Iruñeko Txantrea auzoan badira hogei karrika 1936ko gerran alderdi frankistaren alde borrokatu zirenen izenak dituztenak. Gehienak soldadu soilak izan ziren. Baina Irun eta Donostia konkistatu zituen Beorlegi jeneralak badu bere karrika, bai eta 1941ean Etxebizitza Institutu frankistako lehen zuzendaria izan zen Federico Mayok ere.
Duela gutxi, Nafarroako Administrazio Auzitegiak aintzat hartu du Joxe Abaurreak bere garaian egindako helegitea, eta ebatzi du Iruñeko Udalak kale izen horiek aldatu behar dituela, Nafarroako Sinboloen Legea betetze aldera.
UPNk ez du ebazpen hori ongi hartu, eta helegitea paratuko dio. Alderdi erregionalistaren ustez, «banderei, armarriei eta ereserkiei buruzkoa da legea, eta ez kale izenei buruzkoa». Yolanda Barcina Iruñeko alkatea eta UPNko burua harago joan da, eta eskutitza bidali dio auzitegiko presidenteari, eta zalantzan jarri du ebazpena sinatu duten hiru legelarietako baten «inpartzialtasuna». Miguel Izu da pertsona hori, Nafarroako Ezker Batuko hautagaia hurrengo hauteskundeetan. Horregatik uste du Barcinak ez dela inpartziala. Eta kontu honetan abstenitu behar zuela uste du.
Nafarroako Administrazio Auzitegia ez da erakunde judiziala, Nafarroako Gobernuaren menpe baitago. Eta Izuk azaldu duenez, legeak abstenitzea debekatzen dio, eta parte hartu behar du ezinbestean.
EBAZPENA BETETZEKO ESKAERA
Nafarroa Baik, PSNk eta Ezker Batuak UPNren jarrera salatu zuten atzo, eta auzitegiaren ebazpena betetzeko exijitu zioten.
Nafarroa Baik eskatu du heldu den otsailaren 26an ezohiko bilkura egiteko Iruñeko udaletxean, gai hau jorratzeko. Yolanda Barcinak egindako adierazpenak eta auzitegiko lehendakariari bidalitako eskutitza esplikatzea nahi du NaBaik. Koalizioak gogoratu du kale izen horiek aldatzeko mozioa onartu zuela Udalak iaz. Eta mozio hori berresteko bertze mozio bat aurkeztuko duela iragarri du.
(Berria. 08/ 02 / 22)