sábado, marzo 31, 2007

BELDURRA


Oroimenaren ibilbidetik joz gero, oroimenaren eta justiziaren arteko zubi hori egin ahal izateko harien bila, eta haiei jarraika eta tiraka, maiz topo egiten dugu 1936ko uztailaren 18az geroztiko izugarrikeria zapaltzailearen ondorioak beren larruan eta bertatik bertara bizi izan zituzten gizon eta emakume askorekin. Pertsona haiek izan baitziren, edo haien senitarteko hurbilenak edo auzoak, estatu kolpearen egunetik beretik -II. Errepublikaren, Fronte Popularraren, eta abertzale kataluniar, euskaldun eta galiziarren saioen oinarri sozial izan ziren herritarren aurka- abiarazi zuten deuseztatze politikaren hartzaileak, edo jomuga. Buruz buruko horretan, pertsona horiengan askotariko sentimenduak aurkitzen ditugu, norberaren bizipenen araberakoak: zenbaitetan ezkutuagoak eta, beste batzuetan, bizi-bizirik dirautenak, kasurik gehienetan 70 urtetik gora igaro badira ere ordudanik. Sentipen horietako bat da, hain zuzen ere, beldurra.

Francisco Etxebarriak, Aranzadi elkarteko auzitegi medikuak, hauxe esan zuen duela aste batzuk El País egunkarian: «Ez da onartzekoa zenbait jende, gaur egun oraindik ere, beldurrez mintzo izatea Gerra Zibilaz eta orduko errepresioaz ari delarik. Jende horri esan behar zaio gertakari haiek bidegabekeria galanta izan zirela, eta horretaz jabetzen garela eta gure babes osoa dutela. Beldurrak ezin du bere hartan iraun». Guk geuk bezala, ziur askorik dozenaka aldiz egiaztatu behar izango zuen honelako errealitateren bat: norbaitek uko egin izatea hobi komunen bat non dagoen adierazteari, nahiz eta ongi jakin non dagoen, eta «hurrengo herriko biztanleren bati galde egiteko» gonbita egin izatea, «berak inolako arazorik ez duelako nahi»; edo beste norbaitek inolako lekukotzarik eman nahi ez izatea, «betikoek hor jarraitzen dutelako». Behin eta berriro ageri diren jarrera horiek baieztatu baino ez dute egiten, objektiboki, talde jakin batzuetako jendearengan nagusi den beldurra. Egitate horrek nahikoa izan beharko luke, berez, beldur hori huskeriatzat jotzen duten askori gogoeta eginarazteko; beldurraren kontu hori gainetik baino ez baitute begiratzen, gaur egun beldurrak izateko inolako arrazoirik ez balu bezala.

Beldurra, baina, hor dago. Eta handia da. Eta benetakoa. Eta izugarria behar du izan. Zeren eta, zenbaterainoko beldurra izan dezakete, mina bera nahiago izateko beldurraren ordez, orain arteko isiltasun minbera hori nahiago izateko, hirurogeita hamar urtez isilarazitako min hori? Zenbaterainokoa behar du izan beldur horrek, hobiraino isilik iraun nahiago izateraino, eta heriotzaraino isil-gorde nahiago izateko hainbat hamarkadatan ezkutuan gordetako hobi komun baten kokagunea? Zenbaterainoko beldurra, isilik jarraitu nahiago izateko, nork bere hildakoengatik isil-gordeka negar egiten jarraitzeko, ezkutuan dakiena agerian utzi ordez? Zenbaterainoko beldurra, desagertu bati buruzko ziurtasun gabezia nahiago izateko, haren amaieraren berririk ez jakin nahiago izateko?

