lunes, noviembre 05, 2007

ANVk FRANKISMO GARAIKO KALTE-ORDAINIK JASO EZ DEZAN, LEGEA ALDATU NAHI DU PSOEk


Frankismoak bahitutako ondasunak alderdi politikoei itzultzeko 1998an PPk CIUrekin eta EAJrekin adostutako legearen erreforma baliatu nahi du PSOEk EAE-ANVri kalte-ordainik eskatzeko eskubidea ukatzeko. Legearen erreforma gaur hasiko da eztabaidatzen Espainiako Kongresuan, Batzorde Konstituzionalean. Aurkeztutako zuzenketen bidez, atal berri bat sartzea proposatu du PSOEk, hain zuzen, kalte-ordainak eskatzeko baldintza berriak ezartzeko.

Baldintza berri horien arabera, ezin izango dute kalte-ordainik eskatu legez kanpokoak diren alderdiek, edo legez kanporatzeko prozesu batean murgilduta daudenek edo, Alderdien Legearen ondorioz, hautagaitzak baliogabetuta dituzten alderdiek. Azken baldintza horren bidez lortuko luke PSOEk EAE-ANV lege berriaren onurak baliatu ezin izatea, 2007ko udal eta foru hauteskundeetan alderdiaren hainbat zerrenda baliogabetu baitzituzten.

1998ko legea baliatuz, ANV-EAE-k 684.298,12 euro jaso zuen Estatutik, eraikin baten, 27 kontu korronteren eta 96 alokairuren ordainetan. Jose Maria Aznar buru zela, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak agindu zuen ordainketa.

BESTE ALDERDIEN ZUZENKETAK

IU-ICV eta EAJk 1998ko legea murrizten duen interpretazio oro ekidin eta kalte-ordainak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuak malgutzeko hobekuntzak sartu nahi dituzte, berri agentzien arabera. Hala, IU-ICVk proposatu du alokairuan zituzten lokalak eta eskudirua konfiskatu zitzaien alderdiei ere kalte-ordaina eman behar zaiela. EAJ-k, bere aldetik, proposatu du garai hartan Espainiako estatutik kanpo jabegoa zuten alderdiei ere legea aplikatzea; izan ere, bere esanetan erregimen frankistaren jazarpena mugaz gaindi Europan agindu zuten beste diktadurekin batera indarrean izan zen. Era berean, erreklamatzen diren eskubideen eta eskatzen diren ondasunen jabetza ziurtatzen duten edozein froga onartzea eskatu du EAJk, diktadura garaian dokumentuak sortu eta gordetzea eragozten zuen egoera gatazkatsua zela argudiatuz. Horregatik, alokairuan zeuden lokalak justifikatzeko «deabruzko baldintza guztiak» ezabatzeko eskatu du EAJk. Era berean, azpimarratu du Gerra Zibilean utzitako egoitza horien eskuduntzaren gaineko aktak ez zirela galdu eta jabeek inolako agiririk gabe berreskuratu zutela eraikinaren jabegoa.

Bestalde, CIUk zuzenketa bat aurkeztu du, alderdiek dagozkien kalte-ordainen %30eko aurrerapena jaso dezaten, beti ere, hori frogatzen duen datuak baleude. Sozialistek, ordea, CIUren erreforma proposamena zuzendu nahi dute.

PPk, bere aldetik, ez du nahi 1998ko legea ukitzerik, eta bere zuzenketen bidez sartu nahi diren aldaketa guztiak ezabatzea proposatzen du, 1998ko legea erreformatzea edo zabaltzea ez dela bidezkoa argudiatuz.

(Berria. 07-11-06)