Aurreko urteotan Gernikan eta Aramaion egin bazuten, Bizkaian eta Araban hurrenez hurren, oraingoan Nafarroan egitea aukeratu dute, «gure lanari lurraldetasunaren ikuspegia emateko eta Euskal Herri osoan lan egiten dugula erakusteko».
Horrekin batera, etorkizunean ere urtero horrelako egun bat antolatzeko asmoa azaldu zuten, «oroimen historikoa ez baita soilik norbanako edo familia barneko oroimena, ez da iraganeko kontua, gaurko eta etorkizunekoa baizik. Benetako jendarte demokratikoaren eraikuntzarekin zerikusia du, hemen eta orain sortu nahi dugun pertsona eta herri askez osaturiko jendartearekin».
Horiek horrela, frankismoaren errepresioa pairatu zuten guztientzat eta erregimen horren aurka borrokatu ziren guztientzako egia, bakea eta konponketa aldarrikatu zituzten beste behin.
Egunaren lehen ekitaldiaren baitan, Xulapain aranean zehar faxistek bertako biztanleak hil eta lurperatu zituzten tokiak identifikatu zituzten, «memoriaren lekuak» gisa izendatuz.
Ondoren, Beltzuntze herrian omenaldi ekitaldia egin zuten, «Nafarroan, Euskal Herrian eta Estatu espainolean frankismoak hil edo jazarri zituen pertsona guztiak gogoratzeko».
Aldarrikapenaz gain, jai giroa ere ez zen falta izan bildutakoen artean. Hala, herri bazkaria ere izan zuten.
Ondoren, Fermin Balentziaren kantaldia izan zen. Salvador Amor eta Gabriel Ortega kantari argentinarrek, berriz, «Rojo cancionero y banderas rotas» lana aurkeztu zuten Oroimenaren Egunean.
Matxitxako ere gogoan
Bestalde, Matxitxako elkarteak Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea omendu zuen atzo Armintzan. Besteak beste, 1937ko martxoaren 5ean «Bou Nabarra» ontziak «Canarias» gerraontzi frankistarekin izan zuen borroka gogoratu zuten bildutakoek. Ekitaldiaren helburua «Bou Nabarra» ontziko marinelak omentzea izan zen. Ontzi hori Matxitxako lurmuturretik gertu hondoratu zuten, eta bertan zeuden 49 lagunetatik 30 hil ziren frankistek buruturiko erasoaren ondorioz.
Matxitxakoko bataila «Canarias» gerraontzi frankistak Bilbora bidean zihoan Euzkadiko Gudontzidiak babestutako konboi bat eraso zuenean hasi zen. 1936an sortu zuen Euzko Jaurlaritzak Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea, Armada Errepublikanoari itsas trafikoa babesten laguntzeko helburuarekin, besteak beste.
Matxitxako elkarteak urtero-urtero omentzen ditu 1937ko martxoaren 5eko batailan hildako gudariak. Iaz, Ibarrangelu antolatu zuten ekitaldia, eta, aurreko urteetan, Gaztelugatxen.
Atzokoan, Iñaki Anasagasti EAJko senataria eta Lakuako Gobernuko eledun Idoia Mendia izan ziren Armintzan egindako ekitaldian.
(Gara. 2011 / 05 / 08)