Emozioak gaindituta. Hala sentitu ziren atzo Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolaturiko ekitaldian parte hartu zuten herritarrak. Izan ere, denbora asko eman dute Gasteizko "Bake Kaleko" kartzelatik pasatu ziren herritarrek eta frankismoaren kontra borrokatu ziren Arabako bizilagunek merezitako omenaldiaren zain.
Atzo oroitzapenerako eguna izan zen askorentzat, baita «errepresaliatu politikorik gabeko egun askea» aldarrikatzeko eguna ere. 12:30ean zuten elkartzeko ordua, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak deituta, Gasteizko "Ospitale Plazan"; hain zuzen, antzinako "La Paz" espetxearen aldamenean. Duela 70 urte Azazeta mendatean fusilatu zituzten 16 lagun omendu nahi zituzten, baita frankismo garaian La Paz espetxean egon ziren gasteiztar guztiak ere. Ehunka izan zirela nabarmendu zuen elkarteko bozeramaile Lander Garciak.
«Gasteizko eta Arabako familia ugarik jasan zuten sufrimendu ezkutua gogorarazi nahi dugu. Frankistek fusilatu, erail, desagertu eta kartzelatu zituztenen memoria berreskuratu behar dugu, etorkizun hobea eraikitzeko», azaldu zuen Garciak. Gainera, frankismoari buruzko errebisionismoa salatu zuen. Hala, gogorarazi zuen Arabako ahaldun nagusi Ramon Rabanerak ezezkoa esan ziola frankistek hildako gasteiztarren omenez oroigarria jartzeko eskaerari . «Nazkagarria da 36ko gerran alde biak asmo txarrik gabe joan zirela esatea, eta oroigarriak hildako guztiak omendu behar dituela esatea ere bai. Hiltzaileak eta erailak egon dira hemen», zehaztu zuen Garciak.
Ahaztuak elkarteko kideak hitz egin ostean, Azazetan fusilatutakoen senitartekoei zein "La Paz" espetxean kartzelatutako herritarrei bertsoak eta aurreskua eskaini zizkieten. Haien izenean hitza hartu zuen Pakita Goikoetxeak, 1969. urtean "La Paz" espetxean egon zen gasteiztarrak. Hunkituta eta malko artean hitz egin zuen. Espetxeko bakardadea gogorarazi zuen Goikoetxeak, eta espetxe funtzionarioen lana betetzen zuten moja oblatuen krudelkeria. «Sor Agustina izeneko moja bat gogoratzen dut; soinean beti borra bat zeraman, eta erabiltzeko zalantzarik ez zuen izaten». Halaber, kartzelan inolako jarduerarik ez zegoela azaldu zuen, eta une atsegingarri bakarra Bilboko Gorte kalean atxilotutako prostituten furgoia iristen zenean izaten zutela: «Haiekin hitz egiteko aukera izaten baikenuen».
Igarotako egun latz haietatik, baina, harekin batera kartzelatu zituzten zazpi emakumeen adiskidetasuna nabarmendu nahi izan zuen Goikoetxeak, eta borrokatzen jarraitzeko grina. «Frankismoko preso politikoa naiz, baina Francoren heriotzarekin eta trantsizioarekin konformatu ziren horiekin ez dut zerikusirik. Nire borroka, lehen eta orain, euskararen aldeko borroka da, gure kulturaren aldekoa, eta Euskal Herriaren independentziaren aldekoa».
(Berria. 07 / 04 / 1)