viernes, enero 10, 2014

MAKIAK EUSKAL HERRIAN. FRANCO LOTSARAZI ZUEN FUSILATZEA


Hondarribia, 1944ko azaroaren 18a, gaua. Lehen euskal gerrillari taldeko aurreneko bost kideak txalupan hondartzaratu dira Hendaiatik. Pedro Barroso Segovia komandante komunista dute buru. Helburua, Gipuzkoan eta Bizkaian makiak kokatu eta barreiatzeko saiakera egitea.

Eurentzat azken bidaia izango zen hura. Batik bat Pedro Barrosorentzat. Izan ere, hamar gizonez eta emakume batez osatutako taldea egun gutxira atxilotu zuen polizia frankistak. Hasiera batean Donostiako Loiolako kuartelean egindako gerra-epaiketan gehienak heriotzara kondenatu nahi bazituzten ere, azkenean komandanteari ezarri zioten zigor gorena.

“Azkeneko aldiz epaiketa baino lehen ikusi nuen Barroso, patioan ginela gainerako presoekin. Bera ziur zen fusilatuko zutela. Epaiketaren ondoren, heriotza zigorrera kondenatu zuten eta soilik morsez hitz egiten genuen biok ziega batetik bestera. Kartzelan ezagutu nuen El Dia egunkariko zuzendaria, nazionalista, eta,heriotza zigorra kommutatzeko saiakera egiteko eskatu nion, baina ezin izan zuen deus egin”, gogoan du 98 urteko Marcelo Usabiagak, aipatu taldeko maki ohiak.

Hala ere, hura fusilatzeko arazo handi bat zuten faxistek. “Uda izanik, Gasteizera eraman behar izan zuten fusilatzera, hilabete horiek Donostian igarotzen zituztelako bai Caudilloak, bai nazioarteko ordezkari diplomatiko guztiek. Nazioarteko lotsa izan zitekeen fusilamendu hura, eta modu ‘diskretu’ batez hil zuten”, azaldu du Mikel Rodríguez historialari eta Maquis. La guerrilla vasca. 1938-1962 liburuaren egileak.

“Barrosok Ondarretako kartzelako apaizarekin pasa nahi izan zuen azken gaua, oso pertsona ona zelako, nazionalista. Hala izan zen, eta Gasteiztik itzuli zenean, Barroso pertsona zintzoa eta amaierara arte ausarta izan zela esan zuen apaizak”, dio Usabiagak, azken uneok berreskuratuz.

EUSKAL MAKIEN ABANGOARDIA

“Gu maki talde berezi baten etorreraren zain geunden. Eibarren hori zen gure kezka bakarra, eurei laguntzea. Hamar bat ginen eta kalean batzen ginen”. Ignacio Gaspar Álvarez zendutako gallartar komunistaren hitzak dira, Eibarren gerrillarion laguntza-taldekidea zena une horietan. Barroso eta Usabiagaren taldea Gipuzkoan sartu eta hurrengo gauean, Bernardo Zamora Iriarte Beñat kontrabandistak beste sei kideak ere pasa zituen txalupan Hego Euskal Herrira.

Hala, gerrilla matxinada piztuko zuen aurreneko taldea bi zatitan bidali zuten Gipuzkoara. Argazki bana zeramaten denek, Iparraldean atereak, Hegoaldera pasatakoan dokumentazio faltsua egiteko. “Bigotea kamuflatzeko utzi nuen”, gogoan du Usabiagak. Ondoren, Gipuzkoan jada, Donostia, Eibar eta Bilborako bidea hartu zuten borrokalariek hiru taldetan banaturik.

“Otxabiña, Huerga eta González Suárez etorri ziren Eibarrera, eta desagertutako Sautxi baserrian gorde nituen. Ez zutenez dokumentaziorik, González Suárezi nik eman nion nirea. Hala erori ginen gu, ziztu bizian… Etxean harrapatu ninduten lo poliziek eta besteak baserrian”, dio Álvarezek. Denak poliziaren atzaparretan erori ziren –batzuek, tartean Barrosok berak, Melitón Manzanas ospetsuaren torturak jasan zituzten–. Batek, ordea, ihes egitea lortu zuen: José Gandiak, hain zuzen.

