sábado, junio 14, 2008

OIARTZUNEK 36KO GERRARI BURUZ EKIMENAK EGINGO DITU

Badira bi urte "Kattin Ttiki" taldea Oiartzungo memoria historikoa berreskuratzen hasi zela. Eta asteazken arratsaldean egindako agerraldian datozen hilabetetan aurrera eramango dituzten ekimenak aurkeztu zituen.

Honela, datorren astean, hilaren 19an, hitzaldia izango da Manuel Lekuona liburutegian, 19.00etan. Aranzadiko ikerlariek, Iñaki Egaña historialariak, Andoni Lekuona soziologoak eta Lau Haizetara plataformako kideek 36ko gerrak Oiartzunen izan zuen eraginari buruz hitz egingo dute eta Aranzadik Iragorriko kanposantuan topatutako hobi komunari buruzko informe zientifikoa aurkeztuko du.

Uztailaren 18tik aurrera, udaletxeko pleno aretoan erakusketa antolatuko dute. Gerra garaiko testigantzak, irudi grafikoak eta material ezberdinak ipiniko dira.

Horrez gain, ekitaldi nagusia Iragorriko kanposantuaren inaugurazioa izango da, uztailaren 27an, Oiartzun faxisten esku gelditu zen egunaren urtemugan.

Datorren urteari begira ere, besteak beste, DVD bat eta liburu bat prestatzen ari dira, herrian 36ko gerra izan zena erakusteko.
(Noticias de Gipuzkoa. 14 / 06 / 08)