Egitate horren benetakotasuna egiaztatzea beti izango da aurrerapauso bat, baldin eta horrek berekin dakartzan galdera eta erantzunekin koherente izaten bagara; eta benetan konturatzen bagara ez hitz onek ez borondate oneko gurariek ez dituztela desagerraraziko. Geure buruari galdetu behar diogu jendeak zergatik duen beldurra, oraindik ere, hitz egiteko, kontatzeko, esateko. Desagertuen nondik norakoen berri jakiteko beldurra, haiek bilatzen hasteko beldurra, oroimena berreskuratzeko eta justizia aldarrikatzeko beldurra. Geure buruari galdetu behar diogu zergatik dauden halako jarrera babesgarriak, zergatik dagoen halako beldurra azken batean; eta, gero, erantzuna onartu behar dugu, eta horren arabera jokatu. Onartu beharko dugu, halakorik bada, frankismoa amaitu eta hogeita hamar urte igaro ondoren ere, honegatik dela: erregimen haren biktima diren pertsona horiek guztiek ez dutelako uste, barren-barrenean, nahikoa aurrerapauso objektibo eman denik beldurrik ez izateko, alegia egungo demokrazia honek ez diela oraindik eskaintzen konfiantzarako arrazoi nahikorik. Onartu beharko dugu egitate horrek gogor interpelatzen duela 1977. urtetik gaurdainoko klase politikoa; izan ere, beldurrak erakusten baitu beldur horri iraunarazten lagundu dutela politikariek, eta beldur horren helburuak lortzen ere bai: nagusikeria eta zigorgabetasuna.

Ez inolako alderdik ez inongo politikarik ez lioke ezikusiarena egin behar interpelazio horri. Inork ezin baititu frankismoaren biktimak berak jo pairatzen duten beldur horren erruduntzat; are gutxiago, iraganeko eta gaur egungo errealitatea aintzakotzat harturik. Trantsizioaz geroztiko oroimenik ezak sendotu zuen beldurra. Egungo ikuspegi errebisionistak beldurgarriak dira, beldurraren bazka dira. Politikariek horien inguruan ageri duten utzikeria eta pasibotasuna ere beldur eragile dira. Martxoaren 3an eta Montejurran gertatutakoen zigorgabetasunak eta PPren eta haren aliatuen neofrankismoak beldurra ematen dute. Frankismo eta faxismoaren aldeztaile agerikoek ere beldurraren sostengu dira. Fraga zigorrik gabe eta Pinochet goresten ikusteak beldurra eragiten du. Frankisten sinbologiak bere hartan iraun izana beldur horren eragile da. 'Oposizioko alderdi nagusia' manifestazioetan ibiltzeak -falangisten eta frankisten banderak zigorraren beldurrik gabe astintzen dituztenekin eta «Zapatero zulora, aitonaren ondora» diotenekin batera- beldurra areagotu baino ez du egiten. Frankismoaren biktimak politikarien marketin politikorako erabiltzeak ere iraunarazi egiten dio beldurrari. Biktima horiek eta gainerakoak bestelakotzat tratatzea eta hartzeak ere beldurra eragiten du. PSOEren Memoria Historikoaren Legeak beldurra areagotu egiten du. Beldurgarria da Gotzone Mora PSOEko politikaria izatea hizlari Francisco Yague fundazioan. Egiarik, konponbiderik eta justiziarik ezak ere beldurra eragiten dute: 1936an ezarri zuten beldur berbera; trantsizioak estatu kolpearen eta frankismoaren aldeko kriminalei eskainitako zigorgabetasunak eragindako beldurra.

Horregatik, gure borroka beldurraren aurkako borroka da gehienbat. Horregatik nabarmentzen eta salatzen ditugu beldurra betikotzearekin zerikusia duten askotariko erantzukizunak; beldur horrek bere hartan baitirau gaur egun ere, eta beldur horrek hobiraino laguntzen baitie frankismoaren hainbat eta hainbat biktimari. Ez dugu beldur gehiago nahi. Ez dugu onartuko gure seme-alabek beldur hori jasotzea oinordetzan gure gurasoengandik, ez eta geuregandik ere. Beldurra deseraikitzearen aldeko apustua egin nahi dugu, hirurogeita hamar urteko eraikin beldurgarri horren zimenduak deserrotu nahi ditugu, euskarri dituen zutabeak eraitsi, eta batzen eta sendotzen duen kareorea desegin. Erauzten diogun adreilu bakoitza, hain zuzen ere, eraiki nahi dugun demokrazia benetako eta berri horretarako erabiliko dugu, gaur egun oraindik pitzadura nabarmenak eta oinarri zeharo ahula ageri dituen sistema demokratiko hori sendotzeko.

Frankismoaren biktimen arazoaren eta kikildurik eduki dituen (gaituen) beldurraren konponbidea, izan ere, ez da deklarazio, sentimendu edo laguntza mailakoa soilik, baizik eta politika alorrekoa batik bat. Eta neurri politikoak, benetakoak, konponbidea eta justizia dakartenak, hutsaren hurrengoa dira oraindik.

("Berria" 07/04/01 - Erredakzioan itzulia)