Pedro Barroso, zehazki, abenduaren 3an atxilotu zuten Bilbon. 1916an Toledon (Espainia) sortua, lanbidez igeltseroa zen Bartzelonan. Komunista, PSUC alderdiko kidea izaki, 1946ko Gerran kapitain eta Toledoko Herri Tribunaleko kide izan zen. Atxilotu eta Bartzelonako La Modelo espetxean sartu zuten 30 urteko zigorrarekin. Baina 1944ko uztailean Iparraldera ihes egitea erdietsi eta berehala maki sartu zen, 102. Dibisioko komandante gisa; azkenean, gerrillari talde bereziarekin muga igarotzean atxilotu zuten arte. Gerrillari batek taldekideen izen-abizenak eta karguak jartzen zituen paper bat zeraman eta hori nahikoa izan zen epaile frankistak Barrosori heriotza zigorra ezartzeko. “Behin eta berriz esan nien soinean datuak eta paperak ez eramateko. Azkenean, guretzat salbazioa izan zena –ni soldadu hutsa nintzela esan bainion epaileari–, Barrosorentzat akabera izan zen”, gogoratu du Usabiagak.

MAKIAK HEGOALDEAN BARNA

1944. urtean Francoren aurkako gerrillak sartzen hasi ziren Nafarroan. Baina porrot handia izan zela ikusirik –frankistek euren indar armatu eta polizialak bertan batu baitzituzten–, Aran bailarako inbasioa hasi zuten Espainiako Birkonkista Operazioa-ren barnean. Taldeotan hamaika euskaldun zeuden; baita atzerritar antifaxistak ere. Hala ere, azkenean Arango eraso bortitza ere hanka-sartze itzela izan zen, makina bat gerrillari hil baitzituzten.

Bi porrot horien ostean, borrokalariak talde txikitan sartzea erabaki zuten antifrankistek. Halatan, Frantzian ziren maki espainiarren erakundearen barnean Euskadiko Gerrillari Erakundea sortu zuten, Victorio Vicuña lasartearra buru zela. Muga igarotzeko aparatua Asensio Arriolabengoak zuzentzen zuen; itsasoz eta batik bat Nafarroatik oinez igaro ohi ziren makiak. “Espainiar gerrilla-zuzendaritzan euskaldunak baziren asko, baina ezin da jakin zehazki zenbat euskaldun zeuden denera makietan, han-hemenka baitzeuden nahasturik; garaiko PCEren dokumentazio asko ez da existitzen edo oso kalteturik dago. Gainera, izenen zerrendak ikustearekin ez da nahikoa”, dio Rodríguezek. Eta Euskadiko Gerrillari Erakundean zenbat lagun ote? “Behe Pirinioetako Brigadak, esaterako, Iparraldeko gune menditsuenak naziengandik askatu zituen, eta 300 lagun inguru ziren”, azaldu du euskal makien kopuruaz. Usabiagak ere zenbaki bera bota du: 300 inguru.

Asmo argi eta garbia zuten: Bizkaian eta Gipuzkoan sustraituz, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko gune menditsuetan jardutea. “Baina hemen mendiak oso populaturik daudenez, ez dira nahikoak makiak gordetzeko. Hori dela eta, ondoren, hiri-gerrilla ezartzeko saiakera egin zuten Bilbon”, esplikatu du historialariak.

Haatik, gerrilla ez zen Euskal Herrian errotu. Lehenik, “poliziak eta armadak atxilotutakoak eta hildakoak hamaika” izan zirelako. Ondarretako kartzelan, kasu, “80 edo 90 maki” bazirela adierazi du Usabiagak. Bigarren zioa, herritarren laguntzarik eza izan zen: “Hegoaldean jendeak zuen beldurraren ondorioz –dio Rodríguezek–, maki batzuk Iparraldera itzuli ziren, beste batzuek desertatu eta euren herrietara jo zuten bizitza normala egitera, eta beste batzuek Europako Mendietara jo zuten. Egokitzeko zailtasun handiak izan zituzten Euskadin”.

BI ALDEETAKO EZBERDINTASUNAK

Iparraldean ziren euskaldun gerrillariek animoa goran zuten oso: “Iparraldera heldu bezain laster, Otxabiña eibartarra ezagutu nuen eta egun gutxitan Eibar hartuko genuela esan zidan! Ni zur eta lur geratu nintzen berari begira, Gipuzkoatik ihes egin bainuen eta banekien nolakoa zen egoera”, kontatu du Usabiagak bere taldekide Víctor Lecumberri Otxabiñari buruz hizketan. “Desertzioen gakoa da hori: gerrillari askok ez zuten pentsatzen halako borroka latzak izango zirenik, euren atzetik aliatuak sartuko zirela ere uste zuten, eta herria eurekin matxinatuko zela diktaduraren aurka. Nazioarteko demokraziek Francorekin zerbait egingo zutela pentsatzen zuten, gainera. Eta oso bestelako egoera topatu zuten Hegoaldera joandakoan: laguntzarik ez, jazarpen ikaragarria… Barrosoren taldeak, ordea, bazekien frankismoa ez zela egun batetik bestera eroriko”, gaineratu du Rodríguezek.
 
(Aitor Azurki / ARGIA aldizkaria / 2398. alea / 2014-01-12)