miércoles, marzo 26, 2014

PARIS MATCH, 1976: SUÁREZ, FALANGEA ETA EUSKARA (Ignacio Aiestaran Uriz / Argia)


Espainian 1976ko uztailean boterea hartu bezain fite, uda hartan Adolfo Suárez presidenteak elkarrizketa egiteko aukera eman zion Philippe Ganier-Raymond kazetariari. Bere hitzak Paris Match astekarian karrikaratu ziren, 1976ko abuztuaren 28an, 1.422. zenbakian. Ideia franko irakur ditzakegu, garaiko pentsaera uler dezagun. Kasu baterako, presidente espainolak adierazi zuen boterea maite zuela (“Le pouvoir? Cela m’enchante”).

Erreportajearen hasieran hurrengo solasa dugu, Mugimenduaz (“Movimiento”, jatorrizko testuan), Opus Dei eta Falangeaz:

P. G-R.: – Zu nolabait Opus Dei eta Mugimenduaren semea zara. Mugimendua Falangea bezalakoa da…

A. S.: – Eta Falangea naziak bezalakoa da. Badakit…

P. G-R.: – Zer da Mugimendua?

A. S.: – Ez didazu sinetsiko. Mugimendua, niretzat, esentzialki erakunde soziala izan zen beti. Han ideiak trukatzen ziren, gazteen zirkuluak zeuden, oso libreak, eta bertzerik ez.

Geroago, euskaraz eta katalanez egin zuten berba hizketaldi hartan:

P. G-R.: – Batxilergoa euskaraz eta katalanez hasiko da?

A. S.: – Zure galdera –barka iezadazu– ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak.

Halako ideologia eta aurreiritziak direla bide, Espainiako erresuman demokrazia deituriko gezurkeria zabaldu zuten, Trantsizioaren Kulturak bultzatu eta babestu duena. Orain, mesedez, restons sérieux.