUA

Altaffayllak atzo beste agiri bat ere aurkeztu zuen. Hain justu, 1936ko ekainaren 15ean, gerra lehertzear zegoela, Nafarroako Frente Popularrak Espainiako Gobernuan aurkezteko sinatutako manifestua. Nafarroa Euskal Estatutuan sartzeko eskatzen zuten bertan, esaterako, PSOEk, PSCk, ANVk eta CNTk. Akordioa sinatu eta hiru hilabetera, hiru sinatzaile hil zituzten. Gainerakoek erbestera jo zuten edo ezkutuan bizi izan ziren.

Manifestuaren sustatzaileetatik fusilatu zutenetako bat Ramon Bengarai izan zen, Ezker Errepublikazaleko kidea eta Nafarroako Frente Popularreko presidentea. Esparzaren arabera, Sartagudan omenduko direnen «ordezkari teorikoa» zen Bengarai. Garraldakoa zen, eta 1936an fusilatu zuten Iruñean. Haren seme Manuelek malko artean eskaini zituen atzo hitzak. «Liburu horri esker, familiarteko mamuak zirenak ondo antolatutako genozidio bihurtu dira».

Fusilatuak
Urteak

1970 eta 1990. Jaime Ignacio del Burgok Nafarroako historiari buruz egindako liburuen arabera, 678 lagun fusilatu zituzten Nafarroan.

1982. Jose Maria Jimeno Juriok lehen hurbilketa egin zuen, 2.466 lagun fusilatu zituztela zehaztuz.

1983. Salas Larrazabal Jeneralak egindako lanak zehaztu zuen 1.190 izan zirela hildakoak.

1984. AFAN elkarteak egindako "¡No General!" liburuan zioen fusilatuak 2.647 izan zirela Nafarroan.

1986. Altaffaylla elkarteak "Navarra 1936. De la esperanza al terror" liburua argitaratu zuen, tiroz 2.789 lagun hil zituztela zehaztuz.

1990. Nafarroako Kutxak argitaratutako Gran Enciclopedia Navarraren arabera, 1.190 ziren fusilatutakoak. Alegia, Larrazabalen datuetan oinarritu zen.

2003. Altaffayllak kaleratutako liburuaren edizio berri batek 2.857 hildako zenbatu zituen.

2008. Altaffayllaren "De la esperanza al terror" lanaren bederatzigarren edizioak 2.868 fusilatu izan zirela dio. Zerrenda ez dago, hala ere, itxita.

11 izen berriak

Cirilo Ollo Gimenez. 52 urte zituen eta Etxarri Aranazkoa zen. Ogibidez guardia zibila izan zen Bilbon. Santanderren (Espainia) hil zuten 1937an.

Jose Zorita Loyola. Eugikoa zen, eta 38 urte zituela, Hernanin (Gipuzkoa) hil zuten 1936an.

Basilio Urbistondo Rekarte. Ollokoa zen, eta 1936an hil zuten tiroz. Oraingoz ez dakite zenbat urte zituen.

Agustin Uterga Ugalde. 39 urteko garestarra udaltzaina zen, eta 1938an fusilatu zuten Donostian.

Jose Ruiz Encinas. 28 urteko iruindarra Hernanin fusilatu zuten 1936an.

Vicente Sanz Casadaba. Iruñekoa zen, eta Hernanin hil zuten, 37 urte zituela.
Narciso Perez Iñigo. Sesmako 18 urteko gaztea Hernanin hil zuten 36an.

Juan Los Santos Arnedo. 22 urte zituela fusilatu zuten iruindarra, Donostian, 1938an.

Luciano Larraza Lizarraga. Iruñekoa zen, eta 22 urterekin hil zuten Donostian, 1938an.

Jesus Chasco Esteban. Marokon fusilatu zuten 1936an. Vianakoa zen, eta hiru seme-alaba zituen. Ez dute oraindik haren adina zehaztu.

Angel Amatria San Jose. Baionan jaio zen, baina Iruñean bizi izan zen. Frente Popularreko guardia zen, eta Pontevedran (Galizia) hil zuten 1938. urtean, 28 urte zituela.


«Familiarteko mamuak ondo antolatutako genozidio bilakatu ditu Altaffayllaren liburuak» Manuel Bengaray, Ramon Bengaray fusilatuaren semea

«Urteetan ahoa estalita eduki dugu, beldur handia izan dugu gertatutakoaz hitz egiteko» Mikele Agirre, Fortunato Agirre fusilatuaren alaba

«Bakardadean aritu naiz nire osabaren aztarnen bila. Irakaslea zen, ez zituzten jornalariak bakarrik akabatu» Pablo Antoñana, Jesus Chasco fusilatuaren iloba

(Berria. 08 / 05 / 08)