viernes, enero 10, 2014

JOSEFINA LAMBERTO YOLDI: "POZIK NAGO, BAINA EZ GUZTIZ"


“Ama jota gelditu zen. Senarra hil zioten, alaba, eta ez hori bakarrik, alkateak lurrak bere izenean jarri zituen eta behorra ere kendu ziguten”

“Iruñean, ama gaixorik jarri zen eta alokairuko gelatik bota gintuzten. Eskaileratan lo egin behar izan genuen”

“Diario de Navarran ahizpari gertatutakoa kontatu nuenean, espetxean sartuz gero ez zirela ni ateratzen saiatuko esan zidaten mojek”

2013ko azaroan Nafarroako Parlamentuak 1936ko altxamendu militarraren ondorioz hil eta errepresioaren jomuga izan ziren biktimen memoriaren aldeko legea onartu zuen, UPNren abstentzio bakarrarekin (41. orrialdeko koadroa). 1936ko gerra hasi eta 77 urtera etorri zaio Josefina Lambertori parlamentuaren aitortza. Askorentzat berandu iritsi bada ere, orduko indarkeria jasan zuten 3.400 hildakoen senitartekoek zor zitzaien sostengua lortu dute.

Parlamentuak legeari bidea zabaldu zion egunean legebiltzarrera gerturatu zirenen artean zegoen bera eta gogoz txalotu zuen han hartutako erabakia. Bazituen pozik egoteko arrazoi franko, denbora luzean familiari jazotakoa salatuz han-hemenka ibilia baita. Maravillas Lamberto zuen ahizpa, 14 urte besterik ez zituela Larragan bortxatu eta akabatu zuten neskatoa. Ekitaldian erakutsitako poztasuna ez zen erabatekoa izan, ordea: “Pozik nago, baina ez guztiz. Orain, lege hori onartzea lortu dugula, ezin dut nire aita aurkitu. Berriki, hondeamakinak Ibiriku Deierrin izan ziren, aitaren gorpuari lur eman ei zioten lekuan. Lursaila goitik behera arakatu zuten, baina ezin izan genuen ezer topatu. Diotenez, han partzelaria egin zuten, eta lurrak zatikatu zituzten”.

Lambertok beti eraman ditu buruan iltzaturik txikitan ikusi behar izan zituenak: “Gaueko ordu bietan ate-joka hasi ziren, ireki ezean botako zutela mehatxatuz. Metrailetekin igo ziren, eta aitari arropak janzteko agindu zioten. Logelak bi gelaxka zituen, batean gurasoek lo egiten zuten, eta bestean hiru ahizpok. Maravillasek ordurako 14 urte zituen, eta bazuen herrian gertatzen ari zenaren berri. ‘Aitari egin behar diozuena ikusi nahi dut!’ esan zien erasotzaileei. Eta beraiek ‘etorri bada!’ erantzun zioten jarraian. Aita herriko kartzelan sartu eta ahizpa nagusia idazkaritzara igo zuten. Gizajoari irudikatu daitezkeen gaiztakeri guztiak egin zizkioten. Gure amak, goizean goiz, gosaria prestatu eta, arren, aita eta ahizpari eramateko eskatu zigun. Hara iritsi ginenerako jada ez zeuden. ‘Paseatzera’ eraman zituzten, fusilatzera. Nire aitaren hilotza Ibiriku Deierriko herritar batzuek lurperatu zuten, eta ahizparena handik astebetera topatu zuten, basotxo batean, hanketan zakurren hozkadak zituela. Nekazariek aleak bereizteko makinaren gasolinarekin su eman zioten, usteltzen ari baitzen, eta zakurrak akabatu zituzten”.

Josefina Lamberto Iruñeko Miserikordia Etxean bizi da. Goizeko 7etan esnatu eta pare bat orduz zahar egoitzako garbitegian aritzen da lanean, sosa batzuk eskuratzearren. Gosaria hartu eta Paris 365 jantoki sozialera joaten da egunero laguntzera. Bazkaldutakoan, San Juan de Dios ospitalera hurbiltzen da, familiarik gabeko gazte baten ondoan arratsaldea ematera. Pozarren dago: “Sinestezina badirudi ere, inoiz baino zoriontsuago bizi naiz orain. Malariak jota eta sorbalda urratua badut ere, poz-pozik sentitzen naiz orain”.

