viernes, diciembre 26, 2008

MEMORIA HISTORIAKOAREN LEGEAK EZ DITUELA JUSTIZIA ETA EGIA BERMATU SALATU DU AIK


«1936ko gerraren eta frankismoaren biktimek gutxi dute ospatzeko». Amnesty Internationalek (AI) balorazio hori egin du Espainiako Memoria Historiaren Legearen lehen urteurrenaren atarian. Bihar urtebete beteko da aipatu legea indarrean sartu zenetik. Ordutik, Legea garatzeko eman dituzten pausoak «zatikatuak eta mantsoak» izan direla uste du erakundeak. «Legeak oraingoz ez du lagundu giza eskubideen urraketa larriak pairatu zituztenekin dagoen zorra kitatzen», kritikatu du AIk.

Legea duela urtebete onartu zen arren, Espainiako Gobernua nazioartean dituen beharretatik urrun dagoela nabarmendu du AIk atzo argitaratu zuen prentsa ohar baten bidez. «Egia, justizia eta frankismoaren eta Espainiako Gerrako biktimen ordaina bermatzeko ardura du, baina Legeak oraindik ez du hori lortu», nabarmendu du. AIk gogoratu duenez, Memoria Historikoaren Legea «aurrera pauso txiki» batekin alderatu zuen duela urte bat, Legea onartu zenean. Dena den, giza eskubideak sustatzen dituen erakundeak azpimarratu du, ez dituela ikusten pauso txiki horrek ekarri beharko lituzkeen ondorioak. Legearen garapen geldoa une askotan «haserretzeko modukoa» izan dela kritikatu du.

Espainiako Gobernuak Legean zehaztutakoa garatzeko eta ezartzen hasteko xedapen apurrak urte bukaeran abian jarri dituela nabarmendu du Amnesty Internationalek.

Legea eta epaileen erabakiak

Espainiako Memoria Historikoaren Legearen eta epaileen erabakien arteko bateragarritasunaren inguruan sortutako egoera Legearen garapena bera baino «are larriagoa» dela uste du AIk. Egoera horrek zalantza piztu duela dio, eta, horrekin batera, biktimen eskubideen bermatzea atzeratzen ari direla.

Gogoratu behar dago duela hilabete erabaki zuela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoak frankismoaren krimenak ikertzeko Baltasar Garzon epaileak ez zuela eskumenik. Lurraldeetako auzitegien esku dago gaur egun biktimen eskaerei erantzutea. Garzonek ikertzen zituen hainbat hobi komun irekitzea lurralde ezberdinetako auzitegien esku utzi zituen iragan hilabetean. Nafarroako epaile dekanoari igorri zion Ezkabako (Iruñea) gotorlekuko hobia irekitzeko errepresaliatuen senideen elkarteek egin zioten eskaera, besteak beste.

Legea garatzeko aholkuak

Espainiako Gobernuak Espainiako Gerraren eta frankismoaren biktimekin duen ordaina kitatzeko hainbat aholku eman dizkio AIk. Lehenik eta behin Nazio Batuetan memoria historikoaren gaia aztertzen duen lantaldeari desagertuen inguruko informazioa emateko aholkatu dio. Pauso hori «denbora galdu gabe» emateko eskatu du. Horrekin batera, aditu independenteekin osatutako batzorde bat sortzeko aldarrikatu du. Espainiako Gerran eta diktaduran urratutako giza eskubideen «egia historikoa berreskuratzeko lana» egingo luke batzorde horrek .

Azkenik, biktimek ordainerako eskubidea gauza dezaten nazioarteko arauekin batera beharrezkoak diren neurriak hartzeko galdegin dio Espainiako Gobernuari.

Horretaz gain, Amnesty Internationalek Orria beste aldera itzuli aurretik irakurri egin behar da manifestua oinarri duen ekimenarekin jarraitzen du. Manifestu horretan, frankismoaren eta 36ko Gerrako biktimen eskubidea babesteko aldarria egiten du AIk, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari bidali diote. Idazki horretan, frankismoan eta Espainiako Gerran indarrez desagertutako kasuen ikerketa judizial eraginkorra eta alderdikeriarik gabekoa eskatzen diote, nazioarteko araudiak agintzen duen bezala. Manifestua aurkeztu zutenetik nazioarteko hamaika legelarik eta abokatuk bat egin dute aldarri horrekin.

(Berria. 08 / 12 / 27)