Urrundu ahala, ikuspuntua zabaltzen da. Hori gertatzen ari da azken hamarkadetan Euskal Herriko historia garaikidearen pasarte beltzenetako batekin: 1936ko gerra eta Francoren diktadura. Ikuspegia leku askotatik zabaldu da: politikatik, gizartetik, justiziatik... Baita historiografia aldetik ere. Azken hilabetean, Javier Gomez Calvo eta Virginia Lopez de Maturana historialariek garai hori ikertu dute, baita liburu bana argitaratu ere. Araba hartu du ikerketa eremutzat lehenak, eta Gasteizko politikaren bilakaera bigarrenak.
Gomez Calvok frankismoaren errepresioa hiru ataletan banatu du liburuan, eta horrek eman dio izena liburuari: Matar, purgar, sanar. La represión franquista en Álava (Hil, purgatu, sendatu. Errepresio frankista Araban). Azaldu du atal bakoitza eta aditz bakoitza errepresioaren bilakaeraren aro bati dagokiola.
Mola jeneralak sustatutako izaera suntsitzailean oinarrituta izendatu du Gomez Calvok lehen atala; «beroan» egindako errepresioa, lehen hilabeteetako «terrorea». Uztailetik abendura artekoa izan zen, Araban 1937ko martxoaren 31n luzapen odoltsua izan zuen arren. Egileak zehaztu du Araban beste lekuetan baino lagun gutxiago hil zituztela kolpearen osteko hilabeteetan.
«Araban pertsona gutxiago hil bazituzten, ez zen izan arabar gehienak frankisten aldekoak zirelako». Ordea, Nafarroan, Errioxan edota Burgosen eskuinak babes bertsua edo handiagoa zuen, eta errepresio bortitza jasan zuten. Araban beste mekanismo batzuk gertatu ziren.
Alde batetik, estatu kolpearen aurreko gatazka politikoa ez zen bereziki handia izan, Gomez Calvok azaldu duenez: «Diktaduratik demokraziara igaro ziren errepublikaren eskutik, baina Araban ez zen gatazka politiko handirik gertatu». Errepublikaren urteetan izandako gatazka politikoak bost hildako eragin zituen, inguruko lekuetan baino gutxiago.
1936ko uztailaren 18tik 1937ko irailaren 1era arte, 153 pertsona hil zituzten; Arabako biztanleriaren %0,14. Hilketa gehienak Gasteizko eskualdean gertatu ziren; 61, guztira. Ordea, Arabako Errioxan, Langraiz Okan eta Añanan pisu handiagoa izan zuen hasierako errepresioak. Herritarren artean haustura handia zegoen leku horietan.
Gomez Calvok datu argigarri bat eman du hilketen banaketa hori argitzeko: eskualdearen araberako militanteen banaketa. Arabako Errioxan, sozialistek eta anarkistek beste leku batzuetan baino pisu handiagoa zuten: sozialistek Guardian eta Eltziegon, eta anarkistek Bastidan. Historialariak uste du Añanako kasuan hilketak «mendeku pertsonalaren» ondorioz gertatu zirela. «Añanan hildako herritarrak ez zeudelako politikoki markatuak», azaldu du.
Azazetako mugarria
Bestetik, aurrera begirako errepresioan eragina izango zuen mugarri bat gertatu zen 1937ko martxoaren 31n. Gomez Calvok azaldutakoaren arabera, Mola jeneralak, Bizkaian azken erasoa hasi aurretik, keinu bat egiteko eskatu zuen: atzeguardia «desinfektatu» behar zuen, eta estatu kolpea eman zutenen aurka egitearen ondorioez ohartarazi.
Agindu hura bete zuen Joaquin Pelegri Perezek, orduko Ordenu Publikoaren ordezkariak. Errekete pelotoi bat Bakea kaleko espetxera bidali zuen, hamasei preso jakin askatzeko agindua sinatuta. Haien artean zeuden estatu kolpearen alde egin ez zuten alderdi politikoetako zein sindikatuetako ordezkariak, Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea barne. Azazetako mendatera eraman zituzten, hil, eta han lurperatu.
Gomez Calvok argitu du ohikoa zela kasu horietan hilketak etetea. Hala gertatu zen Gasteizen eta Arabako herri batzuetan. Ordea, Gasteizko kasuan, historialariak ezohikotzat jo ditu estatu kolpearen ondorioz sortutako agintariek militar matxinatuekin izan zituzten «etengabeko tirabirak».
