jueves, abril 08, 2010

GARZON AUZIPETUEN AULKIAN ESERI DUTE ULTRAESKUINDARREK

Epaileen mahaitik auziak jarraitzen zituena auzipetuen aulkian eseriko da. Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Luciano Varelak autoa kaleratu, eta Baltasar Garzonen aurkako auziarekin jarraitzea erabaki du, frankismo garaiko krimenak ikertzeagatik prebarikazioa egin zuelakoan. Garzonen aurkako eginbideak prozedura laburtu bihurtu ditu Varelak. Era horretan, auzia ikertzen ari den epaileak eskuan du erabakitzea, behin ikerketa amaituta, prozesua bertan behera geldituko den edo aurrera egingo duen. Horiek hala, aurrera egitea erabaki du Varelak; baztertu egin ditu Garzonen abokatuak eskatu zituen frogak, eta aldeei eskatu die akusazio idatziak aurkezteko. Fiskaltzaren eta salatzaileen -Manos Limpias, Falange Española de las JONS eta Libertad e Identidad talde ultraeskuindarrak- esku dago orain akusazioak aurkeztea. Prebarikazioa frogatuko balitz, hamar eta hogei urte arteko inhabilitazioa jaso dezake Garzonek, isunaz aparte. Auzipetzearen berri jakin bezain pronto erantzun du Garzonek: «Neure burua defendatuko dut. Erakutsiko dut errugabetasuna egon dela nire ekinbidearen atzean».

Atzo kaleratu zuen autoa Luciano Varela epaileak. Garzon auzibidean jartzeko autoa Auzitegi Goreneko Zigor Salaren erabakiaren ondotik etorri da. Martxoaren 25ean, Zigor Salak atzera bota zuen Garzonen helegitea. Aldeek hamar eguneko epea dute orain akusazio idatziak aurkezteko eta ahozko epaiketa hastea galdegiteko. Gonzalo Martinez-Fresneda Garzonen abokatuak helegitea aurkeztuko du, ez Varela epailearen aurrean, alferrikakoa izango dela iritzita, baizik eta salaren aurrean. Horrek ez du Garzonen aurkako auzibidea etengo, hala ere. Gainera, abokatuak aurkeztu dituen helegite guztiak atzera bota ditu orain arte Auzitegi Gorenak.

Garzonen abokatuak eskatua zuen nazioartean lege kontuetan adituak diren zenbait pertsona lekuko gisa aurkezteko -tartean ziren Carla del Ponte Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal ohia, Juan Guzman epaile txiletarra, Augusto Pinocheten aurkako auzibideari ekin ziona, eta Eugenio Raul Zaffaroni epaile argentinarra, kito legea indargabetu zuena-. Abokatuak helegitean aurkeztuko dituen argudioetako bat izango da lekukotza horiek onartu ez izana.

Fiskaltzak zer joera hartuko duen ez dago argi, orain arte jokabideari erreparatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusia frankismo garaiko krimenak ikertzearen guztiz kontra agertu zen. Baina Auzitegi Gorenak Garzonen aurkako salaketa onartu zuenean, Goreneko Fiskaltza salaketaren aurka agertu zen.

Justifikatu gabeko helburua

Varela epaileak autoan dioenez, Garzonek bazekien ez zuela eskumenik frankismo garaiko krimenak ikertzeko. Hortaz, «justifikatu ezin diren» helburuekin aritu zela leporatu dio Garzoni, eta oroitarazi du epaileek beti legeen mende aritu behar dutela. «Legediaren araberako helburuez aparte, edo legedian babesik ez duten iritzi pertsonalen arabera epaitzea, ez da independentziaz jokatzea», idatzi du Varelak autoan. Era berean, prebarikazio delitua egon dela iradoki du esaldi honetan: «Auzitan den epaileak prozesu honetan aztergai diren gertaerak egin dituelako probabilitatea ez da oso eztabaidagarria».

Gizateriaren aurkako delituez ere idatzi du Varela epaileak autoan. Gizateriaren aurkako delituak epaitu behar diren moduez zenbait teoria daudela adierazi du. Baina eztabaida hori legedia antolatzeko zeregina dutenena dela zehaztu du: «Parlamentuan gehiengo nahikoa eskuratzen dutenek eskura dute lege aldaketak sustatzea eta onartzea. Hori da haien erantzukizuna, ezin zaiona, pasibitatez, zigor epaileari eman». 1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea politikarien zeregina dela zehaztu du Varelak.

