
Azken urteotan Euskal Herrian sortu den fenomeno berririk
inportanteenaren, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen unerik gogorren eta
aldi berean itxaropentsuenen erdian tokatzen da Eustakio Mendizabal.
Iparraldera ihes 1968an egin zuelarik, Burgosko auzi famatua batetik eta
Carrero Blanco Francoren gobernu burua hiltzeko prestaketa lanak
harrapatzen dituzte bere klandestinitate urteek. Kartzela berriz Txabi
Etxebarrietaren heriotzaren ondorioz antolatu ziren meza haietako
batengatik ezagutu zuen lehendabiziko aldiz.
Baina Txikia ez dute
kointzidentziek inmortalizatu. Askorentzat ETAren buru Eustakio zelarik,
berak ezarri zion aktibismoaren zigilua neurri handi batean
erakundeari. Behil kontsul alemanaren bahiketa, Huarteren bahiketa,
Carrero aireratuko zuen atentatuaren prestaketa... Baina gainera herri
xeheagan ere halako itzala lortu zuen, batzuetan militanteei zerbaitetan
laguntzen zionjendeagan, eta baita bere ekintzak komentatzen zituen
jende arruntarengan ere.
Che Guevara euskaldun bat ikusi dute
askok Txikiagan. Zumalakarregirekiko zuen antza aipatu du zenbaitek.
Beneditarretatik irten arren kristau idealista izaten jarraitzen zuen
gizona ikusi duenik ere bada. Dena dela ere, bere pentsamendu politikoa
inongo liburutan utzi ez zuen gudari hark historian orri pare bat
bederen merezi du. Telesforo Monzonek kantatu zuen bezala "... gure
haurrek biharko ikastoletan beren izenak ikas ditzaten, Herriarentzat
haiek hil baitziren".
ITSASONDOTIK LAZKAOKO KOMENTURA.
Itsasondon jaioa zen Eustakio Mendizabal, 1944ko urriaren 9an. Joxe
Mendizabal eta Josefa Benitoren lau seme-alabetatik hiru Lazkaoko
beneditarren komentura joango ziren ikastera, garai haietan eta baita
ondorengo urteetan ere euskal herrietan usadio bihurtua zen moduan.
Mutiko oso normal eta korrientea zela aipatzen dute Eustakio orduan
ezagutu zutenek. Txikia, isila, ikasketetan ez goitik eta ez behetik
nabarmentzen ez zena, eta kirolzale amorratua. Lazkaon 1954an sartu
zelarik, eta 1967an atera, esan liteke klero euskaldunak ezagutu duen
girorik "saltsatsuena" oso gertutik bizi izan zuela.
Horren
berri ongi daki gaur egun Lazkaoko Euskal Eskolako zuzendari den
Dionisio Amundarain beneditarrak. "130 bat fraile eta frailegai bazen
urte horietan Lazkaon, horietatik hogeita hamarren bat mezadunak eta
hauetatik hogei bat gazte-gazteak. Eta tarte horretan euskal giroa betea
zen".
Euskaraganako zaletasuna komentuan piztu zitzaion eta bere
eskuetara erortzen ziren euskal liburu guztiak irensten omen zituen,
nahiz eta bere fraile lagunek aitortzen duten sekula ez zela intelektual
handia izan, baratzan lan egitea nahiago zuela.
Familiaren
eragina ere ez da ahantzi behar. "Giro horretako asko karlisten semeak
ginen", diosku Dionisioren anaia Benitok, "eta hire familiarekin hautsi
behar duanean beste hari bati heltzeko krisi batetik pasa behar duk. Eta
a tope sartzen haiz. Esan behar da hala ere ez zela hori Eustakioren
kasua: bere aita beti izan da abertzalea, gerra garaian ere".
60KO HAMARKADAKO ERNEALDIA KOMENTUETARAINO ERE IRITSI. Eustakio baino
zaharragoko beneditarrek beren kasa ikasten zuten euskara, baina bere
garairako klaseak baziren eta antzerkiak ere egiten zituzten. Hala ere
ez zen komentu barruko giroa erabat euskaltzalea izanen. Bazkari garaian
liburu baten irakurketa entzuten zuten fraileek (gaur egun ere bai,
antza), eta Eustakiok euskarazkoak sartzea lortu zituen bezain agudo
kenduarazi omen zuten beste beneditarrek.
Berak segitzen zuen,
hala ere, bere kasa eta inguruko institutu eta ikastetxeetako
mutikoentzat (mutilentzat bakarrik) klaseak ematen zirenez Txikiak
euskara eta dotrina edo historia ematen zuen, euskaraz.
