martes, enero 26, 2010

1936KO GERRAKO HOBI KOMUNEN MAPA EGINGO DUTE

1936ko gerraren eta frankismoaren ondorioz hildakoen hobi komunak non diren mapa batean jasoko du Espainiako Gobernuak. Atzo sinatu zen hitzarmena, Madrilen, egitasmo hori garatzeko. Ekitaldian izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Generalitateko ordezkariak, baita Andaluziako, Aragoiko, Asturiasko, Extremadurako, Kantabriako eta Gaztela Mantxako ordezkariak ere.

Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen izan hitzarmena sinatzeko ekitaldian. PPk agintzen duen eskualde gobernuetako ordezkaririk ere ez zen joan ekitaldira. Espainiako Gobernuaren izenean Francisco Caamaño Justizia ministroak sinatu zuen hitzarmena. Galdera egin zioten Caamañori, ea zer zeritzon komunitate horietako ordezkariak ekitaldian ez egotea. Justizia ministroak erantzun zuen badakiela haietako batzuk lanean ari direla, hobi komunen mapa egiteko. Bestalde, Parlamentuaren eskariari ja erantzun behar zitzaiola adierazi zuen. Atzo hitzarmena sinatu ez zuten erakundeak «ahalik eta lasterren» gehitzea espero du Caamañok.

Memoria historikoaren 12. artikuluan zehaztutako zeregina da hobi komunen mapa egitea. «Mapa honek Estatuko geografia guztia hartuko du», azaldu du Caamañok. «Asko ondutako materiala zuten komunitateak sartzea erabaki da, eta beste komunitate batzuk progresiboki emango digute; batzuk beste batzuk baino aurreratuago zeuden». Mapa, jasotako ekarpenekin, «gailu bizia» izango dela adierazi du Caamañok. Alde horretatik, memoria historikoa berreskuratzeko taldeek egindako lana goraipatu du.

Elkarteen ezjakintasuna

Espainiako Gobernuaren ekimena, a priori, ontzat jo du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Hitzarmenak zenbait hutsune dituela salatu du, ordea. «Inor ez da gurekin harremanetan jarri, iritziak eta ekarpenak eskatzeko», adierazi du Martxelo Alvarez taldeko kideak. Komunikabideengatik jakin dute hobi komunen mapa egingo dela, eta hori ez dela zentzuzkoa uste du Ahaztuak-ek. Alvarezen arabera, hitzarmenaz jakin ahal izan dutenarengatik, hobiak husteko nazioarteko protokoloetan ezarritako irizpideak aintzat hartzeko asmorik ez da agertu, eta Espainiako Gobernuak ez du lan horien kostua bere gain hartuko.

Bestetik, Ahaztuak-ek gaitzetsi du atzo sinatutako ituna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriko dela, baina Nafarroan «ezezaguna» izango dela. Taldeak kritikatu du Espainiako Gobernuak instituzio bakoitzaren borondatearen esku utzi duela mapa egiteko zeregina. Ahaztuak-ek ondorioztatu du Gobernuak ez duela borondaterik erakutsi gaur artean egon den «inpunitate ereduarekin» amaitzeko.

(Berria. 2010 / 01 / 26)