lunes, abril 02, 2012

DESMEMORIAK MEMORIA JAN EZ DEZAN, EGIA ESKATU DUTE FRANKISMOAREN BIKTIMENTZAT

Urtean behin Ahaztuak 1936-1977 elkarteak egiten duen ekimena, Oroimenaren Eguna deitua, deialdi nomada da, edizio batetik bestera leku aldaketa egiten duena. Atzo, egunaren laugarren urteurrenean, deialdia Zarautzera iritsi zen. Leku berezia da honakoa, izan ere bertako hilerrian lurperatuta baitago Jon Paredes Manot Txiki zena.

Aurtengo leloa begi bistatik kendu gabe, «Biktima guztiak, borrokalari guztiak», oroitzapenezko eta aldarrikapenerako ekitaldia kanposantuan hasi zen, zehazki, Txikiren hilobiaren aurrean. Bertan, gerturatu zirenek lore eskaintza egin zioten diktadura frankistan fusilatu zutenari, baita «borrokalari antifaxista eta frankismoaren biktima guztiei» ere.

Legea bete dadin

Egunaren bigarren ekitaldia herriko Musika Plazan kokatu zen. Bertako kioskotik, Ahaztuak- eko kide Martxelo Alvarezek justizia bilatzen duten neurriak hutsaren hurrengoa direla iritzi zion, «Memoriaren Legea» deitzen denak jada bost urte dituen arren.

Testuinguru honetan, politikari eta erakundeen jarrera kritikatu zuen, beraren ustez, «egiari edukia kentzen saiatzen direlako». Bestalde, elkartearen aburuz, orain arte ukiezinak ziren gai batzuk eztabaida irekia bilakatu dira Estatu espainolean. «Hori da, hain zuzen, gure konkistarik handiena, baita gure erronkarik handiena ere», zehaztu zuen.

Eta desmemoriak memoria jan ez dezan, egia zehaztea eta azaleratzea ezinbestekotzat jo zuten beste behin. «Benetan gertatu zena kolpe militarra izan zen, berekin genozidioa ekarri zuena. Ondorioz, milaka pertsona preso, beste hainbeste erbesteratu, eta beste hainbeste hildako egon ziren, beste eskasia askoren artean».

Esan zuen, halaber, elkartekoak jabetzen direla «ur-lasterraren kontra» doazena, baina «ausardiaz eta duintasunez» lanean jarraituko dutela, «memoria historikoa» benetan hala izan dadin.

Egoeragatik hunkituta, Antonia Manot, Txikiren amak ez zuen hitz egin nahi izan. Edo ez zuen behintzat horretarako indar nahikorik bildu. Hunkigarria bezain gogorra, bestalde, Marcelo Usabiaga frankismoaren biktimak kontatu zituenean diktadurak utzi zizkion bizipenak. Bost aldiz atxilotuta, kartzelan bost aldiz egondakoa da, eta 24 urtekoa izan zen zigorrik luzeena, 1936tik 1960ra ordaindutakoa. Fusilatzera zeramatzaten presoz betetako kamioiak begien aurretik egunero pasatzen zitzaizkion Usabiagari. «Eta hori, memoriatik ezabatzea ezinezkoa da», esan zuen.

(Gara. 2012 / 04 / 02)