Bitartean
ordea, 60ko hamarkadan kalean giroa pil-pilean jarria zen. Gazte eta
langile mugimenduak indarrean zetozen. Juventudes Obreras Catolicas
(JOC) langile aldera gehiago makurtua, internazionalismoz eta bestez
kezkatzen zena, batetik, Herri Gaztedi bestetik, nazio arazoari haboro
lotua, euskara dela eta abar. Hirugarren bat ere bazebilen, Vanguardia
Obrera Juvenil, jesuiten eta Comisiones Obreras-etatik hurbil eta ELAtik
urrunago.
Gero ETAren fenomenoak sortzen zituen dinamika guztiak
zeuden, propaganda bezala bilerak eta azken finean hildako militanteen
aldeko elkartasuna ere bai denborarekin. "Gazte pila bat inguratzen zen
Lazkaora", dio Dionisio Amundarainek, "eta multikopista ere hemen
zegoen. Sekulako arma zen garai hartan multikopista".
ETXEBARRIETAREN HERIOTZAREN ASTINDUA. Baina kanpotik ikusten zen baino
gazte gehiago zebilen "zerbaitetan". Eta Pardines guardia zibila hil
ondoren inguratua zegoen Tolosatik atera nahian Benta-Aundin ETAk bere
lehen militantea galdu zuenean, Txabi Etxebarrieta, espero ez bezalako
mugimendua sortu zen herriz herri. Etxebarrietaren aldeko mezak.
Lazkaon ere antolatu zen elizkizun bat eta meza garaian Irun aldetik
etorrita "Guerilleros de Cristo Rey" talde eskuindarreko sail bat azaldu
zen elizan. Korura igo eta handik ari zitzaizkien protesta modu hartara
agertzeko ausardia izan zutenei "!Cabrones!" eta "!Maricones!" oihuka.
Bitartean, koru bazter batean beldurrez akabatzen zegoen fraile batek
hots bat entzun zuen bere alboan: dorrean ikurrina jarrita jaisten ari
zen Eustakio.
Hilabeteko egonalditxo bat egin behar izan zuen
Eustakiok Martuteneko espetxean, meza haren ondorioz edo manifestaldiren
batean parte hartzeagatik Gobernu Zibilak ezarri zion multa ez
ordaintzearren. Eta Martutenen ere euskarazko klaseak ematen.
Handik aurrera gutxi iraun zuen Lazkaon Eustakiok, eta urtebeteko
esperientzia egitea eskatu zuen komentuan, teologia ikasketak ia
bukaturik meza emateko gutxi falta zitzaionean. Bilbon lana aurkituta,
han aritu zen untzigintzako lantegi batean, Franco-Espanolan, 67tik
68aren hasiera aldera arte. Jada frailetza utzirik, Beasaingo tailer
batean sartu zen lanean, eta aldi berean Magisteritza ikasketei ekin
zien.
Baina adiskide bat atxilotuta, laster azaldu ziren bere etxera
poliziak. 24 ordu eduki zituen poliziak zain etxean, alferrik:
juxtu-juxtu alde egina zen.
EMAZTEA, HAURRAK ETA ELIZATIK EZ
PASATZEA. Beneditarrek Estibalizen duten komentuan egon zen denboraldi
batean ezkutatuta, Bidasoa zeharkatzeko aukera bat aurkitu zuen arte.
Eta han Beloke-ko komentuan pasako zuen urtebete. "Ihesi zihoazenei",
oroitzen da Benito Amundarain, "mantenua eta lo egiteko lekua oso merke
ematen zieten Beloken, eta fraile ginenen, izandakoen eta sekula izan
gabeen artean koadrila bat osatzen genuen han". Eustakiok Beloken
egindako bost hilabeteetan makina bat errefuxiatu ezagutu zuen, haien
artean gaur ELAko lehendakariorde den Leunda bera ere bai.
Baionan aurkituta laster jarriko zen hango txapitula batean bizitzen,
beste lau iheslarirekin. Gaur egun Ipar Euskal Herrian dauden hegotarrei
frantses administrazioak gorriak ikusarazten badizkie, orduan ere beren
egoera ez zen batere erosoa. "Charte de Travail" nekez ematen zieten
eta lanez aldatzen jardun behar izaten zuten sarri askotan. Gose
grebetako argazkietan aurkitzen dugu Txikia.
Han jarri zen
bizitzen Ondarroako neska gazte batekin, Anabel Zubikarairekin. Ez ziren
hala ere elizatik ezkonduko, erabaki horrek inguruan istilu ugari sortu
arren, eta beren bi haurrak ere, Matalaz eta Ekaitz, Euskal Herrian
bataiatu gabe pasatzen ikusi diren aurrenetakoak izan ziren.