CGPJren erabakia, hilaren 22an

Gurtel auzia sekretupetik atera eta hurrengo egunean jakin da Garzonen auzipetzearen berri, eta prozedura laburtua ezartzeak bizkortu egingo du auzibidea. Ahozko epaiketa hastea erabaki orduko, bestalde, Garzon epaile lanetik behin-behinean baztertzea erabaki dezake,CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Hilaren 22an osoko batzarra egingo du CGPJk, eta orduan erabakiko du neurri hori hartu edo ez.

Garzonen aurkako auzibidea Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak hasi zuen. Taldearen ustez, 1936ko eta frankismoko krimenak ikertzeko gai zela erabaki zuen Garzonek horretarako eskumenik ez zuela jakinda, eta prebarikazioagatik salaketa aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin zuen salaketa, 2009ko maiatzaren 27an. Hilabetera, ekainaren 24an, Libertad e Identidad elkartearen salaketa gehitu zitzaion lehengoari. Falange Española y de las JONSek aurtengo urtarrilaren 13an aurkeztu zuen salaketa. Irailaren 9an Auzitegi Gorenean deklaratu zuen Garzonek, eta urriaren 1ean auzia artxibatzeko eskatu zuen haren abokatuak. Auzia atzeratzen ari zela eta, abenduaren 22an eskaria errepikatu zuen Garzonek, baina Luciano Varelak atzera bota zituen eskaera guztiak. Horretaz gain, Garzonek baditu beste bi salaketa Auzitegi Gorenean.

PSOEk konfiantza agertu du epaileen lanaren inguruan, eta Garzonen ibilbidea goraipatu du: «Terrorismoaren, narkotrafikoaren, gaizkile antolatuen eta ustelkeriaren aurkako borrokan gehien egin duten epaile espainiarretako bat da». «Legea denengana iristen da», ohartarazi du PPko diputatu Carlos Florianok; «guztiok gaude legeen mende». UGT eta CCOO sindikatuek, berriz, Garzoni babesa adierazteko ekitaldia antolatzen dihardute. Apirilaren 13an egingo dute, Madrilen.

Errepublikaren urteurrena ospatuko dute asteburuan

Eibarren (Gipuzkoa) hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburu honetarako Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Espainian Bigarren Errepublika ezarri zela 69 urte beteko dira apirilaren 14an, eta hori gogoratuko dute. Larunbatean kantaldia emango du Fermin Valenciak, eta igande eguerdian ekitaldia egingo dute.

Frankismoa zigortu gabe utzi izanaren ondorio da auzia, Ahaztuak-entzat
Nafarroako fusilatuen senideek Garzon sustengatu eta auzia memoriaren aurkako erasotzat hartu dute

«Frankismoko milaka krimenen erantzukizuna duen alderdi faxista eta kriminalak, Falangeak, krimen haiek ikertu nahi dituena akusatzea esperpentoa» dela adierazi du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Espainian frankismoarekin eten ez, eta zigorgabetasuna ezarri zela, eta eredu horrek indarrean jarraitzen duela adierazi du Ahaztuak-ek: «Zigorgabetasun eredu horren isla da Baltasar Garzon epaileari gertatzen ari zaiona». Garzon epailea eta justizia administrazioa ez dira, bestalde, protagonista egokienak eredu horren kontra egiteko, Ahaztuak-eko kideen ustez.

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak, berriz, babesa agertu dio auzipetuari: «Garzon epailea aulkian esertzea gure gizartearen memoria demokratikoari zuzenean erasotzea da». 1936ko gerraren ondorioz fusilatutako eta desagertutako pertsonen familiek gorpuzkinak berreskuratzeko laguntza eta babes juridikoa behar dutela adierazi du elkarteak. Damu agertu dira 36ko gerra bukatu eta 70 urtera «oraindik hain gizalegezkoa den eskari bat ulertu ez duten gizarteko sektoreak daudelako, txikiak badira ere».

(Berria. 2010 / 04 / 8)