sábado, julio 10, 2010

1978KO SANFERMINAK: MEZUA BOTILA BATEAN. Ramón Andrés Conterras López (Sanfermines 78: Gogoan!! Herri Ekimenako kidea)

Sanfermines 78: Gogoan! Herri Ekimeneko lagunak Iruñeko sanfermin haietako gertakariei lotutako ideia batek elkartzen gaitu. Alabaina, hitz bihurtzen saiatzen ez den ideia ideia mugatua da, eta ekintzetara pasatzen ez den hitza hitz inausia da. Sanfermin horien inguruko ideia hiru hitzetan adierazten dugu: Egia, Justizia eta Ordaina. Eta azken urte hauetako gure ahalegina hitz horiek ekintza, errealitate bilakatzea izan da.

Ezkabako kartzelan espetxeraturik zeuden lagunek egin zuten bezalaxe, hildako 131 kideetako bakoitzaren datu pertsonalak zituen botila banaren ondoan ehortzi baitzituzten, eta horrek, hirurogeita hamar urte geroago, justiziarik eza eta ahaztura hein batean osatzea ahalbidetu du. Era berean, urte hauetan guztietan, mezuak botiletan zabaldu ditugu, egindako bidegabekeria, hein batez bada ere, salatu eta osatze aldera.

Horrela, 2008ko ekainean, Zuzenbide arloko 70 profesionalek zigorgabeko 30 urteei buruzko agiri bat sinatu zuten. Agiria Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, Nafarroako Parlamentuari eta Arartekoari aurkeztu zitzaien. Azken horri dei berezia egin genion. Abokatuek sinaturiko agiriari beste bat, berariazkoa, gehitu genion, eta bertan eskatzen genion bitartekari lana egin zezan erakundeek gertaera haietan zaurituriko hainbat pertsonak aurkeztu eta sostengatzen zuten Egiaren Batzorde bat eratzeko.

2009an, 45 historialarik agiri bat aurkeztu zuten. Bertan, historia bere osotasunean berreskuratzearen alde egin zuten, eta salatu zuten 2007ko Memoriaren Legeak bere denbora eremua 1977ko urria arte zedarritzen zuela, hizpide ditugun gertaerak eta beste batzuk kanpoan utziz; halaber, agerian utzi zituzten Trantsizioa ikertzeko dauden zailtasunak, artxiboak 50 urte pasa arte ez baitaitezke ireki.

Pertsona horien guztien bultzadaz lortu genuen mozio bat presako tramitearen harresia gainditu eta Iruñeko Udaleko osoko bilkuran 2009ko uztailaren 2an aztertua izatea. Azkenean, UPN eta PSNren udal gehiengoak eragotzi zuen udalak Egiaren Batzorde bat sortzea.

Aurten, peñetako urte hauetako 50 presidente eta presidente ohik mozio proposamen bat aurkeztu dute berriro Udalean. Oraingo honetan, ezta presako tramitea ere ez du pasatu, ez baitzuen merezi nonbait.

Hastapenera itzuliz, denak hiru hitzekin (Egia, Justizia eta Ordaina) adierazitako ideia bat du oinarri. Guretzat ez da oroimen jokoa, oinarrizko eskakizun demokratikoa baizik. Ulertezina da German eta Joseba -Estatuaren aparatuek eragindako beste biktima batzuk bezala- beste biktimei egindako aitortzatik bazterturik gelditzea, bai estatu mailako xedapenetan, bai berriki onetsi den Terrorismoaren biktimei laguntzeari buruzko Foru Legean; eta beldur gara Madrilen PSOE eta PP hitzartzen ari diren lege berrian ere bazterturik jarraituko duten.

1972an, armada britainiarrak nahi adina tiro egin zuen Iparraldeko Irlandako Derryko populazio zibilaren kontra. Horren ondorioz, hamalau lagun hilik eta dozena batzuk zauriturik suertatu ziren. Hogeita hemezortzi urte geroago, horretarako sorturiko Batzorde batek sei urte lanean eman ondoren, Erresuma Batuko Gobernuak bere armadak sarraski hartan izan zuen erantzukizuna aitortu eta harengatik barkamena eskatu du jendaurrean. Oinarrizko neurri baterako iragandako denbora gehiegizkoa bada ere, afera da hemen lekutan gaudela horrelako zerbait begiztatu ahal izateko. Edonork bere buruari egiten dion galdera logikoa da zergatik hemen den horren zaila erakundeei antzeko adierazpena ateraraztea.

Horrek garamatza Estatu espainiarreko aparatuetan frankismoaren hondar garrantzizkoak daudela egiaztatzera, demokrazia oso eta zaindaritzarik gabekoa izan dadin benetako oztopo direnak. Demokrazia zaindu eta mugatuan bizi gara. Trantsizioaren urrezko arauak, hots, ahanztura eta barkamena frankismoko hiltzaileentzat, kutsatuta sortu zena. Gainera, Trantsizio hura erailtze eta erasoen gainean -1978ko sanferminetakoen antzekoak- eratu zen, eta ez da horrengatik inolako zigorrik izan.

Zigorgabetasunaren aurka ari gara borrokan. Trantsizioa bera berrikustea nahi dugu, eratu zuten legeek aurreko erregimenaren hainbat euskarri ukitu gabe utzi baitzituzten.

Egiaztapen hau ez da bakarrik gurea; horretara iritsi dira hura bizi ez zuten baina haren ondorioak pairatzen ari diren gazte asko ere. Ezarritako zilbor-hestea haustearen beharra eta justizia ezinbestekotzat jotzen dutenak. Egun, Egia, Justizia eta Ordaina eskatzea sistemak ezarritako mugen aurka borrokatzea da.

Horregatik guztiarengatik jarraitzen dugu gure borrokan, mezuak jaurtitzen eta uztailaren 8an Germanen hilarriaren inguruan biltzen segituko dugu. Garcia Marquezek esaten duen bezala: «Gure borroka da denboraren itsasoetan izarretako itsasoan galduen botila bat jaurtitzea, unibertsoak gugandik ikas dezan gu baino gehiago biziko diren labezomorroek kontatuko ez dutena: hemen sufrimendua eta justiziarik eza nagusi zituen mundu bat izan zela, baina horretan guk maitasuna ezagutu genuela eta bertan zoriona irudikatzeko gai izan ginela» eta, batez ere, hura alda zedin borrokatzeko ausardia izan genuela.

(Berria. 2010 / 07 / 08)