Horrela utzi nahi zuen argi eta garbi erlijioaganako bere jarrera,
geroztik ere kristau izaten segitzen zuela uste dutenei arrazoia kenduz.
ZATIKETAREN ONDOREN, ETAK IA HUTSETIK HASI BEHAR. ETAko "mili"en
nukleoa osatzen zutenek Donapaleu inguruko herrixka batean lantegi ttiki
bat zuten eta haiekin bizitzera joan zen Eustakio. Iparraldea ongi
ezagutzera iritsi zen eta hango abertzaleek gogoan dute oraindik ere
bere gabardina berdearekin eta askotan mobilette batean ibiltzen zen
Txikia.
Bi aldiz atxilotu zuen polizia frantsesak, bietan muga
inguruan eta bietan arma zuela. Bigarren aldian kartzela ere ezagutu
zuen eta Paueko auzitegiak aske utzirik, bi hilabete etxe batean
ezkutuan egon ondoren Hegoaldera pasa zen. Handik laster eroriko zen.
Hegoaldean bezala Iparraldean ere euskaldun jendea lanean jartzeko
nortasun oso berezia omen zuen. "Isiltasunaren izaria zuen", esplikatu
digu borroka armatuan bezala bizitzan ere Eustakio hainbeste ezagutu
zuen Jose Manuel Pagoaga "Peixoto"k. "Garai bateko euskaldun zaharraren
hitz egiteko manerak, arrabotsak eta denak, oso ongi gordetzen zituen.
Jende nagusiarekin izugarrizko berezitasuna zuen. Areago, esango nuke,
garai hartan Erakundean ezagutu dudan gu baino hamar-hamabost urte
gehiagoko jende guztia berak ekarria zen".
Eta jende behar
handia zuen ETAk. Behar hori betikoa bada, aurreko erorketez gain
Vl.ekoekin izandako tirabirek eta zatiketak erakundea ia hutsetik
hastera kondenatu zuten. Gero "minos" marxista-leninistetan eta "mayos"
(gehiengoa osatzen zutelako) troskistetan zatituko ziren "sesta"koen
alde egiteak ia bakarrik utzi zituen fronte militarrekoak.
Miliek egin behar izan zuten apostuaz oroitzen da Txikiaren garaietan
liberatu ibili zenetako bat. "Pentsa ze nolako kritikak jaso zituzten
Behil kontsul alemana bahitu zutenean (Burgosko auzi famatuarekin lotuta
egin zen bahiketa hau auzipean zeuden preso batzuek kondenatzeraino),
Huarteren bahiketa egin zutenean. Ilala ere arriskatu egin ziren eta
aktibista minoritario batzuk ez zirela erakutsi zuten; sistema izan
baitzen eta ez herri mugimendua kolpea jasan zuena. Eta asmatu egin
zuten."
"PUTO MILI" MESPRETXUAREN ERDIAN EUSTAKIOREN
PRESTIJIOA. 70eko hamarkadako liberatuen lanak ez ziren gaur egunekoen
antzekoak izanen, erakundea bezala egoera ere oso ezberdinak zirelako.
Aipatu dugun liberatu-ohi horrek esplikatzen digu. "Agenda bat zenuen,
eta hilabetean hainbeste aldiz taldeak zeuden puntuetatik pasa behar
zenuen, kontaktoak egin, taldeei material teoriko eta logistikoa pasatu,
azaltzen ziren arazoak konpondu eta abar. Gero eskola sozialak ere hor
zeuden".
1966-67 urte horietan indarrean ibiliziren Eskola Sozialak,
eta 71ean berriro hasteko saioak izan ziren, baina krisian zeuden, ETAk
zekarkien krisiaren erdian. Ideia politikoen historia, materialismo
dialektikoa, materialismo historikoa, ekonomia eta horrelako gaiak
ematen ziren Eskola Sozial horietan.
Krisian zegoen ETA eta
neurri handi batean horren sustraian langile mugimendutik zetozen
militanteek "mili"enganako zuten konfiantza ezean zetzan. Debate
ideologiko eta politiko oso bizien erdian, "mili"aren figura
mespretxagarria izatera iritsi zen zenbait giro ezkertiarretan.
"Seigarrenekoek tipo bat hondoratzeko 'puto mili' deitzen zioten",
diosku gaur egun Hegoaldean bizi den militante-ohiak. "Eustakiok eskema
hori hausten zuen, ez baitzen "puto mili" ezjakin bat, klase zapalketa
kontuan hartzen zuen, Fronte Obreroa bultzatzea proposatzen zuen..."
