viernes, enero 22, 2010

"ATZO ETA GAURKO EUSKAL EZKERTIARRAK" GOGORATU ETA OMENDUKO DITUZTE PASAIAN

Pasa den larunbatetik «Atzo eta gaurko euskal ezkertiarrak» jardunaldiak egiten ari dira Pasaian. Gaur, Trintxerpeko Alkateordetzaren areto nagusian, bideoforuma izango da 19.00etatik aurrera: «Hacer memoria, hacer justicia» lelopean, Ahaztuak 1936-1977 elkartearen eskutik. Baina egun handia biharkoa izango da. Trintxerpeko Gernika plazan, 31ko greban, 34ko iraultzan eta 36ko gudan parte hartu zuten pasaitar langile eta buruzagiei omenaldia eskainiko diete 11.00etan. 12.00etan, berriz, hitzaldia izango da Alkateordetzan, «Movimientos vascos de izquierda de ayer y de hoy» izenburukoa. 14.00etan, herri bazkaria egingo dute Trintxerpeko frontoian. Bertan izango dira Xabier Silveira eta Fredi Paia bertsolariak. 17.30ean, «Marxismoa eta independentzia» hitzaldia eskainiko dute, eta 20.00etan, berriz, ekitaldi politikoa. Eguna borobiltzeko, Fermin Valencia eta Joseba Tapiak kontzertua eskainiko dute 22.00etatik aurrera, Pasai San Pedroko Erti aretoan.

(Gara. 010 / 01 / 22)