Errepresio ahaztuagoa
«Beroan» egindako errepresioa igaro ostean, «purgatzeari» ekin zioten diktaturako agintariek. Errepresioa bereziki gogorra izan zen Araban, Gomez Calvok azaldutakoaren arabera. «Ez da errepresio txikiagoa; bai, ordea, ahaztuagoa». Espetxe zigorrak, isunak, erbesteratuak, «arazketak» lanpostu publikoetan… Ordurako, agintari errepublikano, sozialista eta anarkistak hilak edo espetxeratuak zituzten. Hortik aurrera, gainerakoek beste modu batean ordaindu zuten.
Arabako arerio politiko askok lurrak zituzten herrietan, dirutza txikiak... Eta haiei ezarritako zigorrak ekonomikoak izan ziren. EAJko kideen aurka, oro har, ez zituzten zigor fisikoak ezarri, ekonomikoak baizik. Alderdi jeltzalea nagusi zen Araban, eta, oro har, gaitasun ekonomiko handia zuen. Horren ondorioz, errepresio ekonomikoa bereziki handia izan zen Araban.
1.100 espediente baino gehiago ireki zituzten, eta zortziehun kasutan zigor ekonomikoak jarri zituzten. «Batzuek orduko milioi bat pezetako isunak ere jaso zituzten, milioi erdikoak...», gogorarazi du Gomez Calvok. Neurri batean, Arabako leku gehienetan logika hori errepikatu zen: odolarekin ordaindu ez zutenek diruarekin ordaindu zuten, eta alderantziz.
Irakasleak izan ziren errepresioa gehien jasan zuten langileak, nahiz eta, aurreko kasuetan bezala, inguruko eskualdeetan baino eragin txikiagoa izan zuen. Ehun irakasletik hamazazpi zigortu zituzten. Jeltzaleengan eragin txikia izan zuen, neurri handian ez zutelako erlijioa emateko eragozpenik —irakasle errepublikano eta sozialistekin ez bezala—. Guztira, 25 irakasleri debekatu zieten ogibide horretan jarraitzea; 33 irakasleri denbora batez lan egiteko baimena kendu zieten; 23 Arabatik kanpora eraman zituzten, eta lau eskolaz aldatu zituzten.
Zigorrak beste lanpostu publikoetara zabaldu ziren: udal langileetara, aldundikoetara, posta zerbitzukoetara... Guztira, ia berrehun langileren aurkako neurriak hartu zituzten.
Prozesu «konplexua»
«Aurrekoa gertatzen den bitartean, zauri horiek sendatzen hasten dira, modu isilean, eta zeharkako testigantza batzuek agerian uzten dute elkarbizitza posible dela». Prozesu hori «oso konplexua» dela nabarmendu du Gomez Calvok. Alde batetik, dokumentu arrasto txikia uzten du, baita lekukotasun gutxien ere.
Sendatzearen ideia ulertzeko, historialariak Francoren diktaduraren iraupena baliatu du doktore tesian. Faxismoak eta nazismoak ez bezala, iraupen luzea izan zuen erregimen hark. Berrogei urte izan ziren, eta azaldu du horren epe luzean etapa asko egon ohi direla. «Sendatzea oso prozesu geldoa izan zen, baina, 1936ko gerran haustura handirik egon ez zen lekuetan, errazago gertatu zen».
Gasteizen ez zen haustura handirik gertatu, ezta Arabako hainbat lekutan ere. Javier Gomez Calvo eta Virginia Lopez de Maturana historialariek, neurri handian, nortasun ezaugarri bati egotzi diote hori. La reinvención de una ciudad. Poder y política simbólica en Vitoria durante el franquismo (1936-1975) liburua aurkeztu berri du Lopez de Maturanak (Hiri baten berregitea. Boterea eta politika sinbolikoa Gasteizen, frankismo garaian), eta, Gomez Calvok egin bezala, vitorianismoa aipatu du elementu garrantzitsu gisa.
Bi historialariek argudiatu dute vitorianismoak errepresioaren zati handi bat arindu zuela. Ezaugarri horrek zenbait balio biltzen zituen, Gomez Calvok azaldu duenez: harmonia, bizikidetza baketsua, harreman horizontalak... 1940ko hamarkadaren hasieran, ezaugarri horrek behera egin zuen. Hain zuzen ere, 1941. urtean lehen falangistak heldu ziren Gasteizko Udalera. Heldu eta berehala, zenbait neurri hartu zituzten, baina sustraitu gabe.