TOLOSALDETIK IRUNERAKOA ZEN BERE ZONA. Aparato militarra Eustakiok
pertsonifikatzen zuen barruan lanean ari zirenentzat. "Nik esanen nizuke
askotan bera zela eztabaida batean balantza definitiboki makurtzen
zuena". Askotan izakera hutsez ingurukoei erasten zien konfidantzaz. Eta
berak ikusi zuen anekdota bat kontatzen digu erakunde militarreko
liberatu ohiak.
Preasamblada edo biltzarraurre batean
langilegotik zetozen militante batzuek aztergai bezala puntu bat
proposatu, zuten: borroka armatuaren beharra onartzen da baina momentu
batean masei subordinatu behar zaio, edo behar izanez gero baita geratu
ere ekintza armatuak.
Erakundean indar handia zuen batek
aurpegi oso ona ez omen zuen jartzen. Eustakiok lasaitu omen zituen
gauzak: "Hi... Iasai. Egun batean hauek geldirik egoteko esaten
badigute, geldituko gaituk. Bi aldiz, baita ere. Hirugarren aldiz ere
bai. Hortik aurrera, ikusiko diagu".
Baina Txikia ez zen
direzioko gizona bakarrik, ezagutzen duten gehienek "barruan"
(Hegoaldean) egindako lan eta ibileretatik ezagutzen dute. Tolosaldetik
Irunerainoko zona zen berea. Erresistentzi borrokaren ardatz erakunde
militarra jartzen bazuen, dinamikaren aintzindari izanen zen foko bat
behar zen.
Eta bere zonaldean hori lortzen saiatu zen. Ekintzarik
sendoenak ere zona hartan egin ziren, eta zenbait ekintzatarako
(Donostian sindikatu frankistaren egoitza erre zenean, adibidez) beste
eskualdetakoak ere haruntza biltzen zituen Eustakiok.
CHE
GUEVARAREN LAN GUZTIAK BERE LIBURUTEGIAN. Borrokarako nukleo bat
indartze saio horretan bere bailaran fronte banaketa klasikoa puskatu
egin zen. "Hi militantea haiz, lan hauek zeudek eta punto", kontatzen du
garai hartan Donostia inguruan funtzionatzen zuen batek. "Eta horrela
lortu zen greba orokorrak antolatzea, Orbegozoko greba eta abar".
Peixotoren ustez, eta Txikiak planteamendua teorikoki ez zuela
formulatua aitortuz, KAS txiki bat antolatu zuen eskualde horretan.
ETAren estrategia ere ez zegoen gero bilakatuko zen bezain koerente eta
garbitua. Eta kontzepzio taktiko bezala ikusten du Peixotok.
Baina hori horrela ulertzeko motibu bat badu Arrasatekoak: bere liburutegia ezagutzeko aukera izan zuela.
Txikiaren etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che
Gevararen obra konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako
"Santa Kruz Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.
"Baina bere jokamoldea ezagututa", dio Peixotok, "garbi iruditzen zait
oso ondo ezagutu zuela Zumalakarregi eta bere taktika hautatu zuela, ez
estrategia, bere taktika". Mao Tse Tung-ek ere irakurria omen zuen
Londresen Zumalakarregiren bizitza. Eta Zumalakarregiren gerrari
ekarritako berrikuntza ez zen izan batzuek dioten bezala gerrilla
egitea. "Zumalakarregi izan zen gerrilla ejertzito erregularrarekin
organikoki erabili zuen lehena. 25.OOO gizon erabiltzen zituen".
ZUMALAKARREGIREN ETA TXIKIAREN ARTEKO KOINTZIDENTZIAK. Ez da hori Jose
Manuel Pagoagak Txikiari Zumalakarregirekin aurkitzen dion antza
bakarra. Gainera, biak hil ziren Bilbo aldean eta biak Madrili
erasotzeko dirua Bilbon aurkitu beharra zutelako. Jakina da
Zumalakarregik Madrila joan nahi zuela, gerrako ekilibrioak karlistek
eraso hori egiteko egoki samarra zirudienean, baina Don Carlosek agindu
zion beharrezkoena Bilbo hartzea zela, hura hartuta bai zelako posible
Madrili ekitea.
