
Alkate frankisten irudiek Bilboko udaletxean jarraituko dute. Hala
erabaki dute EAJk eta PSE-EEk. Korridoreetatik kendu bai, baina beste
leku bat bilatuko diete erretratuoi.
Hain zuzen, "testuinguruan kokatutako espazio bat prestatzea" adostu
dute jeltzaleek eta sozialistek Leku horretan jarriko dituzte alkate
guztien irudiak, "historia ulertzen lagunduko duten beste elementu
batzuekin".
Polemika eragin duten alkateok, Bilboren
agintaritza euren eskuetan eduki zuten 1937tik 1979ra. Herritarrek hala
erabaki gabe, hamar alkate izan ziren, hamahiru, hiru alkate
bitartekariak gehituz gero.
1. Jose Maria Areilza
Frankistek Bilbo okupatu eta bi egunera izendatu zuten alkate Jose Maria
Areiltza Rodasko kondea. (Portugalete, 1909-Madril, 1998). Zortzi
hilabetez izan zuen aginte makila eskuetan, 1937 eta 1938 artean.
Hiriburuko hainbat kaleren izenak aldatu zituen karguan egon zen
bitartean, terminologia faxista erabiliz. Izendatu zuten egunean bertan,
Bilboko udal langile guztiak kaleratu zituzten: 1.800 inguru ziren.
Urteek aurrera egin ahala bere ibilbidea zuzendu egin zuela esan bazuen
ere, entzutetsu bihurtu zen haren adierazpenetako bat: "Espainiaren
existentzia jokatu da armen taulan. Borrokatu egin da. Irabazi egin da.
Ondo uler dezatela denek. Betiko". Diktadorea hil ostean, Juan Carlos
Borboikoa Espainiako erregeak hala erabakita, Carlos Arias Navarro
Espainiako Gobernuko presidenteak Atzerri ministro izendatu zuen,
1975eko abenduan.
Pio Cabanillasekin batera, lehenengo Alderdi
Popularra sortu zuen 1976an. Gerora, UCDn sartu ziren. Alderdia utzi
zuen Adolfo Suarez iritsitakoan. 1987an, gainera, Espainiako Errege
Akademiako kide izendatu zuten.
Besteak beste, El Correo
Español egunkariko kontseilaria izan zen Areiltza; baita Central
Siderurgica y Sociedad Española de Amiantoseko presidentea ere.
Mutrikun (Gipuzkoa) dago ehortzita, Mercedes Txurruka Zubiria emaztearekin eta Mercedes alabarekin batera.
2. Jose Maria Gonzalez Kareaga
1938an agintean egon zen sei hilabeteetan, Jose Maria Gonzalez Kareagak
(Bilbo, 1899-Madril, 1971) Mola jeneralaren eskultura bat eraikitzeko
agindu zion Moises de la Huertari. Udalak ordaindu zuen: orduko 5.000
pezeta izan ziren. Olabarrietako parkearen izena aldatzeko agindua ere
eman zuen Gonzalez Kareagak; Condes de Zubiria deitu zuen, industria
arloko noble familiaren omenez.
CEPSA enpresako zuzendaritzako
kide izan zen. Horri esker, Venezuelan eta AEBetan petrolioarekin
lotutako negozioetan aritu zen.
3. Felix Lekerika
Zortzi hilabete egin zituen Felix Lekerikak ere Bilboko alkate (Bilbo,
1891-Bilbo,1963). Hainbat enpresatako kontseilaria izan zen; besteak
beste, La Basconia, Urquijo banketxea, Vidrieras Españolas eta Tubos
Forjados. Bilboko Patroien Ligako zuzendaria ere izan zen.
Frantzia nazien esku zegoela, Espainiako enbaxadore izan zen bertan.
Milatik gora errefuxiaturen atxiloketen erantzulea izan zen; gehienak,
EAJkoak. Jose Antonio Agirre lehendakaria atxilotzen ere saiatu zen. Ez
zuen lortu. Bai, ordea, Generalitateko presidente Luis Companys eta
Julian Zugazagoitia harrapatzea —1931n Bilboko zinegotzi izan zen hura—.
Francok aginduta erail zituzten biak.
