domingo, enero 24, 2010

BAZTERTUEN EKARPENA. Omenaldia langile eta buruzagi ezkertiarrei

Historia betea delako garaile ez izanagatik gizateriaren aurrerapenean mugarri izan ditugun borrokez». Argudio horrekin borobildu zuen Koldo Izagirre idazleak Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) atzo eginiko omenaldiaren funtsa. 1931ko grebetan, 1934ko iraultzan eta 1936ko gerran hildako langile eta buruzagi ezkertiar pasaitarrak gogoan izan zituzten 150 bat lagunek, Atzoko eta gaurko ezkertiarrak jardunaldien barruan eginiko ekitaldian. Historia egiten eta historia aldatzen saiatu ziren haiek eginiko ekarpenari gorazarre egin zioten ekitaldian bildutakoek. «Kondenatu haiek, historiak baztertu haiek, lurra eta kontzientzia dira gaur».
«Zutik, lurrean kondenatu... Bai, aldian behin, zutitu egiten dira lurrean kondenatuak dauden langileak. Lurrean kondenatuak eta historiatik kanporatuak. Eta, hala ere, ahaztuak direnok historia egiten saiatu izan ziren». Manifestua irakurrita ekin zion ekitaldiari Izagirrek, eta hitz berak errepikatu zituen galegoz Xose Estevez historialariak. XX. mendeko 30eko urteetan Euskal Herriak «bere heldutasun politikoaren lehen froga» bizi izan zuela esan zuen: altxamendu faxistaren aurkako erresistentzian, nazioarteko elkartasunean, porrotean, erbestean, zapalketan, kartzelan, fusilatzeetan... Euskal Herri libre eta sozialistaren ideiarekin bat egin zuten milaka herritarrak gogoratu zituen. «Bonbardatuak eta erraustuak, hil-bizi luzean egon ditugu zain Euskal Herria noiz zaien batuko». Horregatik, «aldaketarako saio guztiak eragozten dituen etsipen sozialeko garaiotan», borrokalari haien mezua eta eredua ezagutzera ematea eskatzen du bai oroimen historikoak bai kontzientzia politikoak, haren hitzetan. «Monumentuak eta omenaldiak beharrezkoak dira memoriaren jarraipenerako. Baina oroimen eragilea borrokalari haien hitzen eta eginen bitartez transmititzen da, orain honetan eman dezaketen argian».
Ideia bera hartu zuen hizpide Iñaki Gil de San Vicentek ere. «Herri bat biziko da, memoria hori oraina, ekintza, praktika etengabea izatea lortzen duen heinean, eta ez liburu artean usteldutako oroitzapen soila». Orduan borroka egin zutenen ekarpenari kalean mobilizazioetan bizirik eustearen garrantzia nabarmendu zuen, «memoria ez baita iraganeko kontua, memoria etorkizunez kargatutako arma da, askapenerako bitartekoa». Gogorarazi zuenez, 1930eko urteetan «klase borroka latza» eta «nazio burujabetza dinamika izugarria» izan zen Pasaian, «bi langile herrik, Euskal Herriak eta Galiziak, etsai berari egin ziotelako aurre, garaipena edo heriotza erabakia argi izanik». Memoria hori ezin dela ahaztu ohartarazi zuen, eta «memoriaren praktika» egitera deitu.
Orduko eta egungo egoera ez dela horren ezberdina uste du Gil de San Vicentek. Orduan, gaur egunean bezala, krisia, langabezia, preso politikoak, desagertuak... bazirela eta badirela. Eta orduan faxistak altxatu ziren bezala «neofaxismoa orduko dinamika berean» dabilela ohartarazi zuen. Baina herria eta herritarrak ere altxatu zirela nabarmendu zuen, «traidore eta saldu talde batek hori guztia isilarazi» badu ere. «Ezin diegu traizio egin, eta memoria ahaztea traizio egitea da. Datozen belaunaldiek epai gaitzatela halakorik egiten badugu».
Jesus Larrañaga 'Goierri' gogoan
Miren Larrañagak ongi gordea du memorian osaba zuenaren oroitzapena. Jesus Larrañaga Goierri (Beasain, 1901-Madril 1942) buruzagi komunistaren ibilbidea azaldu zien omenaldian bildutakoei, bere bizi-esperientziatik bertatik. «Oso atsegina zen, eta ezagutzen zuten guztiek maite zuten. Etsaiaren aurka, berriz, gogorra zen. Asko jazarri zioten, beti egon izan zelako langile, nekazari eta arrantzaleen alde». Polizia askotan etxera bila joan zitzaion Larrañagari, eta askotan lortu zuen ihes egitea ere, bizilagunek abisu emanda, ilobaren hitzetan. Baina ez beti. «Ondarreta haren bigarren etxea izan zen; denbora gehiago ematen zuen espetxean etxean baino».
Gerra hasita, Donostian aritu zen lehenik matxinatuen aurka, eta Bilbon, Asturiasen (Espainia), Bartzelonan... gero. Batetik bestera «beti borrokan» nola aritu zen azaldu zuen ilobak, hunkituta. Sobietar Batasunean errefuxiatuta zegoela jakin zuen osaba Madrilen fusilatu zutela. «Kolpe latza izan zen». Hala, hura bezala «hurrengo belaunaldientzat bizimodu hobe baten alde horrenbeste borrokatu zirenak ez ahazteko» eskatu zuen.
(Berria. 2010 / 01 / 24)