lunes, septiembre 17, 2007

BUSTURIAN LEHENENGO ETA BIGARREN MAILAKO FUSILATUAK?


Abuztuaren 4an Frankoren gerra garaian Derioko hilerrian fusilatu zituzten Busturiako seiei, eta Busturiako gainerako kartzelatu eta desagertuei, inor baztertu barik, omenaldia egin zitzaien Busturiako Udalaren babesaz. Omenaldi hunkigarria. Omenaldi jendetsua izan zen arren, nabari geratu zen jende-talde jakin baten falta. Bere arrazoiak izango zituen ez etortzeko. Ni horretan ez naiz sartzen.

Handik hilabetera (Irailaren 9) EAJren batzokia inauguratu zela 25 urte direla-eta, Busturiako EAJren Uri Buru Batzarrak ekitaldi politiko bat antolatu du eta horren barruan omenaldi bat egin die sei fusilatuetako lauri. Lau horien artean Doroteo Kaltzada Izpizua gure aitaren izena agertu da eskeletan. Nik, Elisa Kaltzada Ugalde, Doroteo Kaltzada Izpizuaren alabak, nire desadostasuna adierazi behar dut egun berean eta arrazoi beragatik fusilatu zituzten Busturiako seme bi (Hipolito Alvarez Urrutia eta Florentzio Bilbao Agirre) baztertu dituztelako eta, beraz, gure aitaren izena modu horretan erabiltzea salatu gura dut.

Udalaren babesaz antolatutako omenaldira familia fisikoa zein politikoa ez etortzea erraz ulertzekoa ez bada ere, euren kontua da eta kito. Baina bene-benetan salatu gura dut herriko seme fusilatu bi baztertuta gure aitaren izena erabili izana.

Elisa Kaltzada (Doroteo Kaltzadaren alaba)