viernes, julio 18, 2008

OIARTZUNEK 36KO GERRARI BURUZKO ERAKUSKETA ZABALDUKO DU GAUR

Gaur zabalduko da Oiar-tzungo udaletxeko areto nagusian 36ko Gerrari buruzko erakusketa. 19.00etan inaugurazio ofiziala egingo dute eta bertara Oiartzungo errepresialiatuen senideak gonbidatu dituzte, besteak beste. Erakusketa abuztuaren 6a bitartean mantenduko dute eta ikusgai izango da ordutegi zabalean: 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara.

Kattin Ttikik antolatu du erakusketa, Oiartzungo memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den taldeak. Honela, erakustaldian, besteak beste, Oiartzunen 36ko Gerra zer izan zen jakin ahal izango da: fronteak, argazki zaharrak, dokumentazioa eta herritarren testigantzak aurki daitezke.

Altxamendu frankistak eragindako errepresioa ere islaturik agertuko da erakusketan: herriko 21 fusilatuak edota espetxeetan eta Langile Bataloietan izandako oiartzuarrek bizitakoa ezagutzeko aukera izango da.

Ikusgai egongo dira iazko abuztuan Karrika auzoko Iragorriko kanposantuan topatutako hobi komunean aurkitutako bost gorpukiekin batera aurkitu ziren objektuak: oinetakoak, txapelak eta botoiak.

"Memoria historikoa berreskuratzeko eta herritarrak kontzien-tziatzeko tresna pedagogikoa izan nahi du erakusketak, baita garai hartan gorriak pairatu behar izan zituzten gizon-emakumeak gogoan ditugula esateko ere, ez ditugula ahaztu", adierazi dute arduradun eta antolatzaileek.

Amaitzeko, aipatu beharra dago, Kattin Ttiki taldeak uztailaren 27ra arte gordeko duela, ekitaldi nagusia. Egun horretan Iragorriko kanposantuaren inaugurazioa, Oiartzun faxisten esku gelditu zen egunaren urtemugan. Oroimenaren basoa bihurtu nahi izan dute gunea, bertan fusilatu zituzten oiartzuarrak gogoratzeko.
(Noticias de Gipuzkoa. 18 / 07 / 08)