martes, diciembre 05, 2006

EAE-ANVko KOMUNIKATUA. ARITXULEGIKO OROITARRIA ERASOTUTA


Duela hamar egun EAE-ANV alderdiak hirugarren aldiz Oroitarri bat ezarri zuen Oiartzungo Aritxulegi parajean. Oroitarri honetan 1936ko gerlan faxistek bertan hildako Ezker Abertzaleko eta EAE-ANVko aurreneko gudariaren izena gogoratzen da, Txato Olabarri, eta aldi berean EAE-ANVko zein ezker abertzaleko borrokan hildako militante guztiak gogoratzen dira.
Oroitarria larunbatean inauguratu zen Aritxulegin bertan. EAE-ANVko eta ezker abertzaleko gainontzeko erakundeen ordezkaritza batek ekitaldi xume baina hunkigarria burutu zuten txalapartaren, albokaren eta txistuaren soinuaz.
Hitzaldi politikoetan, egungo egoera politikoaz gain, oroimen historikoa gordetzeko halako monumentu eta ekitaldien garrantziaz hitz egin zuten Joseba Permachek eta EAE-ANVko idazkari nagusiak (Antxon Gomez) zein lehendakariak (Kepa Bereziartua).
Hirugarren oroitarri honek aurreneko beste bien lekua hartu du. Bi oroitarri horiek suntsituak eta haien hondakinak lapurtuta izan baitziren bi urtetako epe laburrean. Lekukoen arabera “inkontrolatu uniformatuek” burutu zuten “balentria”.
Larria da 1936ko gerlan eta gerla eta gero EAE-ANVko 550 hildako militanteen oroimena halaxe erasotzea, baita hildako ezker abertzaleko militante guztiena bide batez. Frankismoaren inguruko oroimen historikoa zaindu beharraz hainbeste hitz egiten den honetan, eskandalagarria da gudarien aldeko halako oroitarria inpunitate osoz apurtzea.
Oroitarri berriaren aurkako lehendabiziko erasoa ordea ez da asko luzatu ere denboran.
Larunbatean bertan oroitarria zintzala batekin kolpatuta eta guztiz arraspatuta azaldu zen, bertan “Viva España” eta “Hijos de Puta” irainak nabari zirela.
EAE-ANVtik argi dugu halako eraso bat beste motako biktimen aurkako oroitarri baten aurka burutu eta gero, hedabide askoren eta alderdi politiko gehienen gaitzespen publiko sutsuak ikusiko genituela azkar asko, baina gure alderdiaren eta ezker abertzalearen biktimen aldeko oroitarria izanik, isiltasun lotsagarri bat besterik ez dugu espero.
EAE-ANV-k berriro adierazi nahi du erasotutako oroitarria konponduko dugula, eta berriro suntsitzen baldin badute, berriro ere ezarriko dugula bere lekuan, zeren eta ez dugu onartuko faxistek hildako gure gudari eta militanteen oroimena ezabatzea.
EAE-ANV-ANBko prentsa bulegoa.


Euskal Herria, 2006ko abenduaren 4a.