sábado, enero 21, 2012

IKUR FRANKISTAS ERAIKINETATIK ETA KARRIKETATIK KENTZEKO KANPAINA HASI DA NAFARROAN

Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean murgilduta dauden hamar taldek osatzen dute Memoriaren Autobusa. Ahaztuak-ekoa da Otxoa; Memoriaren Bideak taldeko kide Pilartxo Beaumont, eta Txinparta elkartekoa Sergio Biurrun. Hirurek aurkeztu dute jendaurrean orain martxan jarri duten kanpaina, jendearen parte hartzea funtsezkotzat jo baitute. «Herritarren laguntza eskatu nahi dugu, hiri eta herri bakoitzari buruzko informazioa osatu ahal izateko», erran du Beaumontek.

Herritarren parte hartzeari esker, Nafarroan dauden ikur frankista guztien mapa egitea da helburua, ikur horietako protagonista direnei buruzko informazioa biltzea, gizartearen esku jartzea informazio hori, Nafarroako karrika, plaza eta eliza anitzetan agertzen diren izenen atzean nor dagoen jakin dezan, eta, azkenik, ikur horiek ezabatzea.

Nafarroan 2003an onartu zen ikurren legea. Arau horrek urtebeteko epea ezarri zuen herrialde horretako ikur frankistak kentzeko. Epea aspaldi amaitu zen, baina Memoriaren Autobusa taldeko kideek agerian utzi dutenez, ikur frankista anitz bada, oraindik ere. «Rodezno kondearen plaza da adibiderik aipagarrienetako bat; baina ez da bakarra. Zenbait herritan, oraindik ere, laureada badago; eliza anitzetan ageri dira mezu frankistak, eta karrika anitzek badituzte frankisten izenak».

Kontua ez da, gainera, frankismoaren garaian jarritako izenei eutsi zaiela bakarrik, Otxoak salatu duenez: «Iruñeko Buztintxuri auzo berria da, eta Victor Eusaren omenezko karrika bat bada». Eusa Nafarroako Karlisten Batzordeko kide izan zen 1936ko gerran. «Hainbat heriotzaren erantzule bada». Nafarroan, arkitekto nabarmena izan zelako ezagutzen dute anitzek. «Argi da zenbait izenen inguruan eztabaida sortuko dela, hainbat interpretazio izanen dela ikur frankista zer den zehazterakoan. Argi dagoena ezabatzea da asmoa, eta hainbertze ezagutzen ez denari buruz informazioa biltzea, eta zabaltzea».

Erakundeetara eta auzitara jotzeko prest dira Memoriaren Autobusa taldeko kideak horretarako. Egin dute lehen ere. Bertzeak bertze, Rodezno kondearen plazari buruzko auziaren harira. Udalak izena aldatzeko mozioa onartu zuen, baina bere horretan jarraitzen du. Epaitegietan ere ez dute lortu frankismoaren arrastoa ezabatzea. Buñuelen dagoen gurutzea kentzeko ere auzitara jo dute. Erakundeek edo epaileek erran dezaketenaren gainetik, hala ere, herritarren ahotsari eman nahi diote kanpainaren bultzatzaileek garrantzia. «Gizarte osoak eska dezala ikur frankistak ezabatzea».

(Berria. 2012 / 01 / 21)