"Txikiak ere ez zuen Bilbora joan nahi. Eta
hala ere haruntza egokitu zitzaion joan beharra. Madrilen jotzeko
azpiegitura sendoa behar da eta garai hartan ari zen ETA Altos Hornosko
atrakoa prestatzen. Bera arizen horretan beste batekin eta ez zitzaien
detaileren bat edo beste baino falta, ihes egiteko kotxe bat lortu eta
detaile batzuk. Eustakio hil eta laster egin zen atrakoa. Carreroren
bolatzea ere orduan zegoen planteiatua".
Antza guzti horien
sustraian Eustakio Mendizabalen jatorria ikusi behar da: herri txiki
batekoa, baserri girokoa. Hori ageri da ezagutu zutenek kontatzen duten
hainbat anekdotatan. Izakera isilekoa, eztabaida batean ez zuen parte
hartuko beste guztiek esandakoak bazterretik entzun arte. "Baina
ehiztari edo menditar izakera denetan zuen. Erreka -Bidasoaz ari da,
noski- pasatzerakoan ere zulo batean ezkutatuta katu baten tankeran
egongo zen eta halako batean, inguru guztiak ongi erreparatuta, korri!".
NON DA MENDIA. Mendiari urte haietan eman zitzaion garrantzia ere bide
beretik doa. Gordeleku eta biltoki bezala lehen ez bezalako
inportantzia eman zitzaion mendiari, basoari, -ETAren zuzendaritzan asko
giro horretakoak zirelako.
Mendian ziurtasuna. "Edozein
lekutara joan, eta lehendabiziko gauza: non da mendia? Bilbo aldera joan
ginenean ere, hi, eta ihes egiteko nondik? Eta, begira: hango mendi
haietatik gainez-gain Gorbeiara iritsiko haiz. Handik aurrerakoa
badakik".
Hiri handiek sekulako beldurra ematen zieten gizon
haiei klandestinitate lanerako. Beste batzuek aldiz, urteen buruan
ETAren buruzagitzara iritsiko zen Jose Migel Benaran "Argala" adibidez,
primeran mugitzen ziren hirietan. Baita Madrilen ere, herri txikiagoetan
baino han lan egitea askoz ere errazagoa zela esaten zuten.
Txikiak, dena dela, mendirako dohain izugarri bat zuen, Euskal Herriko
mendi gehientsuenak ezagutzen zituelarik, eta gorputz oso gogortu bat.
Duela gutxi , gutxi GALek jarritako bonba baten ondorioz hil den Tomas
Perez Revillagatik esaten dute botak erostera joanda esan ohi zuela:
"Dame unas botas, pero como las de Eustakio, con motorsito".
Mendiarekiko eta basoarekiko maitasun horretan frailetzatik pasatako
beste askoren kide ere bada, eta Gandiagaren poemak irakurri besterik ez
dago. Hor lotu beharko da Teillard de Chardin batek bere obrarekin
Elizan bezala gazterian garai batean izandako eraginarekin.
TXIKIA EUSKALTZALE ETA POETA. Eta euskara zen bere bizioa. Bere emazte
izan zen Anabelek dio denbora librerik hartzen bazuen euskarazko
liburuak irakurtzeko zela. Berdin Axular bera. "Ezagutzen duzu hemen
Ondarroako kaleetan egoten den giroa, poteoa, gauetako giroa eta abar.
Eta Eustakio berriz ez zen sekula irten zalea".
Euskara pilo
bat irakurri zuela bere poemetan ageri da. Bizkaiko bezala Iparraldeko
aportazioekin, bera hil eta geroago finkatuko zen euskara batura asko
urreratzen da. "Ama, txukatu negarrak"
bertsoak irakurri besterik ez dago.
Penagarria da dena dela bere idatziekin suertatu dena. Bere oroimenean
beneditar izan zen garaian idatzitako bertsoak biltzen dituen
koadernillo bat eta "Olerti" aldizkarian argitaratutakoak baino ez
zaizkigu geratu. Beste mordo bat ere bazen, eta interesgarrienak seguru
aski, klandestinitate lanean zebilenean idatzitakoak. Baina bere
biografia eta lanekin liburu bat egin behar zela eta bildu ziren
material horiek guztiak galdu egin dira. Horien aztarnarik ateratzeko
egin ditugun ahalegin guztiak alferrikakoak suertatu dira, tamalez.
Euskararen borroka ez zen, ordea, bere borroka pertsonal gisa bakarrik
planteiatzen, eta ETAko zuzendaritzan egoteko jakin beharreko baldintza
suertatu zen. "Orduan aurrean genbiltzenok euskal hiztunak ginen, hori
da asuntoa. Eta erdaraz berba egiten genuen Fronte Obrerokoak zetozenean
eta hola".
