domingo, septiembre 03, 2006

INJUSTIZIA HISTORIKOAREN LEGEA

"Maravillas, Maravillas.../florecica de Larraga/amapola del camino/te seguiré donde vayas/ a Monreal, a Otxoportillo, a Sartaguda, a Santacara/ para sembrar las cunetas/de flores republicanas..."
Uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren, faxistek Nafarroan hildako milaka eta milaka biktimetako baten izena ageri da Fermin Valencia nafarraren abesti horretan, bai eta krimen hori non izan zen ere. Kopla horretan ez dira aipatzen, ordea, errekete edo falangistak -Julio Redin, adibidez-, guardia zibilak -Arana, besteak beste, "el del puesto de Artajona"-, edota 1936ko abuztuaren 15ean Larragako seme Vicente Lambertoren erailketan eta haren 14 urteko alaba Maravillas Lamberto Yoldiren bortxaketa eta erailketan parte hartu zutenak, Larragako Udaleko idazkaria esate baterako.
Ulergarria da Ferminek izen horiek aipatu ez izana: segur aski, abestiak islatzen dituen sentimendu garbiak ez zituen zikindu nahi hiltzaileen izenekin. Errespetu eta sentsibilitate gutxiago erakutsi zuen PSOEk -alderdi horren aldekoa zen Vicente Lamberto- uztailaren 28an, Gerra zibilean eta diktadura garaian jazarpena eta indarkeria jasan zituztenen eskubideak aitortu eta hedatu, eta horien aldeko neurriak ezartzen dituen lege proiektua izenekoa aurkeztu zuenean. Lege proiektu horren izenburu luzea bada ere, horren guztiz kontrakoa da frankismoaren biktimentzat proposatzen duen justizia. Lege proiektu hori aurrera ateraz gero, isilpean geratuko dira Maravillasen eta horren aitaren hiltzaileen izenak. Hau da, babestu egingo du lege horrek Espainia berriaren sortzaileen eta haien milaka eta milaka kideen izen ona. Horixe da "Ahaztuak 1936-1977" elkarteko kideok PSOEk aurkeztutako lege proiektu hori eta horren atzean dagoen guztia baztertzeko dugun arrazoietako bat.

Baztertzeko arrazoiak
Hala ere, ez da hori lege proiektua baztertzeko dugun arrazoi bakarra. Lege proiektu horrek parekatu egiten ditu estatu kolpearen aldeko hiltzaileak eta herriak hauteskundeetan hautatutako errepublika babestu zutenak; alegia, arrazoi horregatik hil zituztenak; baliozkoak dira, oraindik, milaka eta milaka hilketa eta zigorren oinarri izan ziren frankismoko iruzur juridikoak; ez ditu aipatzen erregimen harekin bat egiten ez zutenei kendutako ondasunak, eta, egin ezaz, uko egiten dio milaka eta milaka preso politikoren esklabotzarekin aberastutako enpresa eta pertsonak zigortzeari. Era berean, bakoitzaren arabera uzten da kalte-ordaina ematea, eta familiaren eta ekimen pribatuaren esku, berriz, legez kanpo hildako eta hilobi komunetan sakabanatutako milaka eta milaka gorpuak bilatu eta ateratzea; eta nahita ahanzten du nazioarteko legedia, gerrako krimenak eta gizateriaren kontrakoak baliogabetzen ez dituena. Hilketa horiekin zabaldu zuen izua erregimen frankistak, eta horiei esker nagusitu zen; ez dago genozidio frankista ukatzea galarazten edota zigortzen duen ekintzarik; onartu egiten ditu oraindik ere jazarraldi nazionala justifikatzen dutenen irizpide errebisionistak. Ikuspegi orokor batetik, proposatutako neurriak eta proposatu gabekoak -lehenak bezain garrantzitsuak-nahikoa arrazoi dira PSOEren proposamena erabat baztertzeko.

