jueves, agosto 13, 2009

DIKTADURAKO DESAGERTUEN GAINEKO LEGE BAT ONARTU DUTE TXILEN

Diktadura garaian desagerrarazitako ehunka lagunen senideek beren egoera eta hondasunak arautzeko aukera izango dute aurrerantzean. Txileko Senatuak atzo onartu zuen Desagerrarazitako Pertsonen Absentzia Deklarazteko Legea edo Desagertuen Legea deritzona, gehiengo sinplearekin. Denbora luzea zeraman Txileko Legebiltzarrak lege proposamena eztabaidatzen. Horiek hala, testuaren aldekoak garaipentzat jo dute hura berretsi izana.
Lege proposamena lehenago onartua zuen Senatuak, baina auziaz arduratzen den batzordeak nabarmendu zuen proposamenak bi herenen sostengua behar zuela aurrera egiteko. Senatari sozialista talde batek, ordea, gaitzetsi egin zuen eskaera, eta Auzitegi Konstituzionalera jo zuen. Hark, azkenik, erabaki zuen nahikoa zela gehiengo sinplea batzorde mistoak egindako proposamena berresteko. «Auzitegi Konstituzionalaren erabakia garrantzitsua da oso, ez bakarrik auzi honetarako, baita aurreragorako ere. Hemeretzi urtez gutxiengoak oztopatu egin ditu gehiengoak bultzatutako lege proposamenak, baina hori amaitu da», adierazi du Juan Pablo Letelier senatari sozialistak. Legea indarrean sartzea atzeratzen ahalegindu izana egotzi dio Letelierrek Senatuko presidente Jovino Novoari.
Diktadura
Egia eta Adiskidetzearen Batzorde Nazionalak 1991n aurkeztutako txostenaren arabera, 1973ko irailaren 11tik 1990eko martxoaren 11 arte 3.200 lagun hil ziren segurtasun indarren esku, eta horietatik 1.192 desagertutzat jo zituzten. Dokumentu hartan bertan biktimentzako eta haien gertukoentzako kalte-ordainak ere jasotzen ziren, baita haien egoera arautzeko hainbat proposamen ere.
Augusto Pinocheten diktaduran «Estatuaren etsaitzat» jo zituzten Salvador Allenderen Gobernuaren jarraitzaileak, eta ohikoak bilakatu ziren bahiketa, tortura eta exekuzioak. Hildakoen gorpuak, berriz, itsasora jaurtitzen zituzten maiz.
(Berria. 09 / 08 / 13)