EHIZTARIEN INTUIZIOA. Orain arte ikusitakotik
atera daiteke Txikiaren dohain nagusienetakoa: intuizioa. Bere "usaina",
ezagutu zuten guztiek aipatzen dute. Intuizio horrek salbatu zion
bizitza behin baino gehiagotan.
Baina aldi berean harekin lan
egitea oso zaila zela diosku direzioan ezagutu zuen batek. "Egun batean
izugarri haserretu eta esan nion: `Hi, Eustakio, hik ezduk hemen egingo
nahi duana, entzuten duk?' Zuri-zuri eginda zutitu zen... eta ez zuen
ezer esan. Hutsa falta zitzaion muturreko bat emateko".
Baina
jarraitu genuen eta erabakia hartu. Beti izaten da problema noiz gelditu
eta noiz hasi. Geldiuneak markatzea oso gaitza izaten da beti, jendeak
ez baitu geldirik egoteko gogorik izaten. Geldi egongo ginela erabaki
genuen orduan. Hurrengo egunean etxera joan ginen, jaiki goizean eta
galdetu nion bati: `Hi, Eustakio non jak-'. `E'txak'. `Non kristo jak ba
hori-'. `Papertxo bat utzi dik'. Ate azpian papertxo bat utzia zuen:
`Ene gizonak beha zeudek. Agur'. Nerehaserrea!
Baina berriz
zetorrenean oso ondo hartzen zen. Lehentasunak jartzen oso zuhurra zen,
eta argi ezagutzen zituen Erakundearen beharrak. Kasu hartan, adibidez,
eman dezagun kaxan hogei mila duro zeudela eta tipoa bueltan hamar
milioirekin etorri. `Joder, hi, kristoren batxetik atera gaitxik' eta
ezin gaizki hartu".
OBSESIO BAT: HERRIAREN KONFIDANTZA.
Estrategia hasiera batean bederen erabat argitua eta zehatza ei zela
ETAn orduan zuzendaritza inguruan ibilitakoek berek aitortzen dute.
Franco bizirik eta sendo, ia hilezkor, ikusten zen garai haietan nola
zehaztu estrategia politiko batean printzipioetan azaltzen zena.
Bi
giderren inguruan ikusten du Peixotok Eustakio Mendizabalen bide
politikoa: abertzale izateko euskara behar da; eta nahiz eta abertzale
izan eta euskaldun, horren alde borrokatu, borroka erreal bat. Eta
berdin kritikatuko zituen espainolismo aldetik zihoazenak bezala
abertzale erradikal aitortu eta borroka dinamika batean sartzen ez
zirenak.
Guztiaren muinean berriz euskara. Behin talde batean
galdetu omen zioten: ea zein zen ETAren marko politikoa. "Gure
borrokaren marko politikoa- Hizkuntzak ematen duena".
Eta
horrekin batera gizontasunaren printzipioa. Gizontasuna, zintzoki
jokatzea, Herriaren konfidantza lortzea. Bere obsesioa beti "Herria
konfidantza galtzen ari zaiguk" izaten omen zen. Itsasondotik ezagutzen
zuen eta geroztik ere traturik galdu ez zuen Inaki Larrañagak dioen
bezala, edozein ekintzaren ondorengo betiko galdera zuen: "Hi, eta zer
esaten dik jendeak".
Erakundea zuloan zegoeneko garaiez
oroitzen da Peixoto. "Gizon izan beharra zegoen, arlo guztietan,
Herriaren konfidantza lortzeko. ETAren konstante bat izan da daraman
urte mordoan: gauzak erreibindikatu, nahiz eta kontrakoak izan, egia
esan... ETAren kapitalik handiena gaur egun bere sinesgarritasuna da".
EKINTZA AZKEN MUGETARAINO. Kristautasunetik apartatua bazen, marxista
izatera ez zen iritsi, antimarxista sekula izan ez bazen ere. Beharrik
sentitzen ez zuelako. "Hemen aurrera egiteko Herriak sentitzen duena
egin behar da, hortik aterako diagu". Militantzia oso estrikto batera
zeramaten printzipio zabalak.
Eustakioren denboretan azalduko zen
gero ETAren historian hainbesteko pisua izango zuen militante gaztea:
Jose Migel Benaran "Argala". Hasieran militante zaharrei dogmatiko
iruditu zitzaien gazte hark emango zuen "Herriaren alde hiltzea"
filosofiatik aurrerako urratsa, beste bat erantsiz: "Irabaztea".
Txikia, ordea, politiko baino ekintzaile zen eta oroz gainetik
erabateko militantea. Baina ez militante gogorra seguritatea "a
rajatabla" eramateagatik, edo bizimoduaren austeritateagatik bakarrik.
