domingo, diciembre 23, 2007

71 URTE GEROAGO, ARGITARA

Buruan tiro bat eman, hil eta bide bazterrean lurperatu zuten, zulo batean, karobi batean. Han pasa ditu 71 urte baino gehiago. Lurperatu zutenetik, inguruko tabernetako zaborra gaineratu diote. Baita hildako txakurren bat edo beste ere. Urteotan guztietan bakar batzuek baino ez zuten gogoan 1936ko irailaren amaieran, gerran, Azkoitiko Madariaga auzoan gertatutakoa (Gipuzkoa). Eta gutxi batzuek baino ez zeukaten gogoa hura azaleratzeko.

Juan Aranberri Madariaga baserrikoak hildakoa ikusi egin zuen. Baita nola lurperatu zuten ere. Sei urte zituen orduan. Gogoan du aurpegian jarri zioten zapi zuria. Eta oinetakoak. «Bortzegiak, ferradunak». Soldaduek herriak zeharkatzen zituztenean soinu ozena ateratzen zuten horietakoak. «Lurpean sartzerakoan bota berri-berriak ikusi nituen, eta pena sentitu nuen, bota berriak lurperatzeagatik, baina hildakoari ezingo dizkiogu ba botak kendu, pentsatu nuen». Parapan baserriko Felix Aranbarrik ere garai hartako tiroketen berri izan zuen. «Tiroketak gertatu eta bi edo hiru egunera jakin genuen hildakoak zeudela mendian. Iritsi ginenean lurperatzen ari ziren. Baina oso azalean lurperatu zituzten eta txakurrak hildakoak jaten hasi ziren».

Felix Etxeberria Errepublikaren aldeko milizianoa lurperatu zuten leku zehatzaren bila ari zela, Aranbarrirekin topo egin zuen Madariagan, eta hark esan zion non lurperatu zuten. Aranzadi Zientzi Elkartearekin ere harremanetan jarri zen, eta Elgoibarren ere 1936ko gerrako eta ondorengo memoria historikoa berreskuratzeko taldea sortu zuten: Elgoibar 1936 Gogoratzen. Lurperatutako lekua, ordea, asko aldatu da. Urteotan Madariaga auzoko taberna batek botatako zaborra eta bestelako hondakinak pilatu dira gainean. Duela astebete Elgoibar 1936 Gogoratzen taldeko kideak gorpuzkinak ateratzeko asmoz joan ziren, aitzurrak eskuetan. Baina aitzurrekin ezin izan zuten lurrik mugitu. Hondeamakina batek egin du aste honetan lana. Eta atzo erakutsi zituzten 1936ko irailaren hondarrean Madariagan hildako milizianoaren hezurrak. Oinetan zeuzkan bortzegi ferradunak.

70 bat lagun elkartu ziren Madariagan egindako zulo handiaren inguruan. Zuloaren hormetan, denetik, batez ere botila zaharrak. Eta hondoan, hezurdura osoa. Hildakoa gizonezkoa da. Garezurraren atzealdetik atera zitzaion eman zioten tiroa. «Galtzarbean ere badu beste tiro bat», Aranbarriren esanetan.

Gaztea zen. Claudio Albisu Aranzadi Zientzi Elkarteko dentistak hildakoaren hortzak aztertu ditu eta esan du 25 urte ingururekin hil zutela. Txikia zen. Izterrezurraren luzerak zehaztuko du haren garaiera. Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzi Elkarteko Antropologia Saileko arduradunak aipatu du Guadalajarako Artxibo Militarrean (Espainia) daudela soldaduska egin zuten guztien neurriak.

Hildakoari aurreskua dantzatu diote. Lore sorta ere jarri diote. Zuloaren goiko aldean ikurrina eta Errepublikako bandera daude. Bildutakoek Eusko gudariak eta Internazionala abestu dituzte. Ez da azkena izango. Beste zortzi gorpuren berri dutela esan du Iñaki Odriozola Elgoibar 1936 Gogoratzen elkarteko ordezkariak. Etxeberriak badaki horietako batzuk non dauden. «Poliki-poliki joango gara ateratzen. Jendea ezin da txakurren pare lurperatuta eduki».
(Berria. 07/12/23)