LARRAGA 1936an

Ahizpa bortxatu eta hil zuten garaian Larraga herri pobrea zen: “Larragan lau aberats zeuden, beste guztiak pobreak ginen. Gizonak herriko plazara joaten ziren jornalari moduan lan egitera. Pilar ahizpa 10 urterekin gari-soroetan belar txarrak kentzen ibiltzen zen. Gehienak nekazariak ginen. Pobreak ginen, bai, baina ez zitzaigun jatekoa falta. Txerria hil eta urte osorako genuen, oiloak genituen, untxiak...”.
Aita UGT sindikatuan afiliatua zegoen eta ez zen mezara joaten. Arrazoi horiek aski izan ziren bere heriotza zigorra erabakitzeko: “Aita ez zegoen ezertan sartua. Langilea zenez UGTn izena emana zuen, besterik gabe. Gu mezara joaten ginen eta jaunartzea egin genuen. Oraindik gogoratzen ditut jaunartzerako utzi zidaten jantzi zuria eta gomazko zapata beltzak. Aitak ez zigun inoiz mezara joatea debekatu. Eta apaizak maltzurrenak izan ziren, beraiek izan ziren hau ala bestea hiltzea erabaki zutenak. Aberatsek eta Elizak boterea partekatzen zuten”.

Larragan guztira 47 herritar hil zituzten. Errepresioa beldurgarria izan zen. Josefina Lambertoren aita eta ahizpa fusilatu eta berehala, familiari ondasun guztiak lapurtu zizkieten: “Nire ama jota gelditu zen. Hortik aurrera ez zen pertsona bera izanen. Senarra hil zioten, alaba, eta ez hori bakarrik, zeukan guztia kendu zioten. Alkateak lurrak bere izenean jarri zituen, eta behorra ere lapurtu ziguten. Zehatz-mehatz gogoratzen dut nolako behor puska genuen, liraina, handia, aldaka zabalekin. Behor baten jabeak altxor bat zeukan. Nire aitak lurrak eta etxea berme bezala utzi zituen behor hori erosi ahal izateko. 500 pezeta ordaindu zituen”.

Lambertok ez du Larragara bisitan itzultzeko gogorik. Bere ama Paulina Yoldi bakarrik gelditu zen, eta herrian ez zioten laguntzarik eskaini. Are gehiago, senarra eta alaba hil eta gutxira espetxean sartu zuten, herriko okinaren emaztearekin eztabaida izan eta gero: “Hiru egunez egon zen preso, eta gu bakar-bakarrik etxean. Inork ez zigun ogi puska bat ere eskaini”.

Ama gazte denboran lanean ibilitako militar baten etxera zerbitzatzera bueltatu zen. Alabak, berriz, Maravillasen bortxaketan parte hartu zuen gizon baten etxera bidali zituen: “Nire ama espetxean zegoela, oihu egiten zuen, ziegako leihoa ireki ziezaioten, itotzen ari baitzen. Julio Redín izeneko gizon batek, Maravillasen bortxaketan parte hartu zuenak, emakumea libre uzteko eskatu zuen: ‘Ez al da aski bere familiari egin diozuen guztia?’ esan omen zien, eta nire ama aske geratu zen. Pilar nire ahizpak Down sindromeak jotako Julioren alaba zaintzen zuen, eta ni eskolara eramaten ninduten. Etxeko ganbaran lo egiten nuen, bakarrik, argirik gabe. Julio Redín Fragako frontean hil zen, kamioi baten barruan kiskalita. Jendeak Jaungoikoaren zigorra izan zela esaten zuen”.