Eredu bati jarraitzea eta hori finkatzea
"Ahaztuak 1936-1997" elkartearen barruan, uste dugu arrazoi horiei beste bat ere gehitu behar zaiela: Lege proiektu hori edo horren antzeko filosofia edo edukia duen bat onartuz gero, urrats garrantzitsua egingo dugu batzuek zigorgabetasunaren eredu espainiarra deitzen dutena finkatzeko. Testua irakurtzen duen edonork ikus dezake sarreran bertan -legearen asmoen adierazpena da hori- goretsi egiten duela trantsizioa; haren azala, mamia eta ondorioak; bertan proposatutako neurriak ere bat datozela harekin; eta PSOEk bat egiten duela benetako Puntu eta Amaierako Legea izan zen haren espirituarekin, batek esan zuen bezala, biktimek izututa jarraitzearen truke hiltzaileak zigorrik gabe utzi baitzituen. PSOEk orain benetako justizia neurriak ezartzeko aukera badu ere, lehengo eredu hari jarraitzea eta hura ziurtatzea aukeratu du; hala, PPrekin ados ez dagoela ematen badu ere, bat dator harekin, frankismoaren ondoren trantsizio eredugarria diseinatzeko orduan erregimen hartako taldeekin, eta hura 1975etik aurrera aplikatzerakoan UCD eta APrekin bezala.
PSOEren jarrerak ezer uzten badu argi, honako hauxe da hori: Espainiako demokrazia ez dela gai gaur egun, oraindik, herriak hauteskundeetan adierazitako borondatea faxisten aurka babesteagatik hil zituztenei justizia eskaintzeko, uztailaren 18 hartatik hirurogeita hamar urte eta Franco hil zenetik hogeita hamar joan badira ere. Demokrazia honen neurria ere adierazten digu, noraino hel daitekeen eta noraino ez, alegia, eta erakusten digu, era berean, oroitzapen demokratikoa eta orain eta hemen sistema benetan demokratikoa eraikitzeko aukera bahitua dutela hainbat interesek, 1936an altxatu zirenen antzekoek. Baina honako hauxe da agian larriena: PSOEren proposamena onartuz gero, ia behin betiko geratuko litzateke finkatuta trantsizio garaitik indarrean dagoen zigorgabetasun eredua, eta oso elementu kezkagarria litzateke horrekin lotutako demokrazia eredua ezartzeari dagokionez; izan ere, hutsune nabarmenak ditu horrek eta ez da gai hura Historiako zabortegira botatzeko.

Gure oroitzapena, gure etorkizuna
Beraz, ez gaude iraganeko arazo baten aurrean. Etorkizunak kezkatzen gaitu, etorkizun horren kalitate demokratikoak. Horregatik iruditzen zaigu larria itxuraz kontrakoak diren jarreretatik etorkizuneko lege horri egia, ordaina eta justizia kentzea, eta horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua horren aurka egitea. "Ahaztuak 1936-1977" elkarteko kideok uste dugu oroitzapenaren aldeko borroka hau are garrantzitsuagoa dela une honetan; izan ere, trantsizio garaitik hona ez bezala, estatu demokratikoa eta gizartea orain eta hemen diseinatzeko funtsezkoak diren hainbat elementu ari dira agertzen eztabaida politikoan: gizarte eredua, hezkuntza eredua, botereen bereizketa eta independentzia, estatuaren laikotasuna, lurralde eredua, erabakitzeko eskubidea eta pertsona eta herrien erabakien errespetua... Uste dugu, era berean, eskubideek ez dutela izan behar negoziazio gai, ezta horiek ukatzen edo urratzen dituzten egoera juridiko eta politikoen xede ere. Eskubide horien oroitzapena gure senideetan ere badago, frankismoaren biktimetan eta haien oroitzapenean; baita horiei kartzeletan, hil-hormetan edo bide bazterretan errotik kendu zizkieten berdintasun, askatasun eta justizia ametsak ere. Demokraziaren ezaugarri eta kalitate horiek daude, eraiki nahi zuten eta eraiki nahi dugun gizartearena.
Horregatik, ez dugu onartzen ahaztura hau, prestatzen ari diren amnesia itun berria, berriz inposatu nahi digutena. Horregatik, ez dugu onartzen Lege proiektu hori, eta hori baztertzeko eta bazterketa hori zabaltzen laguntzeko eskatzen diegu «memoria historikoaren» aldeko elkarte eta biktimei, mota guztietako elkarteei, biktimei eta haien ondorengoei, gizarteari eta alderdi politiko demokratikoei. Beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteko eta babesteko. Antola dezagun memoriaren intsumisioa. Isiltasuna inposatu nahi badigute ere, hitz egin dezatela ezer dakitenek, esan dezatela, adieraz dezatela. Sendo ditzagun lekukotza bilketak, ikerketak. Ez dadila datu edota irain bakar bat ere gal. Zabal ditzagun lau haizeetara gure arrazoiak. Esan ditzagun ozen gure hilen izenak, gure desagertuenak, gure zigortuenak. Esan ditzagun argi eta ozen hiltzaileen izenak ere, salatzaileenak, zapaltzaileenak. Sinbologia frankistari dagokionez pasibo izateko aldarrikatzen badute ere, egin dezagun sinbolo horien guztien zerrenda herri eta auzo bakoitzean, eta sor dezagun horiek ezabatzeko herri plan bat. Badakigu zer kendu ziguten; gure guraso, aitona-amona edota guri geroni zer ostu ziguten. Badakigu nork hartu zituen, nor aberastu zen doako gure lanarekin, gure beharrarekin, gure sufrimenduarekin. Badakigu nork utzi gintuen bakar-bakarrik, seniderik gabe, nork negar eginarazi zigun. Asko dakigu. Esan dezagun. Gehiago jakin behar dugu. Egin dezagun posible.

(Erredakzioan itzulia)