viernes, julio 04, 2008

GERMAN RODRIGUEZ HIL ZUTENEKO 30.URTEURRENA OROITUKO DUTE HILAREN 8AN

Aurtengo uztailaren 8a berezia izango da Sanferminetan. 30 urte beteko dira Espainiako Poliziak German Rodriguez iruindarra tiroz hil zuenetik. Baina horrekin batera, azaroaz geroztik 1978ko egun hartan gertutakoa oroitarazten duen harria Orreaga etorbidean da berriro. Iruñeko Udaleko osoko bilkurak irailean hala erabaki zuen, nahiz eta UPNk kontra bozkatu.

Horregatik, "78ko Sanferminak Gogoan" Plataformak, peñek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurten egingo duten omenaldia berezia izanen da. 13:00ean hasiko da, German Rodriguez hil zuten tokian bertan, Orreaga etorbidean. Ekitaldian eremu kultural, artistiko eta sozialeko pertsonek eta taldeek parte hartuko dute, eta bertsoak, kantak eta dantzak izango dira. Fermin Valenciak "Hilarria" izenburuko abestia kantatuko du; sanfermines78gogoan.org webgunetik har daiteke kanta.

Arratsaldean, peñek minutu bateko isilaldia eginen dute zezen-plazan, eta zezenketaren hasieran, musikarik ez dute joko. Amaieran, berriz, Germanen hilarritik pasatu ondoren egingo dute kalejira. 20:30ean, berriz, manifestazioa eginen da.


«Ez zen halabeharrez izan»

Ekitaldi horin berri emateko orduan, peñek salatu zuten eraso hura ez zela halabeharrez izan. «Estatu hilketa bat izan zen», esan zuten. Peñen aburuz, garai hartako Konstituzioari buruzko eztabaidan eta Nafarroaren etorkizunari begira, ohartarazte bat izan zen. «Gertaera begi-bistakoak izan ziren arren», gogor kritikatu dute erantzuleak inoiz ez zigortu izana.

Peñek oroitarazi dute herri mugimenduaren ahaleginari esker lortu dela gertaeren oroitzapena berreskuratzea. «Orain da bidegabekeriengatik justizia eta ordaina eskatzeko unea».

(Berria. 08 / 07 / 04)