4. Jose Maria Oriol
1939an alkatetzara iritsi zenean, Falangeko probintziako buru bihurtu
zen Jose Maria Oriol (Santurtzi, 1905-Madril, 1984). 22 hilabetez eutsi
zion Bilboko aginte makilari. Berrogei bat enpresatan kontseilari eta
presidentea izan zen; besteak beste, Babcock Wilcox, Fenosa, Banesto,
Talgo, Hidroelectrica Española eta Unesa. Espainiako lehenengo zentral
nuklearrak eraiki zituen, eta Euskal Herrian Lemoizkoa eta Debakoa
sustatu. Hitlerrek III. Reicheko Arranoaren zaldun gurutzea eman zion.
5. Tomas Perosanz
Jose Maria Oriolek kargua utzi ostean hartu zuen alkatetza Tomas
Perosanzek (Bilbo, 1893-Bilbo, 1959). 1941ean eta 1942an, 22 hilabetez
izan zen karguan. Hainbat omenaldi egin zizkien buruzagi frankistei.
Itsasontziekin lotutako negozioetan aritu zen.
6. Joaquin Zuazagoitia
Kimika eta Farmazia ikasketak zituen Joaquin Zuazagoitiak (Madril,
1892-Bilbo, 1971). Aurrekoek baino gehiago iraun zuen: 198 hilabetez
eduki zuen Bilboko aginte makila, 1942 eta 1959 artean.
Arte
Ederretako museoa zuzendu zuen, eta Bilboko talde intelektualei lotutako
pertsona zen. El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariko zuzendaria
izan zen, 1939an sortu zenetik 1950era bitartean. 1964tik 1971n hil
zenera arte, Bizkaiko Kultura Batzordeko presidentea ere izan zen.
7. Lorenzo Hurtado de Saratxo
Enpresa mundutik etorri zen hurrengoa ere: Lorenzo Hurtado de Saratxo
(Bilbo, 1889-Getxo, 1984). Izan ere, 1929an Resinera Bilbaina enpresako
kontseilari izendatu zuten. Ostean, Firestoneko eta El Pueblo Vasco-ko
eta Diario Vasco-ko kontseilaria ere izan zen. Gerra bukatu ostean,
Informaciones egunkariaren arduradun nagusia izan zen. 1959an iritsi zen
udalera, eta 54 hilabete iraun zuen. Ideologia liberalekoa ze; tokiko
administrazioaren legea ez zuen ontzat jo, eta dimisioa eman zuen.
1967ko otsailean, haren izena ipini zioten Begoñako tunelen eta
Ibarsusiko bidegurutzearen artean zegoen kaleari.
8. Javier Ibarra
Falangearen sortzaileetako bat izan zen Javier Ibarra (Bilbo,
1913-Getxo, 1977). 67 hilabetez izan zen alkate, 1963tik 1969ra
bitartean. 1936ko estatu kolpearen egileetako bat izan zen Bizkaian.
Besteak beste, Banco de Vizcaya, Iberduero, Babcok Wilcox eta
Constructora Estraunzaren zuzendaria izan zen. 1947an, Bizkaiko
Diputazioko presidente izendatu zuten. ETA politiko-militarrak hil zuen,
1977an, Negurin (Getxo).
Madrilgo Informaciones arratsaldeko
egunkariaren administrazio kontseiluko presidentea izan zen. Donostian,
Diario Vascoren kontseilari ordezkari ibili zen, eta, Bilbon, El Correo
Español-El Pueblo Vasco egunkariko kontseiluko presidentea zen.
9. Pilar Careaga
Francoren diktaduran alkate kargura iritsi zen lehenengo emakumea izan
zen Pilar Careaga (Madril, 1908-Madril, 1993). Vista Alegreko zezen
plazan frankismoaren etsaitzat jotako atxilotuak preso hartzeko baimena
eman zuen 1973an. 400 gizon-emakumetik gora ziren, salbuespen egoerak
eraginda. Nazioarteko prentsak eman zuen egoera haren berri, eta
eskandalutzat jo zen.
10. Jose Luis Berasategi
Franco
hil aurretxoan aukeratu zuten alkate Jose Luis Berasategi (Bilbo,
1920-Bilbo, 1990). 45 hilabetez izan zen alkate, 1975etik 1979ra
bitartean. Bilboko Udal Aurrezki Kutxako hainbat kontseilarik babestu
zuen haren izendapena. Irakaslea izan zen Bilboko Merkataritza Ikasketen
Goi Eskolan. Diktadura bukatu osteko lehenengo hauteskundeetan EAJko
Jon Castañares aukeratu zuten bilbotarrek alkate. Orduan, kargua utzita,
bizitza publikotik aldendu zen Berasategi. 1982an, Bilboko Enpresa
Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendari izendatu zuten.
(Bizkaiko Hitza / 2014(e)ko Martxoak 14)