Lopez de Maturanak «sendatzeko» balio izan zuen vitorianismoaren zenbait adibide eman ditu. Rafael Santaolalla alkate izendatu zuten estatu kolpearen ostean. Diskurtsoetan Francoren irudia eta Espainiako bandera goratu zituen, baina, aldi berean, aurreko alkate Tomas Alfarori —errepublikanoa— aukera eman zion bere langile ohiak agurtzeko. Eskua emanda agurtu zuen, eta «kudeaketa administratibo ona eta zintzoa» egin izana aitortu zion. Are gehiago: 1937ko martxoaren 31ko Azazetako hilketak jaso zituen kritiken ondorioz, uko egin zion Mola jeneralaren izena jartzeari kale bati .
Bestetik, Gomez Calvok gogorarazi du ANVko nazionalista asko Arabako patronalaren erdian egon zirela 1950eko hamarkadan, hiria hazkunde ekonomikoa izaten hasi zenean. «Nola uler daiteke hori, lekuko kulturaren eraginagatik ez bada?». Lopez de Maturanak azaldu du tokian tokiko kultura eta frankismoa elkarrekin bizi izan zirela urteetan.
Luis Ibarra alkateak zenbait kale izendatu zituen 1960ko hamarkada hasieran: bat, Dibisio Urdinaren izenean; beste bat, Amadeo Garcia de Salazarren izenean. Dibisio Urdina Hitlerren aginduetara borrokatu zen, Francok Alemaniara bidalita. Amadeo Garcia de Salazar gasteiztarra zen, ANVren sortzaileetako bat, baita Alaves futbol taldea eratzeko sustatzailea ere, eta Espainiako futbol selekzioaren hautatzaile ere izandakoa. «Oposizioko alderdi bateko kidea zen, baita gasteiztar famatua ere, eta horrek pisu handiagoa zuen».
Adibideak ez dira falta sektore guztietan. Luis Dorao La Libertad egunkari liberaleko zuzendaria zen, errepublikaren aldekoa. Errepresioa jasan zuen horregatik. Ordea, hil zenean, miñoiek eta udaltzainek sorbaldetan eraman zuten haren gorpua, eta, hiletara, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta gobernadore zibila joan ziren, besteak beste. Liberala eta ezkertiarra zen, baita gasteiztar ospetsua ere.
Vitorianismoa ulertzeko beste osagaietako bat familien arteko loturak dira, Gomez Calvoren arabera. Ezaugarri hori azaltzeko, Martinez de Aragon familia erabili du adibide gisa. Familia horretako kide batzuk diputatu nagusiak izanak ziren XVIII. eta XIX. mendean, baita errepublikako fiskal nagusi ere. Ordea, kideetako bat Arturo Tabarren alabarekin ezkondu zen. Kontserbadorea zen Tabar, Alfredo Marco Tabarren aitona —CDS eta UCDren sortzaileetako bat, eta PPko militantea—.
Aldundiaren omenaldia
Gomez Calvok azaldu du Martinez de Aragon familiari errepresioaren gordintasuna egokitu zitzaiola. Gabriel, aipatu familiako kideetako bat, 1936ko irailean tiroz hil zuen karlista batek. Ordea, 1963an, Martinez de Aragon familiak akordio bat lortu zuen Manuel Aranegi Arabako Aldundiko presidentearekin: Mendoza herriko dorrea uztearen truke, diputazioak urtero meza bat ordainduko zuen familia horren omenez, non eta San Vicentejon, Trebiñun. Ordutik, Arabako Aldundiak urtero egin du meza hori, hutsik gabe.
Gomez Calvok nabarmendu duenez, irabazle eta galtzaileen politika egon arren, vitorianismoaren eskutik heldutako keinu haiek guztiek prozesua erraztu zuten Araban. «Hemen ezin zen gauza askori buruz hitz egin, baina ez zen izan Extremadurako egoerarik; leku horietan, Franco hil arte hamaika pertsona ez ziren ezkutalekutik atera».
Prozesu mantsoa izan zela nabarmendu du, gerora trantsizioarekin bukatu zena. Izan ere, haren ustez, trantsizioa ez zen hasi Adolfo Suarezekin. Hamarkada batzuk lehenago, elite politiko batzuk ildo horretan lan egiten hasi ziren Araban, bigarren lerroan. «Historiak azalpen orokorrak bilatu behar ditu, baina orokorkeriekin kontu izan behar dugu».
(Berria.2014-07-02 / Jon Rejado)