ETAren V. asanbladak jarritako fronteen planteamentua segitzen zen. Lau
fronte, eta laurak enfrentamentu biolentoa eskatzen dutenak. Eta lauen
artean borrokarik gogorrena armatua, nahiz eta oso ondo ulertu beste
batzuek beste lanak egitea.
Baina fronteak beretzat periferialak
ziren, baita erakunde armatua bera ere. Beretzat garrantzizkoena zentro
bat egitea zelako. Foko bat, dinamikaren aintzindari izango zena.
Peixotok definitzen duen bezala: "Zuzendaritza ez zuen egingo ideialak
zituenak, dinamika zentro hori eramaten zuenak baino".
"ETA
GERO? BORROKAN HIL". Lan handia egin zen bost urte haietan, eta garai
haietako egunkarien orriak dira lekukorik onenak. Txikia etxean bezala
ibiltzen zen batera eta bestera. Bere gurasoek aitortzen dute askotan
ikusten zutela pasatzen, batzuetan agur eginaz, bestetan periodikoarekin
aurpegia estaliz. Jende askok ezagutzen zuen.
Ibilera hark
nora zeraman bazekien, bestalde. Heriotzari ere usaina hartzen baitzion
Eustakiok. Benito Amundarainek kontatzen du nola egun batez Donostiako
Alde Zaharrean aurkitu zuen. "Baina zer habil hemen?". "Badakik, ibili
beharra zegok eta..." Eta aurreraxeago: "Hi, egunen batean... bazekiat,
nik horrela hil behar diat".
Joxe Manuel Pagoagak kontatzen du
beste hau. "Ni ihes egin berria izaki, eta uste nuen bizia arriskatu
behar banuen nola irabaziko genuen ere ikusi nahi nuela. Egun batean
bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. `Orain,
kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta nik: `Eta gero?'. Gero halako eta
bestelako. `Eta gero' eta segi; eta halako batean: `Eta gero?'
`Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu gabe. Eustakio konturatzen zen
garai hartan hil egin behar zela. Herri bat ginela, askatu egin behar
genuela eta... borrokan hil".
Baina aldaketak bazetozen. Eta
aldaketa horretan ETAren sendotzea. Gero eta ekintza anbiziotsuagoak eta
arriskugarriagoak. Bilbon sartu beharra zegoen, eta Eustakiok usain
txarra hartzen zion. "Ni hemen ezagutzen nautela esaten ditek, baina hau
ere nik ondo ezagutzen diat. Baina Bilbon zer, nora jo, nondik egin
ihes?".
HAINBESTE BELDUR ZION BILBO MADARIKATURA. Nahiko
gertutik zebilzkion azken hilabeteetan poliziak. Azkeneko eskapada,
sekulakoa, Zumarragan egin zuen, eta suerte handi batekin eta dena
arriskatuz lortu zuen hango kanposantutik barrena ihesi ateratzea.
Baina Bilbora joan beharra zegoen. Carreroren operazioa martxan zegoen
eta beste batzuk ere zehaztu beharrean zeuden, karnetena eta Altos
Hornosko atrakoa esate baterako. Hala ere, azken eguna ongiena berarekin
ibili zen Peixotok konta dezake.
"Gauza da Eustakiok deitzen
didala Bilbora, ezdakit zertarako. Jartzen dit zita Errekaldeko taberna
batean eta han elkartzen gara hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit
nik berekin joan behar dudala.
Ateratzen gara taberna hartatik,
kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe beltz, milkinientosak
biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez txakurrak zirela, baina ez
ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi zuten eta... bakoitza bere
aldetik. Eustakio eta biok Matikora. Orduan ezagutu nuen Matiko.
Etxe batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren
ordezkari bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat.
Carreroren ekintza ezeztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta
seiretan Algortako tren geltokian egoteko."
ALGORTA,
ARRATSALDEKO SEIAK GELTOKIAN. Seietarako Algortako estazioan nengoen,
trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko
bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit
ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten
dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren
bat. Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'.
`Bai, ziur nauk'. `Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta
haiek beti atzetik.
Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe
baten portal ondoan geratu ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak
linean zetozen, zabalean, bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan
sartuta (bizkar zainen ohizko keinuan). Eta Eustakioren aurpegian
heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri.
Bat-batean, arnasa
hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak
atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion Eustakiori;
baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste, instintoak
funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko.
Aurrera gindoazela korrika, berrogeitamarren bat metro egingo genituen,
eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki
baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean
eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz
Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.
