Marcelo Alvarez, Manu Sainz, Kepa Bereziartua, J. Ramon Garai eta Gotzon Garmendia ("Lau Haizetara" Koordinakundeko kideak)
1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Bigarren Errepublika. Eta, gaur, haren aldarrikapenaren urteurrena betetzen dugularik, lehenik eta behin gogorarazi nahi dugu bakean eta bake borondatez sortu zela. Espainiaren historian lehenbizikoz -eta behin bakarrik-, herriaren borondatearen emaitza gisa sortu zen sistema politiko hura; Bigarren Errepublika ez baitzen izan ezein gerraren ondorengo, ez eta ordu hartan jardunean ziharduen jeneralaren erabaki ere. Demokraziaren ospakizun benetakoan murgildurik, herritarrek kaleak hartu zituzten beren hiriburu, herri, eta hirietan -handi zein txikietan-... Eibarren, esate baterako.
Errepublika -bere arrazoi, hutsegite eta kontraesanekin, eragin zituen gizarte gatazkekin eta abiarazi zuen gizarte partaidetzarekin- askoz hobea izan zen haren aurreko sistema eta harekin amaitu zuen faxismo basatia baino. Errepublika gogorarazteko eskatzen dugunok ez dugu hura idealizatzen, bai baitakigu ez zela izan sistema bikaina edo ezin hobea. Baina haren alde onak eta txarrak balantza batean jartzen direnean, demokraziarantz gehiago jotzen dute, eta, demokraziaren ildotik aiseago bideratu daiteke justizia. Bigarren Errepublika garaian milaka lagunek izan zuten aukera, beren bizitzan lehenbizikoz, film edo antzezlan bat ikusteko, kontzertu bat entzuteko edo liburu bat esku artean izateko. Iraun zuen artean, besteak beste: aurrerapauso handiak eman ziren gizon-emakumeen arteko berdintasunerantz, eta bozkatzeko eskubidea benetan unibertsal bilakatu zen; ezkontza zibilerako eta dibortziorako aukera ematen zuten legeak onartu ziren; aurrera egin zen Euskadiren eta Kataluniaren eskaerak onartuak izateko bidean; Elizaren eta armadaren gehiegizko boterea mugatzen saiatu ziren; lan legeria berria ezarri zen... Mota guztietako ideiak eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoak onartu, errespetatu eta legeztatu ziren; gaur egun oraindik ere Euskal Herriko kaleetan eskatu ohi ditugun horiek berak.
Horregatik guztiagatik, Errepublika itxaropen aldi bat izan zen batik bat; milioika gizon eta emakume herritar bihurtu ziren aldia, bizitza publikoan lehendabizikoz parte hartzen zutenekoa. Horrexegatik, hain zuzen ere, 1936an estatu kolpearen aldeko militarrek ez zuten agindupeko jende pasibo otzanarekin topo egin, botereaz indarrez jabetu eta Errepublikaren oinarri zen erabakitzeko eskubidea ahalgabetzen saiatu zirenean; aitzitik, herri erresistentzia sendoa aurkitu zuten, eta hari gain hartzeko odolez zipriztindu behar izan zituzten herri eta bide bazterrak, eta presoz bete kartzelak eta kontzentrazio esparruak, eta Europako gainerako indar faxisten eta haien gerra makinen laguntza eskatu behar izan zuten.
Gero, erailez sortu eta hil zen diktadura baten pean berrogei urte eman ondoren, trantsizioa etorri zen, eta hark monarkia berri bati bide eman zion. Monarkiarekin, berriz, kolpe faxistaren eta diktaduraren beste irakurketa bat onartu behar izan zuten demokrata zeritzenek: zeinak, batetik, parekatu egiten baitzituen herri borondatearen aldeztaileak, errepublikaren legezkotasunaren aldekoak eta matxinatuak; eta, bestetik, «bi bandokoei» erdi bana egozten baitzien errua. Halaber, justiziari uko egin behar izan zioten, indar politikoen interesen izenean. Eta, ororen gainetik, beldurra zebilkien hegaldaka: berriro atzera egiteari beldurra, trantsizioak berekin zekarren «zerbait aldatzea, denak berdin-berdin jarrai dezan» aldarria kudeatzen zutenek bultzaturikoa sarritan; ezpata-hotsei beldurra, sektore horien edo botere faktiko deiturikoen -nahiz eta hain errealak izan orain eta beti- arma politikoetako bat baitziren artean ere, Errepublikak haiek behin betiko baztertzeko saioa egin eta gero.
Hurrengo, eta azken urteotan, hainbat neurri abiarazi dituzte erakundeek, diktaduraren biktimak «aintzat hartzearren». Kasurik gehienetan, neurri horiek eratu eta kudeatu dituzten politikariek, batetik, praktikan baliozkotzat jotzen dute lehengo erregimenaren legeria; eta, bestetik, interes handiagoa ageri dute hurbileko hauteskunderen bateko kanpainan edo -are- prentsan berehala argitaratzekoa den tituluan, benetako justizia onartu edo praktikatzen baino areago. Lehenaren adierazgarri garbia da PSOEren gobernuak abian jarritako Oroimen Historikoaren Legea delakoarekin zerikusia duen guztia; auzitegi frankistek emandako epaiek egun oraindik indarrean dirautela ahazteke. Bigarrenaren adibide dira, bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2002tik aurrera abian jarritako aintzatespen neurriak. Aintzatespen horren alde ekonomikoari dagokion kudeaketa negargarria izan da, oso. Eta, biktimen aldeko omenaldietan, bigarren mailara zokoratuta geratu dira biktimak berak; «politikarien argazki» bilakatu izan dira beti, euskal klase politikoaren marketin kanpainetako beste osagai bat izango balira bezala.
Eta, horren guztiaren erdian, gu, honako idazki hau sinatzen dugun talde eta elkarteetako kide eta Lau Haizetara koordinakundeko partaide ere bagaren guztiok gaude; biktima horiekin bat eginda baikaude, odolez zein aburuz. Biktimekin bat egiten dugu, erabat gaitzesten dugulako haiek nolabait erabili edo hutsaren hurrengo bilakatu nahi izatea eta haien eskubideak interes politikoen mende jartzea. Bat-egite horretatik gogora ekarri nahi dugu gaur Bigarren Errepublika, haren benetako izaera aldarrikatzen baitugu: herri borondatea. Errepublikazaletzat dugu geure burua, ez dugulako agindupeko izan nahi, ez dugulako nahi guri dagozkigun erabakiak gu aintzakotzat hartu gabe har ditzaten, eta ez dugulako nahi geuk erabaki gabeko ebazpenik ezar diezaguten. Errepublikazaleak gara, geuk erabaki nahi ditugulako geure bizimoduari eta taldeko bizitzari dagozkien kontu guztiak, herri nahiz pertsona gisa dagozkigunak, askatasun osoz erabaki ere, geure erabakia muga edo mehatxa dezakeen inolako ezartze bortxazkorik gabe.
Halakoxeak gara. Eta halakoxeak izaten jarraitu nahi dugu. Eta horixe lau haizeetara aldarrikatzeko eta aldezteko, bihar ere Eibarko Unzaga plazan bilduko gara 13:00etan. Zain izango gaituzue.
Gora Errepublika! Gora Euskal Herria! Gora herri borondatea!
(Erredakzioan itzulia)