IRUÑEA ETA KARATXI

Handik urtebetera, Paulina Yoldik hiriburura joateko deliberoa hartu zuen. Bi alabak gainean hartu eta Iruñeko Javier Aldapan gela bat alokatu zuen. Hasieran limosna eske ibili zen, eta handik gutxira Estafeta karrikako Gerendiain dendan lana aurkitu zuen, zakuak josten. Goizeko 4etan esnatzen zen zakuekin diru apur bat bildu asmoz: “Pilar eta biok Vianako Printzearen Plazan zegoen jatetxe sozialera joaten ginen bazkaldu eta afaltzera. Cara al Sol abestera behartzen gintuzten. Halako batean, ama gaixorik jarri zen eta alokaturiko gelatik bota gintuzten. Eskaileratan lo egin behar izan genuen. Ama gaixorik zegoenez eta zerbait jan behar zuenez, egun batez jantokian ogi puska bat hartu eta arropen artean ezkutatu nuen. Gure mahai berean eserita zeudenek jantokiko nagusiaren aurrean salatu ninduten, eta eskuetan makil batekin astindu zidaten. Oraindik negar egiten dut hori guztia gogoratzen dudanean”.

Lambertok San Frantzisko eskola publikoan ikasi zuen. Fusilatu baten alaba izanagatik, ez zuten ikastetxean gaizki hartu. Gerra osteko Iruñea gris horretan, poliki-poliki emakumetzen joan zen. 21 urte zituela, eta koadrilako lagunen adibideari jarraituz, komentu batean sartzea otu zitzaion, amaren iritziari kasurik egin gabe: “Erokeria izan zen. Nire lagun batzuk komentura joan ziren eta haurrak laguntzeko asmoa nuenez, nik bizitakoa sufritu ez zezaten, moja sartu nintzen. Pakistango hiriburura bidali ninduten, Karatxira, itsasontziz. Oso gaizki pasatu nuen. Eguraldia oso gogorra zen eta laster malariarekin kutsatu nintzen. Oraindik sufritzen dut gaixotasun hori, ez da inoiz sendatzen. Sorbalda ere urratu zitzaidan. Morroi baten legera egiten nuen lan. Ez zidaten ingelesa edo urdua irakatsi, eta pobrea nintzenez, mojak nirekin oso ankerrak izan ziren”.

Paulina Yoldik ez zuen bere alaba berriz ikusteko aukerarik izan. Josefina Lambertok 14 urte eman zituen Pakistanen, eta ama hilzorian zegoela lortu zuen komentua utzi eta Iruñera bueltatzeko baimena. Berandu baina. Gestio burokratikoak medio, ama hil eta hiru egunera heldu zen Iruñera: “Mojei ipurdia garbitzeagatik galdu nuen nire amaren maitasuna”.

Franco hil eta berehala, mojekin tirabirak hasi ziren. Lambertok aita bilatzeari ekin zion, eta mojek ez zuten bilaketa begi onez ikusi. “Zerbait eginen zuen zure aitak horrela bukatzeko” esaten zioten komentuan, eta berak erantzun: “Eta Maravillasek, zer egin zuen Maravillasek?”.

Bazterrak nahasten ari zela-eta, Madrilera destinatu zuten: “19 urtez izan nintzen Madrilen. Zoruak garbitzeko erabiltzen ninduten. Nik pobreekin egon nahi nuen, baina beraiek esklabo nahi ninduten. 80ko hamarkadaren erdialdera Salas Larrazabal jeneralak gerra garaian hildakoen zerrenda bat argitaratu zuen, non Maravillas ‘desagertua’ bezala ageri zen. Nik ez nuen bitan pentsatu eta Diario de Navarrari gutuna igorri nion, nire ahizpari gertatu zitzaiona azalduz, nola bortxatu zuten, nola hil zuten... Mojak sutan jarri ziren, eta esan zidaten espetxean sartuz gero ez zirela ni ateratzen saiatuko”.

67 urte zituela, Josefina Lambertok ez zuen gehiago agoantatzeko adorerik izan: “Ordurako ez zitzaidan ezer axola. Kalean lo egin beharko nuela? Bada, kalean lo eginen nuen. Fedea erabat galduta nuen. Kanpokoei amodioa eman nahi badiezu, etxe barruan amodioa egon behar du, eta komentuan ez zegoen maitasunik. Senide baten laguntzari esker, Miserikordia Etxean leku bat utzi zidaten eta hona etorri nintzen. Orain inoiz baino zoriontsuago bizi naiz, zinez”.

(Koldo Azkune / ARGIA aldizkaria / 2398. alea / 2014-01-12)