Behetik gora
nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen eskaileretatik gora,
lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean sartu eta txaketa
bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta irten egin nintzen.
Txaketa... goizean errietan aritua nintzaion Eustakiori: `Hi ere ba haiz
bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu horrekin'.
Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun Santuan
ibiltzeko arropak dituk'.
Kotxe bat hartu eta etxe batera sartu
nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean zegoela, orduantxe pasa zen
anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu haute, Eustakio' pentsatu nuen
nere artean. Tiroteoa hasi eta anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi
artean ez ziren bost minutu baino asko gehiago pasako".
ETA-REN
JAUZI KUALITATIBOA TXIKIAREN GARAIETAN. Biharamonean, ostiral sainduz,
Txikiaren heriotza azpimarratzen zuten egunkari guztiek. "El Correo
Espanol-El Pueblo Vasco" egunkariak adibidez hala titulatzen zuen bere
lehen orria: "Eustaquio Mendizabal, muerto a tiros al enfrentarse a la
policia en Algorta. Era el maximo responsable del frente militar de la
E.T.A". Gainean norbait engainatzeko bitxikeria bat: "La zona
vasco-francesa espera con ansiedad la entrada de Espana en la C.E.E.
Bayona no estaria arrinconada y su puerto seria ampliado. Guipuzcoa,
Alava, Navarra y Vizcaya podrian contar con el aeropuerto de
Biarritz-Parme". Beste egunkariek ere Eustakioren jefe izatea
azpimarratzen zuten. "La Gaceta del Norte": "Aqui murió el jefe de ETA".
Buruzagi nor den eta militante bakoitzak erakundean ze nolako pisua
duen jakitea ez da erraza izaten, klandestinitatea hain estu gordetzen
duen organizazio batean. Baina Txikiaren garrantzia nabarmen geratu da.
Areago, bere heriotzaren ondoren ekintzen beheraldi bat ikus daiteke.
Eustakio Mendizabal ekintzan ibili zen garaietan ETAk jauzi kualitatibo
bat eman zuen bere agerpenetan. Behil kontsul alemanaren bahiketa,
Zabalaren bahiketa (euskaldun bat bahitzen zen lehendabiziko aldia),
Huarterena, Sindikatuen erreketa, Orbegozo eta Pasaiko kamionetaren
atrakoak, Hernaniko harrobitik dinamita eramatea... Eta ekintza gehienak
Oreretatik Tolosarainoko eskualdean ematen dira.
TXIKIARENGANDIK ARGALARENGANA. Txikiarengandik Argalarengana Poliziaren
taktikak denbora batez gainditurik edukitzeaz gain, ekintzen
azeleratzearen eragina alde guztietan antzematen zen: langile
mugimenduan eztabaidak sortzen ziren, Eliza konpromezu batean jartzen
zen gertakizunen interpretazio bat ematerakoan. Europa mailan bestalde
aparteko oihartzuna hartzen zuen euskal nazio arazoak, eta kazetariak
hurbiltzearekin batera solidaritate batzordeak hasi ziren antolatzen
han-hemenka. Beren laguntza 1975ean, Txiki eta Otaegiren afusilaketen
aurrean, erakusteko aukera izango zuten.
ETA militanteek garai
horretan eman behar duten beste urrats bat aipatu digu Txikiaren
denboran militante izandako batek. "Heriotzaren posibilitatea erreal
bihurtu zen guretzat Eustakioren hilketarekin. Polizia ere ikasten ari
zen, eta Txikiaren eta bere ondoren etorri ziren heriotzei erreparatzen
badiezu, konturatuko zara atxilotzeko ordez liberatuak hiltzeko ordena
zutela".
Txabi Etxebarrietaren heriotzarekin kale mailan halako
haserre erreakzio gogor bat izan zen bezala, Txikiarenean pena eta
ezintasun sentsazioa zabalagoa izan zen. Mito baten erorketa. ETAren
ekintzak ere, kopuruz bederen, urritu egin ziren, erorketa eta heriotza
gehiago ere izan baitzen ondorengo hilabeteetan: Iparra, Artetxe...
Baina bere eragina kualitatiboki mantendu egingo zen, Carreroren
boladura famatuarekin punturik gorenetakoa harrapatuz.
ETAk
izan duen beste gizonik inportanteenetako bat aurkituko dugu berehala,
Jose Migel Benaran Ordenana "Argala", Itsasondoko semearen aldean erabat
ezberdina. Baina hark bezala erakundeari dinamika eta abiadura azkarrak
erantsiko dizkiona.
Gatzaga Taldea
("Larrun" aldizkaria / 25 zk.)