sábado, enero 23, 2010

EUSKAL HERRIA EZKERRETIK ERAIKITZEN HASI ZIRENEN OMENEZKO JARDUNALDIAK

Historia irabazleek idatzi ohi dutenez ugari dira ondorengo belaunaldiek ezagutu ez eta ahanzturan geratu diren pasarte eta protagonistak. Etorkizunari taxuz heltzeko, ordea, iragana ondo ezagutu behar da, eta Euskal Herria aldaketa sasoian dagoela ohartuta, oroimen historikoa eta kontzientzia politikoa berpizteko xedez, «Atzo eta gaurko euskal ezkertiarrak» goiburua duten jardunaldiak egiten ari dira egunotan.

Egitarau oparo batekin, jardunaldiei gaur esango diete agur, baina asteak askorako eman du bai Pasaian, bai Bizkaia aldean. Izan ere, Santurtzin eta Bilbon hainbat hitzaldi eta ekitaldi izan dira, talde ugariren lankidetzarekin. Atzo adibidez, «Boltxe» aldizkariaren, EHKren eta Iñaki Gil de San Vicenteren eskutik, komunistek gaurko egunean betetzen dute papera aztertu zuten Bilbon, eta aldi berean, Pasaian, zineforuma izan zuten, Ahaztuak 1936-1977 erakundearekin.

Ostegunean, Bilboko Otxarkoaga auzoan gogoan izan zuten Leninen heriotzaren urtemuga, eta hainbat lagunek loreak eskaini zizkioten haren eta Marxen omenez auzoan duten monumentuari.

Egun berean, David Zapirain eta Jon Kerexeta historialarien eskutik, iraganera bidaiatu zuten garai batean Sobiet Gorriaren gune bezala ezagutua izan zen Trintxerpen. Pasaia hautatu izana ez dela kasualitatea azaldu zuten, eta 1930ean Guardia Zibilak, 2.000 arrantzale eta senideren manifestazioaren kontra oldartu, eta sei hildako eragin zituela ekarri zuten gogora. Era berean, hiru urte geroago Asturiasko Iraultzarekin elkartasunean mobilizazioan zirela, armada espainolak auzoa hartu eta 5.000 tiro egin eta beste sei pertsona hil zituztela salatu zuen Zapirainek.

Garai horretan Pasaia, eta oro har Euskal Herria, munduko beste txokoen antzera, krisi kapitalistaren ondorioak jasaten ari zen eta atzera bueltarik edukiko ez zuen langile borrokak eztanda egin zuen. Gurean ordea, abertzaletasunaren hastapenak ere izan ziren garai berdintsuan eta horrek berebiziko eragina izan zuen langile mugimenduan eta bere protagonistetan.

Horren adibide garbia Jesus Larrañaga dugu. PCEko zuzendaritzako kide izandako urretxuarra, «Gora Euskadi askatuta!» oihukatu eta fusilatu egin zuten 1942ko urtarrilaren 21ean. Haren azken hitzek argi adierazten dutenez, langile borroka eta borroka nazionala txanpon beraren bi aurpegi zirela defendatu zuen azken eguneraino, eta garesti ordaindu zuen bere konpromisoa; izan ere, askok uste dute PCEk berak egindako salaketek ekarri ziotela heriotza.

1935. urtean «Behera Errepublika! Gora Sovietak!» defendatzen duen eta Euskal Herriaren askapen prozesuaren alde agertzen den Alderdi Komunista sortu zuen Larrañagak. Testuinguru horretan, bost urte lehenago, sortu zen EAE-ANV alderdi abertzalea.

Sindikatuetan zein kalean, eta politikari lanean nahiz fusila eskuan borrokan bizitza emateaz gainera, Larrañagak elkarrizketarako eta aniztasunerako gaitasun izugarria zuela nabarmendu zuen Kerexetak.

1936ko altxamendu faxistaren aurrean fusila eskuetan hartu eta makina bat batailatan aritu zen borrokan eta EAJk Santoñako Itunean erakutsitako jokabidearekin amorratu egin zen. Erbestean ere izan zen.

Jardunaldi hauetan jakitera eman den bezala, Larrañagaren ekarpena ez zen ezerezean geratu eta egun gure herrietan horren errotuta dagoen ezker abertzalea hezur-mamitzearen bideari ireki zion. Larrañagaz gainera, Juan Astigarrabia, Zapirain anaiak, Likiano eta beste hamaika ekintzaile ezker- tiarren iturrietatik edan du ezker abertzaleak, gaur egun den mugimendu independentista eta ezkertiarra izateraino.

Egun osoko egitaraua Pasaian, zutitutako «jende esklaboa» omentzeko

Ugazaben presioaz harantzago, Guardia Zibilaren errepresioak hildako langile pasaitarrak omenduko dituzte gaur, 11.00etatik aurrera. Trintxerpeko Gernika plazan izango da ekitaldia, eta haien omenez plaka jarriko dute. Ordubete geroago Antonio Alvarez Solis eta Iñaki Gil de San Vicenteren eskutik «Atzoko eta gaurko euskal mugimendu ezkertiarrak» izeneko mahai-ingurua egingo dute. Herri bazkariaren ostean, Itziar Aizpuruak hartuko du lekukoa, independentziaz eta marxismoaz jarduteko.

Eguneko hitzordu nagusia 19.00etan izango da, Trintxerpeko frontoian egingo duten ekitaldi politikoa. Egunari amaiera aproposa emateko, kontzertuak izango dira Pasai San Pedroko areto kulturalean. Bertan Fermin Valencia eta Joseba Tapiaz gainera, poema iraultzaileen errezitaldi musikatua izango da.

(Gara. 2010 / 01 / 23)